Ez duzu inoiz tentaziorik izan txirrindularitzara itzultzeko?
Zaletasun gisa mantentzen dut. Azken urte hauetan hainbat probetan hartu dut parte, mendiko zein errepideko bizikletarekin. Entrenatzen jarraitzen dut. Tarte librea dudanean ibiltzera joaten naiz.
Baina ez zabiltza lehengo maila berean.
Behin baino gehiagotan pasatu zait burutik itzultzeko ideia, baina zaila izango litzateke nire gaur egungo bizitzarekin uztartzea.Bi seme-alaba ditut, eta kiroldegian nago jardun osoz lanean.
"23 urterekin utzi nuen txirrindularitza. Une egokia zen hura marka hobeak lortzen hasteko, baina ez nuen etorkizunik ikusten emakumezkoen txirrindularitzan".
Zazpi urtez egon nintzen mundu horretan sartuta. Jarraitu nezakeen emaitza onak lortzen, baina kirolari gisa hobetzeko atzerrira joan behar nintzen nahitaez.
Hemen, emakumezkoen txirrindularitza planteatuta zegoen moduan, ez neukan etorkizunik. Batzuk eman zuten atzerrira joateko jauzia, baina ez zitzaien oso ondo joan.
Orain pixka bat hobetu da egoera. Badaude taldeak, baina ez dira profesionalak. Badituzte soldatak, baina baxuak. Bizitzeko nahikorik ez, eta dedikazioa osoa da.
IBEF ikasten egon nintzen txirrindulari gisa aritu nintzen azken urteetan. Entrenamendu eta probak azterketekin uztartzen nituen. Ikasketak amaituta, lanean hastea erabaki nuen, aipatu ditudan arrazoiengatik.
Ez zinen inoiz profesional izatera iritsi?
Ez nuen inoiz soldatarik izan. Gurasoek euren poltsikotik ordaindu behar izaten zuten entrenatzeko behar nituen gauzak.
Azken urteetan Madrilgo Macario taldean egon nintzen; eta eurek bai, behar nuen arropa guztia ematen zidaten. Baina hortaz gain mediku prestatzailea nuen, eta hori nire familiak ordaintzen zuen.
Dirua irabazi ordez dirua galtzen zenuten, beraz.
Hori da. 22 urte nituela beka eman zidaten, Europako Sub-23 kategoriako domina lortu nuelako. Hori izan zen nire ibilbide guztian lortu nuen diru-laguntza bakarra.
Atlantako Olinpiadetan egon zinen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso esperientzia polita da. Espainiako hiru onenen artean nengoelako joan nintzen Atlantara. Nik ez nuen nire burua prest ikusten bertan egoteko. Oso gazte sentitzen nintzen, esperientzia gabe.
Beldurrez joan nintzen Joko Olinpikoetara, esperientzia eta konfiantza faltagatik. Espainiako Federazioaren partetik horri begirako trebakuntza jaso behar nuen, baina gure atzean ez zegoen horri erreparatuko zion inor.
Profesionalen artean geunden Atlantan, baina gu ez ginen profesionalak. Txiki sentitzen ginen. Lasterketan katea atera zitzaidan. Ez nuen kolpe handia jaso, baina urduri jarri nintzen eta ez zegoen katea sartzeko modurik. Oso atzean geratu nintzen, eta erretiratzea erabaki nuen.
"Baliabideak ere urriak ziren. Frantziako Tourrera joan ginenean bi auto genituen sei txirrindularirentzako".
Erlojuaren aurkako probak egin behar zirenean bi autorekin ezin zitzaigun seioi jarraipena egin. Orduan, nire aitak megafonia jartzen zuen bere autoaren gainean eta lasterketan sartzen zen, niri eta beste kide bati jarraipena egin ahal izateko. Familia txikia ginen.
Bañueta kiroldegian lan egiten duzu gaur egun. Zertan?
Heziketa fisikoko irakaslea naiz. Spinning eta hipopresiboei buruzko ikastaroak ematen ditut, besteak beste. Igeriketa begiralea ere banaiz. 2002tik daramat hemen.