"Pedagogia eta maitasuna. Bizipozaz hezi” lelopean Aresketa Ikastolak XVI. Hezkuntza Jardunaldi Irekia gauzatuko du urtarrilaren 18tik eta 22ra bitartean. Hitzaldiak 19:00etan izango dira Katekesi Aretoan eta sarrera doakoa izango da.
Lehenengo solasaldia Marta Macho-Stadlerrek gidatuko du; EHUko matematika doktorea da eta zientziarekiko jakin-mina eta grina pizten saiatuko da.
Bigarren hitzaldia ”Umorea, adierazmena eta sormena” Nestor Muzo klown argentinarrak eskainiko du hurrengo egunean, urtarrilaren 19an, hain zuzen ere.
Asteazkenean, urtarrilaren 20an, Violeta Gallego psikologoaren txanda helduko da. Bere hitzaldiak jolasaren garrantzia goraipatuko du, umeek ikasten segi dezaten. “Ez bakarrik hezkuntza arautuan, baita emozioak lantzeko ere”, azaldu dute.
Ostegunean, Jose Maria Toro irakasle eta trebatzaileak hitz egingo du. Aurreratu dutenez Lehen irakaskuntzan aritzeko beharrezkoa den grina berpiztea izango da hizlariaren helburua.
Joaquin Jimenez gorputz-psikoanalistak itxiko du jardunaldia. “Jakintzatik kargugabetzea. Hezitzailearen jarrera etikoa” izango da bere hitzaldiaren izenburua eta elkarrizketaren balioa nabarmenduko du.