Udal-aurrekontuei begirako osoko zuzenketa aurkeztu du Orain Amurriok

Erredakzioa 2017ko mar. 18a, 09:00

Orain Amurrioko zinegotziak. artxibo irudi batean. Argazkia: aiaraldea.eus

EAJk aurkeztutako aurrekontuak babestuko ez dituztela adierazi du Orain Amurriok.

Osoko zuzenketa aurkeztu du Orain Amurriok EAJren gobernuak aurkeztutako udal-aurrekontuei begira. Udal-talde politikoko kideek azaldu dute hainbat arrazoiengatik aurkeztu dutela osoko zuzenketa.

Arrazoi horietako bat da “hiritarren gehiengoarentzako bereziki kaltegarriak diren hainbat lege” onartu dituztela PP, PSOE eta EAJk. “Aurrekontuen egonkortasun eta jasangarritasunerako legea” aipatu du Orain Amurriok. “Amurrioko herritarrei azaldu nahi diegu mota horretako legeak onartzeak eragin handia duela tokiko aurrekontuetan”, azaldu dute, “halako legeek  ez diote uzten Amurrio bezalako udal bati inbertsio publikoa sustatzeko aurrekontu batzuk egiten, 4.000.000 euroko soberakina izan arren”.

Hortaz gain, parte hartzea ez da asko sustatu aurrekontuetan, Orain Amurriok kritikatu duenez. “Erabaki asko aurretik hartuak daude, eta horrek asko mugatzen ditu gainontzeko taldeok egin ditzakegun ekarpenak”. Udaleko pertsonalean ematen den “gastu altua” aipatu du baita udal-taldeak. “Ez dakigu gastu hori justifikatzen duen arrazoirik dagoen edo ez, ez dugu jakiteko modurik”.

Zerbitzu sozial gehiago
Enpleguaren eta zerbitzu sozialen aldeko politikak gehiago garatu beharko liratekeela adierazi du baita Orain Amurriok, eta gaineratu du egin beharko litzatekeela udalak enpresa pribatuen esku dituen zerbitzuak berriz publiko egitearen aldeko apustua.

Hori dela eta, aurkeztutako aurrekontu zirriborroa albo batera uztea eskatu dio Orain Amurriok udal gobernu taldeari, “aipatu ditugun aldarrikapenak barnebilduko dituen bat osatzeari begira”. Udal-taldeak adierazi du hala egiten ez bada ez  dituela aurrekontuak babestuko, baina kasu horretan emendakin partzialak aurkeztuko lituzkeela gaineratu du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide