A-3641 hobetzeko lanak 2027ko urte amaieran hasiko dituztela iragarri du Aldundiak

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 18a

Jon Nogalesen bisita gaur Okondon. / AFA

Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak bilerak egin ditu Okondo eta Aiarako alkateekin azaltzeko uztailean egingo dutela proiektua idazteko lizitazioa.

Pasa den asteko istripuaren ondoren eta sinadura bilketa abiatu eta gero, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak Okondo eta Aiara bisitatu ditu gaur. Aldundiko ordezkariak azaldu die udalburuei A-3641 errepidea hobetzeko proiketuaren idazketaren lizitazioa uztailean argitaratuko dutela eta espero dutela lan horien lehen fasea 2027ko amaieran abiatzea.

Berez, Nogalesek aipatu du 2016-2027 aldirako Arabako Errepideen Plan Integralak A-3641 errepidea egokitzeko proiektu integrala jasotzen duela, esku hartzea bi fasetan eginda.

Horrela, ia hamar kilometroko luzera duen trazadura osoa hobetzeko irtenbide tekniko onenak eta gutxi gorabeherako aurrekontua definituko dituzte, proiektua bi etapa desberdinetan egikaritzeko. 

Ia hamar kilometroko luzera duen trazadura osoa hobetzeko irtenbide tekniko onenak eta gutxi gorabeherako aurrekontua definituko dituzte, proiektua bi etapa desberdinetan egikaritzeko.

Nogalesek aurreratu du errepidea zabaltzea dela helburu nagusietako bat. "Esku hartzeak gutxienez 50-60km/h-ko abiadurarako egokituko du trazadura, tartearen arabera, eta hobetu egingo ditu Arespalditzarekin lotzen duen A-3624 errepidearekiko bidegurutzea eta Garateko mendatetik Laudiora iristeko A-3632 errepidearekiko bidegurutzea. Era berean, segurtasun irizpideekin berrantolatuko ditu errepidetik jabetza mugakideetarako eta bideetarako zuzeneko sarbide ugariak", aurreratu du.

Gainera, Zuhatza eta Okondo herriak zeharkatzen dituzten hiri zatietan egokitzapenak egingo dira, abiadura moteltzeko neurriak hartuko dituzten udalerrien hirigintza plangintza kontuan hartuta.

Esku-hartzea udan

Proiektu nagusiarekin batera, hobekuntza ekintza osagarriak egingo dituzte udan, 1,1 kilometro Ibaguengo errepidearen sarreratik, N-624 errepidearekiko bidegurutzearen ondotik, Zuhatzaraino; eta 900 metro Laudiora doan errepidearekiko bidegurutzetik probintziako mugaraino. 

Trafiko astuna

Horrez gain, Nogalesek aipatu die alkateei  A-3641 errepidea erabiltzen duten ibilgailu astunen ikuskapen kontrol berriak egiten ari direla aste honetan, trafiko mota horren ezaugarriak aztertzeko eta trafiko horren balizko muga ebaluatzeko, baldin eta Aiaraldeko inguru horretako enpresen jarduerarekin bateragarria bada.  

Aiarako aldarrikapenak

Aiarako Udalak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari A-3641 errepidearen kasuari begira, ikuspegi propioa dutela eta, bereziki, Zuhatzako herritarren kezkak eta eskaerak plazaratu dituztela bileran:

1. Zuhatzako errepide zatia arriskutsua dela ohartarazteko berariazko seinaleak jartzea.
2. Ingurunearen ezaugarrietara eta oinezkoen eta txirrindularien ohiko presentziara egokitutako abiadura-muga ezartzea.
3. Zuhatza zeharkatzen duen tarte osoan aurreratzeko debekua ezartzea.
4. Tarteetako radarrak edo abiadura kontrolatzeko beste sistema eraginkor batzuk instalatzea baloratzea.
5. Igarotze-trafikorako bide alternatibo gisa A-68 errepidea erabiltzeko neurriak aztertzea, trafiko astunari ordain saria kenduz adibidez, Zuhatzako herrigunetik zirkulatzeko intentsitatea murrizteko.
6. Bidesarien sistema berrikustea, eta Arrankudiagako ordainleku-arkuak kentzea edo, halakorik ezean, trafikoa tokiko errepide horretara desbideratzea saihesteko konponbideak hartzea aztertzea.

Halaber, honako hau ere eskatu dute:

• Auzokoei informazioa ematea, eta errepideari buruz aurreikusitako edozein jarduketa diseinatzeko eta planifikatzeko prozesuan parte hartu ahal izatea.
• Ibaguenen aparkaleku bat sortzea aztertzea.
• Arespalditza eta Ibaguen artean oinezkoentzako ibilbide segurua egitea bultzatzea.
• Errepide ondoko baserrietan obrak eta jarduketak errazteko konponbideak ezartzea, irisgarritasuna eta bide-segurtasuna bermatuz.

Okondoko alkateak positiboki baloratu du erantzuna, baina premia gehiagorekin jokatzea eskatu du

Jon Escuza Okondoko alkateak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio Sailak joan den astean Okondo eta Zuhatza lotzen dituen errepidean izandako istripuaren ondoren egindako bilera-eskaerari azkar erantzuteagatik, bai eta udalerriko bizilagunak aspalditik kezkatzen dituen azpiegitura bati buruz emandako informazioagatik ere.

Dena den, Udalak uste du planteatutako epeak luzeegiak direla oraindik errepidearen egungo egoerarako. Aldundiak helarazitako egutegiaren arabera, proiektua idazteko lizitazioa datorren uztailean egingo da, lanak urtea amaitu baino lehen esleitzeko eta obren lehen fasea 2027aren amaieran lizitatu ahal izateko. Horrela, obrak 2028ko udaberrian hasiko ziren.

Gauzak horrela, tokiko erakundeak eskatu dio Aldundiari ahalik eta gehien arintzeko prozedurak, lanak ahal bezain pronto hasteko, pasa den astean gertatutako istripua aintzat hartuta: "Zorionez, ez genuen kalte pertsonal larririk izan, baina ezin dugu horrelakorik berriro gertatzen utzi. Familia askoren kezkarekin bat gatoz, gure bizilagunen segurtasuna jokoan dagoelako, batez ere bide hori eskolako joan-etorrietarako erabiltzen duten adingabeena".

Zorroztasuna epeetan

Halaber, Jon Escuzak aipatu du Aldundiak prestatutako kronogramari zorroztasunez erreparatuko diotela, epeak betetzen direla ziurtatzeko.

Bileran, Aldundia bide-segurtasuna hobetzeko aztertzen ari den behin-behineko neurri batzuk ere analizatu dituzte, besteak beste, errepideko puntu jakin batzuetan zabalerak sortzea eta pasatzeko lehentasuneko erregulazio berriak ezartzea.

Horrela, alkateak informazio zehatza eskatu du errepidea zabalduko den puntuei buruz. Gainera, Udalak identifikatutako zenbait bide-zatiren berri eman dio foru diputatuari, eta bertan esku hartu behar dela uste du, ibilgailu astunen eta autobusen elkarbizitza segurua errazteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide