Bihar ere ez dute lanik egingo Tubacexeko langileek, segurtasun neurriak betetzen ez direlako

Txabi Alvarado Bañares 2020ko mar. 17a, 22:58

Tubacexeko langileak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Tubacex enpresako beharginek gaur ekoizpena gelditu dute eskualdeko faktorietan eta bihar ere uko egingo diote lanpostuetan bertaratzeari.

Tubacexek eskualdean  dituen hiru lantegietako (Laudiokoa, Amurriokoa eta Aceralavakoa) ekoizpena geldituta dago gaur goizetik, eta bihar ere horrela jarraituko dute. Langileek lan egiteari utzi diote, koronabirusari aurre egiteko zehaztutako segurtasun neurriak betetzen ez direlako.

Gaur goizean bildu dira sindikatuetako ordezkariak zuzendaritzarekin, eta honek berretsi die ez duela ekoizpena eteteko asmorik, sindikatuek segurtasun neurriak betetzen ez direla salatu arren. “Hedabide batzuetan azaldu da enpresak enplegua murrizteko espediente bat plazaratu duela, baina ez da egia, ez du ekoizpena murriztu nahi”, adierazi dio Edu Ibernia enpresa komiteko buruak Aiaraldea hedabideari.

“Egiteko gauza garrantzitsuagoak”
Horregatik, lan ikuskaritza abisatzea erabaki dute langileen ordezkariek. “Abisua jaso dutela esan digute, baina ez dakigu dagoeneko zuzendaritzarekin harremanetan jarri diren edo ez”, azaldu du Iberniak, “Ertzaintza ere deitu dugu. Abisua jaso dute, baina esan digute ez direla atestatua egitera bertaratuko, egiteko gauza garrantzitsuagoak dituztelako une hauetan”.

Bihar ere ekoizpena geldituta
Arratsaldean hitz egiten jarraitu dute komiteak eta zuzendaritzak. Ekoizpena datorren astelehenera arte eten eta hitzarmenean zehaztutako egunak baliatzeko proposatu die zuzendaritzak beharginei, baina hauek ez dute hori onartu. Gauzak hala, ekoizpena geldirik mantentzea erabaki dute beharginek eta, ondorioz, bihar ez dute lanik egingo. Iberniak nabarmendu du langileak izan direla ekoizpena gelditzeko erabakia hartu dutenak, ez zuzendaritza. "Zuzendaritzak uste du beharrezko segurtasun neurriak betetzen direla, baina ez da horrela".

Segurtasun neurriak
Atzo langileek hainbat argazki zabaldu zituzten, enpresak jarritako segurtasun neurriak erakusteko:



Antza, enpresako buruek eurek prestatu dute botila barruan dagoen desinfektatzailea. Gaur lanera bertaratu direnean langileek sprai-pote moduko batzuen barruan topatu dute likidoa, baina produktua berdina dela nabarmendu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide