Fraileburu, euskal alpinismoaren mugarri

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2016ko eka. 2a, 12:20

Tertangako Fraileburu izeneko harri erraldoiaren tontorra zapaltzea Euskal Herriko mendizaleen ametsa izan zen urte luzez. XX. mendearen hasieran egin ziren gailur horretara igotzeko lehenbiziko saiakerak, harik eta Angel Sopeñak lortu zuen arte, 1924ko martxoaren 16an.

Tertangako Fraileburu izeneko harri erraldoiaren tontorra zapaltzea Euskal Herriko mendizaleen ametsa izan zen urte luzez. XX. mendearen hasieran egin ziren gailur horretara igotzeko lehenbiziko saiakera, harik eta Angel Sopeñak lortu zuen arte, 1924ko martxoaren 16an.

XX. mendearen hastapenetan,  Europa eta Erresuma Batuko ereduei jarraiki, euskal mendizaletasuna antolatzen hasi zen. Euskal Herriko Mendi Federazioaren muina izango ziren mendi eta kirol  elkarteetan, oro har,  mendi jardunaren sozializazioa ahalbidetu zuen horrek; baina baita  kirol jarduna metodikoki gauzatzea ere, helburuak markatu eta programatzeko aukera emanez.

Lehen ondorioetako bat mendi lehiaketak martxan jarri zirela izan zen. Beste urrats bat mendi-txangoak antolatzea izan zen,  Euskal Herriko, Penintsulako  zein Europako mendigune nagusietara txangoak zein espedizioak burutuz, kotxea denen eskuragarri ez zegoen garaietan.
Bidaiek zein kanpotik etorritako korronte berriek, mendizaleen pentsamendua aldatzea ekarri zuten. Aldaketen eskutik  espezializazioa etorri zen, gero eta  helburu zailagoak ezarriz, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere. Eta behin  mendi esanguratsuenak igota, isurialde  malkartsuenen eta  zailenen txanda iritsi zen,  ordura arte igotzea ezinezkotzat jotako gailur eta erpinek mendizalerik ausartenen begiradak eta asmoak erakarriaz.

Aurrekariak
Erronka horien guztien artean, Tertangako zirkuluan  dagoen   Fraileburu izeneko harkaitzezko obeliskoa gailendu zen. Gaztelarako bidearen ondoan egonik, Bilbo-Madril errepidea erabiltzen zuten hiritarrengan sekulako ikusmina sortzen  zuen. Izan ere, inor ez zen ordura arte Tertangako harrizko erraldoira igo. Urduña aldean esaten zen 70 urte lehenago artzain batek igo omen zuela. Baita Basaurin ere, non bertoko mendi taldeko (Baskonia) kide batek eskalatu  ei zuela uste zen. Baina  esamesak  besterik ez, azken finean, dokumentazioa faltan, eta mendizaletasunaren aldetik baieztatu eta ofizializatutakorik ez. Alabaina, esamesek balizko Frailebururen itzala eta ospea zabaltzea besterik ez zuten lortu.

Gauzak horrela, sua pizteko lehen  txinparta Bilboko Kirol Elkarteak (Club Deportivo Bilbao BKE-CDB) zelakoak sortu zuen 1921an,  1923ko Ehunekoen Lehiaketarako Fraileburu eskalatzea proposatu zuenean. Horretako burdinezko egiturez egokitzea aurreikusten zuten, hots,  “via ferrata” moduko bat  eraikitzea. Baina proiektua  ez zen gauzatu eta igotzeko asmoak tarte baterako baztertuta geratu ziren.

Hiru urte beranduago,1924ko otsailean, garra berpiztu zuen Antonio Ferrerek,   mendian eta espeleologian aditutako lehen  euskal kazetaritzat hartua izan denak. Ferrerek, “El Hombre de las Cavernas” izengoitidunak,  Bilboko “Aupa” aldizkarian  artikulu bat idatzi zuen Fraileburu igotzeko balizko aukeren inguruan, eta euskal mendizalerik onenei interpelazio zuzena egin zien. Idazkiak harrizko orratzaren azpira hurbiltzera animatu  zuen BKEko kideez osatutako talde bat, aukera horiek bertatik bertara baieztatzeko asmoz. Behin Tertango zirkuan egonda, argi ikusi zuten:  ez zegoen zurtoin erraldoiaren erpina jotzerik. Baina denak ez zeuden konforme. Frailebururen gaina jotzeko lehia jokoan  zegoen, baita hori lortzen lehena izateko ohorea  ere. Kide horien artean Angel Sopena BKEko laguna zegoen, euskal eskalada eta alpinismoaren pertsonai esanguratsua, dohain aparteko mendizalea izateaz gainera, Euskal Herriko mendi federazioaren sortzaile eta bultzatzaile nagusietakoa.

Sopeña Frailebururen lehen konkistatzailea izan zen. Horregatik, urte batzuetan zehar, haitzak Pico de Sopeña izena hartu zuen. Hala ere, urteen poderioz Fraileburu / Pico del Fraile izan da hedatu den toponimoa, eta Gorbeian dagoen Arrabako aterpeak hartu zuen bilbotarraren izena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide