Maiatzaren 21ean, igandean, izango da Amurrioko XIX. Txakolin eguna. Festa bidez dastatuko dute 2016ko txakolina. 12:00etan irekiko dute azoka. Lehenago, ordea, Vanesa Sanchez Goñi ETBko kazetaria omenduko dute udaletxean, Arabako Txakolinaren Enbaxadore Saria emanda. Toki aldaketa izango da berrikuntza nagusiena, Guk eskulturaren inguruan kokatuko baita postu oro.
Aurten ere ez da faltako jan eta edana, postuak jarriko baitituzte Arabako Txakolin Izendapena duten upategiek, Aiarakoak baitira guztiak. Horrez gain, pintxoak dastatzeko parada egongo da, Eusko Labeldun baserriko oilaskoa, hanburgesak, txerri-saiheskia, txitxi-burruntziak eta odolostea, besteak beste. Arabako patata landuak ere izango du bere gunea, baita Txustarra barrengorriak eta Amurrioko txistorrak ere. Ohi bezala, Txakolin Eguneko txartelen bidez kudeatuko da postuetako eskaintza.
IV. Garrafa Lehiaketa
Ezaguna da garrafa prestatzeko joera Aiaraldean. Orozkon ez ezik, gainontzeko herrietan ere prestatzen dute. Hori dela eta, Arabako Txakolina osagaitzat hartuta, jai-esparruan lehiatuko dira edariaren zaleak.
Txapelketaren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Arduradunek azaldu dutenez, doakoa da parte hartzea, baina maitzaren 16a baino lehen eman behar da izena. Horretarako hiru aukera daude: turismo@amurriobidean.org helbidera mezua bidaltzea, eta 9458941721 telefonora deitzea edo 945393786 fax-zenbakia baliatzea. Izan ere, antolakuntzak parte-hartzaileen esku jarriko ditu beharrezko osagaiak: izotza, ura, azukrea, brandya, limoia, gatza eta Arabako Txakolina. Hortaz, azokara hurbiltzen direnek prozesua bertatik bertara ezagutzeko parada izango dute. 13:00etan egingo da garrafen aurkezpena, eta orduan ekingo diete epaimahaikideek edaria baloratzeari.
Bestalde, txakolinaz gain, eguerdia bitarte artisauen erakusketa eta salmenta jasoko du San Anton baselizaren inguruak.
Musika emanaldiak
Guk eskulturaren ingurutik harago, girotze lanetan ariko dira, besteak beste, Urduñako Santa Zezilia fanfarreako kideak.
Dena den, ez da izango protagonista bakarra; Amurrioko Musika Eskolako “Banda Txikiak” kontzertua eskainiko baitu Eltziegoko Musika Eskolako “Jesus Gantxegi” taldearekin batera 12:30ean. Horren ondoren, bertako musika eskolako Konbo taldeak hauspotuko du festa. Eguna borobiltzeko 15:30etik 17:30era erromeriak alaituko ditu parkeko bazterrak. Eguraldia ez, baina giro ederra ziurtatua dago, beraz.