Gaur aurkeztu ditu Amurrioko Udalak AmurriokoEKIN prozesu parte hartzaileko hirugarren fasera igaro diren proposamenak. Herritarrek eginiko 47 proposamen igaro dira azkenaurreko fase horretara. 164 proposamen jaso ziren guztira, baina horietako 117 albo batera utzi dira, hainbat arrazoi medio: horietako 7 jada eginak edo aurreikusiak daudelako, 8 udalaren eskumenetatik kanpo geratzen direlako, 23 ezarritako gehienezko aurrekontua (400.000 euro) gainditzen dutelako, 27 inbertsioak ez direlako eta 44 teknikarien arabera bideragarriak ez direlako.
Onartu diren 47 proposamenetatik 17 lan eta zerbitzuen alorrari dagozkie, 12 hirigintzakoari, 8 kirolekoari, 4 hezkuntzakoari eta bina gazteria, kultura eta ekonomia sustapenari.
Lan saio irekia maiatzaren 11n
Apirilaren 24an egingo da 47 proposamen horien aurkezpena, 18:30ean udaletxean. Horren ostean ekingo zaio hirugarren faseari. “47 ideia horien artean 20 inguru hautatzea izango da fase horren xedea”, azaldu du Leire Zuazo parte hartze teknikariak. Lan-saio irekia egingo da horretarako maiatzaren 11n. Nahi duen herritar orok hartu ahal izango du parte. “Bertaratzen diren herritarrek proiektuan banan-banan puntuatu beharko dituzte, bi irizpide jarraituta: egitasmoa zenbat herritarrentzat izango litzatekeen mesedegarria eta duen aurrekontuaren eta ekarriko lukeen onuraren artean dagoen oreka.
Ekainean egingo da laugarren eta azken fasea: hautatutako 20 proposamen horien bozketa. Modu horretan ebatziko da zertara bideratuko diren AmurriokoEKIN proiekturako erreserbatutako 400.000 euroak.