Euskararen normalizazioa Aiaraldean

[HAMAR URTEKO ANALISIA] Pauso kualitatibo handiak eman dira

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urt. 4a, 06:00

Amurrion eginiko "Euskararen errota" ekimenaren irudi bat. / Aiaraldea.eus

Pauso esanguratsuak eman dira amaitzear dagoen hamarkada honetan Aiaraldea euskaraduna lortzera bidean. 2016an jazo zen inflexio puntua, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren eraketarekin. Ordutik hona ekimen jendetsu ugari egon dira, baina sukalde lana albo batera utzi gabe.

Pauso kualitatibo ugari eman dira amaitzear dagoen hamarkadan Aiaraldean euskararen normalizazioari dagokionez. Artziniegako Euskararen Egunak, Laudioko Euskararen Jaia, Amurrioko Euskaraz Bizi Nahi Dut Eguna... Ekimen andana egiten da urtero eskualdean Euskararen Normalizazioa sustatzeko. Berbalagun eta Gurasolagun taldeak ere eratu dira hainbat herritan, hizkuntza inguru informaletan ere sustatzeko.

Horrez gain, duela hamar urte eratu zen Oxigenoa Euskarari ekimena, mendizaletasuna eta euskara uztartzea helburu. Urruti heldu da ekimena, Himalayara, hain zuzen. Berriki estreinatu da Oxigenoa euskarari 6.000 metroan ere, Euskal Herriko hainbat gazte euskaldunek (eskualdeko hiru tartean) sherpa herriarekin bizitako abenturak kontatzen dituen dokumentala

Euskararen aldeko ekimen jendetsuak ere ez dira falta izan. Ikastolen aldeko Araba Euskaraz jaiak bi edizio izan ditu Aiaraldean, Laudion 2011n eta Amurrion bi urte beranduago. Horrez gain, Korrikaren bost edizio igaro dira eskualdetik 2010etik hona.

 

2016an inflexio puntua eman zen eskualdeko euskalgintzaren ibilbidean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua sortuta

 

Inflexio puntua
Horrelako ekimenek badute euren garrantzia, euskara hauspotzeko balio baitute, indarrak hartu eta normalizazioaren aldeko bidean aurrera jarraitzeko. Hala ere, beharrezkoak dira bestelako pauso batzuk ere, egun eta ekintza puntualetatik harago doazenak.

2016ko otsailean aurkeztu zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, sukalde lan handia egin ondoren. Eskualdeko 42 eragilek bultzatu zuten ekimena. Erakunde horren jaiotza inflexio puntutzat hartu daiteke Aiaraldeko euskalgintzaren garapenean. Emandako pausoaren garrantzia ezin hobeto islatua agertu zen handik hilabete batzuetara (urte hartako abenduaren 3an, hain zuzen) Amurrion eginiko “Euskararen errota” ekimenean. Juan Urrutia plaza bete zuten ehunka lagunek, ordura arte eskualdeak inoiz ikusitako Euskararen Nazioarteko Egunik jendetsuenean.
2017an, aldiz, “Armairutik ateratzeko” kanpaina arrakastatsua burutu zuen kontseiluak eskualde osoan. 4.500 bizilagun batu ziren astebetez euskaraz bizitzeko erronkara. Urduñan eman zioten amaiera kanpaiari, beste ekitaldi jendetsu batekin.

Ekimen horrek beroketa gisa balio izan zuen hurrengo urtean -iaz- burutu zen Euskaraldiari begira. Arrakasta nabarmena izan zuen ekimen horrek Euskal Herrian, eta Aiaraldea ez zen salbuespena izan. Milaka lagunek hartu zuten “Ahobizi” edo “Belarriprest” rolean aritzeko konpromisoa. Ariketa hori baliagarria izan zen hainbat bizilagunek euren artean zituzten hizkuntza ohiturak, apur bat bada ere, iraultzeko.

 

Sukalde lanean murgilduta dago berriz Aiaraldeko euskalgintza, datorren urteko Euskaraldia antolatzeko, besteak beste



"Bai we can't"
Euskaraldia igarota, instituzio publikoei begira jarri zen Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua. Hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoak eskatzea ordezkari politikoei, hori izan ze kontseiluak bere buruari jarri zion erronka. "Ez we can't" kanpaina jarri zuen martxan horretarako udaberrian. Arrakasta handia izan zuen ekimenak, eskualdeko 25 talde politiko animatu baitziren euskararen aldeko konpromisoak hartzera.

Aurrera begira
Orozkon ospatu da aurtengo euskararen eguna. Ez da aurrekoak bezain masiboa izan, baina hori ere ez zen helburua, sukalde lanean sartu baita berriz Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua. Batzordeak eratu dituzte herriz herri, arestian aipatutako 25 ordezkari politikoekin, udal hauteskundeen atarian hartu zituzten konpromisoak paperean geratu ez daitezen. Plan estrategikoa ere lantzen ari dira. Hainbat lan-talde sortu dituzte horretarako, eta beste horrenbeste sortzeko asmoa dute.  

Horrez gain, datorren urtean berriz egingo da Euskaraldia ekimena, azaroaren 20tik abenduaren 4ra. 14 egun guztira, iaz baino 4 gehiago. Geroz eta urrats handiagoak, euskaraz biziko den Aiaraldera bidean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide