Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Errigorako kanpainak 200.000 euro lortu ditu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzarako

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 15a, 15:48
Kanpainari oihartzuna emateko, Aiaraldea.eus-ek hiru saski zozkatu ditu eta Unai Salabarriak irabazi zuen bat. / Aiaraldea.eus

Errigorako aurtengo kanpainak lekukoa pasa dio Euskaraldiaren III. edizioari. ‘Bat egiteko garaia da’ lelopean, 13.000 saski banatuko dituzte datozen asteotan eta, auzolanari esker, 200.000 euro lortu dituzte Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarako.

Iruñeko Geltoki espazioan egin zuten agerraldia atzo Errigorako eta Euskaltzaleen Topaguneko kideek. Alde batetik, Errigoraren azken kanpainaren datuak eman zituzten eta, bestetik, ostiralean hasiko den Euskaraldian parte hartzeko deia zabaldu zuten.

Errigorako datuei dagokienez, zifra bikainak aipatu zituzten: “200.000 euro gehiago izango dira Lodosa, Tutera eta Bianako ikastoletan, Ager osoko AEK-ren euskaltegietan bekak banatzeko, eskoletan D ereduko lerroak bultzatzeko eta Agerraldia egitasmoaren baitan urte guztirako agenda zabala osatzeko”.

Bat egiteko garaia da izan du goiburu aurtengo kanpainak. Horren bitartez “euskarak lurraldean mugarik ez izateko eta nafar guztiek eskubide berdinak izateko aldarria” hedatu dute.

Urtero legez, auzolana izan da kanpaina osoaren gakoa, bai antolaketan, kudeaketan, biltegiratzean zein banaketan. “Urrian, Ablitas eta Tuteratik Euskal Herriak bat egiteko luzatutako deiak erantzun bikaina izan du beste behin. Euskarari, elikadura burujabetzari eta auzolanari bultzaka darrai Errigorak, txikitik handira, modu praktikoan”, azaldu zuten boluntarioek atzoko agerraldian.

Orotara 13.000 saski banatuko dituzte datozen asteotan. Horietatik, gutxienez 195 banatuko dira Aiaraldean, datu osoen faltan.

Kanpainari oihartzuna emateko, Aiaraldea Komunikabideak hiru saski zozkatu ditu, mota bakoitzeko bana. Uztai Largatxa, Unai Salabarria eta Kepa Zaballa izan dira irabazleak.

Kanpaina batetik bestera

Ostiral honetan bertan, azaroaren 18an, Euskaraldiaren III. edizioa abiatuko da. Iruñeko agerraldian, Euskaltzaleen Topaguneko kideek ekimenean parte hartzeko eta 15 egunetan erronkari eusteko deia luzatu zuten, oraindik ere izena emateko parada dagoela gogoraraztearekin batera. “Mugimendu handia sumatzen da, eta urteek ematen duten esperientzia ere nabari da ariketa azaltzeko eta ulertzeko sakontasunean”, adierazi zuten bozeramaileek.

Besteak beste, ariketak iraun bitartean erronkari eusteko animoak zabaldu zituzten. Era berean, ariketari ikusgarritasuna emateko, Euskaraldiaren banderatxoak jartzeko eta txapa beti soinean eramateko deia luzatu zuten, baita sare sozialetan honen berri emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide