Laudioko Udal Hiltegiaren itxiera

1,5 milioi euroko hiltegi proiektua aurkeztu du SOS Baserriakek, 8 edo 10 lanpostu sortuko lituzkeena

Aitor Aspuru Saez 2022ko mai. 31a, 15:58

SOS Baserriak plataformak sustatuko du hiltegi berria eskualdean./ Aiaraldea

Atzo Aiarako Kuadrillaren batzarraren ostean SOS Baserriakeko kideek memoria aurkeztu zieten udal ordezkariei. Euren asmoa da ekimen pribatuko hiltegia eraikitzea, erakundeen babesarekin. Izan ere, instituzioek eredu hori defendatu dute behin eta berriro eta Laudiok orube bat prest du horretarako. Abeltzainen ideia da fundazioa sortzea azpiegituraren kudeaketarako eta harakinak eta merkatariak ere gonbidatzea egitasmoan parte har dezaten. Itxitako hiltegiaren jardueraren bolumena izan da oinarria proiektua prestatzeko.

Atzo Aiarako Kuadrillaren batzarraren ondoren SOS Baserriak plataformako kideek dokumentua eman zieten udal ordezkariei, Aiaraldean hiltegi berria irekitzeko, alegia. Laudion itxitako azpiegituraren datuak aintzat hartuta, abeltzainek 1,5 milioi euroko proiektua aurkeztu dute.

Aurkeztutakoaren arabera, instalazioek 8 edo 10 lanpostu sortuko lituztekete. "Inbertsioa ez da horren handia, bestelako industrietan diru gehiago behar da lanpostuak sortzeko. Gainera, guk mugatu dugu inbertsioa animalien hilketaren bolumenera moldatuta. Halaber, bakarrik jaso ditugu lanpostu zuzenak, zeharkakoak ere egongo lirateke", adierazi dio plataformak Aiaraldea Komunikabideari.

Berez, aurrekontua ez da zehatza, egikaritze planean finkatu beharko litzateke, baina aurreko hiltegiaren jarduera ardatz izanik; hori da muga.

Kokapena: Laudio

SOS Baserriakek uste du atzo jokoz kanpo harrapatu zituela ordezkari politikoak, ordea, erakundeek esandakoari erantzun dute, euren ustez: "Udalek, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro esan dute prest daudela ekimen pribatuko hiltegia babesteko eta laguntzeko. Are gehiago, Laudioko Udalak ziurtatu zuen bazuela orubea prest horretarako. Atzo Ander Añibarrori galdetu genion eta baieztatu zigun. Hortaz, gure ideia lursail hori baliatzea da".

SOS Baserriak plataformak Laudion prest dagoen orubea erabili nahi du hiltegi berria eraikitzeko. Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak esandakoa betetzea espero dute, egitasmo pribatuko hiltegiaren finantzazioan lagunduta.

Finantzazio publikoa eta pribatua

Kokapena behin zehaztuta, baserritarrak prest daude finantzazioan parte hartzeko, baina erakunde publikoek esandakoa betetzea ere espero dute. "Aiaraldea sozioekonomikoki suspertzeko larrialdi planean 2 milioi euro bideratuko dira hiltegia egiteko eskualdean. Guk ez dugu Urduñan abiatu den proiektuaren lehia izan nahi, baizik eta osagarria. Hortaz, uste dugu aukerak daudela erakundeen laguntzarekin aurrera egiteko" nabarmendu du SOS Baserriakeko kide batek.

Hiltegia, zatiketa gela eta ultraizoztuen lerroa

Berez, proiektatutako azpiegitura berrian hiru zerbitzu emango lituzkete: hiltegia, zatiketa gela eta ultraizoztuen lerro txikia. Instalazio horiekin lehen sektoreari bultzada ematea espero dute abeltzainek.

Plataformaren aburuz, "sinergia berriak pizteko aproposa da. Alde batetik, zatiketa gelak ematen du tartea abeltzainek salmenta zuzena indartzeko, baina akordioak eta hitzarmenak lor daitezke ere harakinekin edota ostalariekin. Bestalde, uste dugu bidea irekitzen duela ikastetxeetako jantokiekin, jantoki publikoekin edota catering enpresekin elkarlanean aritzeko".

Kudeaketa eredua: kontrol publikoa fundazioaren bidez

Plataformak sustatuko duen jarduera eredua fundazioan egongo da oinarrituta: "Fundazioan proiektua sustatu dugunok egongo gara, eta tresna horren bidez ziurtatu nahi dugu bere izaera eta helburua -hau da, eskualdeko abeltzainei zerbitzua ematea- ez aldatzea denborarekin. Lehen sektorean maiz gertatu da ekimen pribatuak hasi direla finantzazio publikoarekin eta diru publikoa bukatzean, proiektua amaitzea. Horretaz nazkatuta gaude, diru publikoaren kontrol publikoa behar da eta gardena izan behar da. Hori da fundazioaren xedea".

Plataformako kideek fundazioa sortu nahi dute hiltegiaren kudeaketa gardena bermatzeko.

Parte-hartzaileei irekirik

Fundazioa ardatza izango bada ere, SOS Baserriakek erakundeek ez ezik, bestelako sektoreek ere -harakinek edota ostalariek- proiektuarekin bat egitea nahi du. Horretarako gutxieneko ekarpen ekonomikoa eskatuko zaie: "100 edo 150 euro".

Aurkezpen publikoa

Plataformak argi dauka zergatik jakinarazi dion proiektua lehenik eta behin Aiarako Kuadrillari: "Arabako Foru Aldundiaren ostean, Kuadrilla da botere zentro handiena eta bere eginkizuna da zerbitzu mankomunatuak bermatzea".

Hala ere, publikoki eman nahi dute egitasmoaren berri eta horretarako Laudion bi aste barru ekitaldia antolatuko dute: "Merkatari, ostalari eta abeltzain elkarteak deituko ditugu, baita Eusko Jaurlaritzako Sailburuordea eta Aldundiko Diputatua".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide