Laster San Joseko jaiak hasiko dira, zein da giroa auzoan?
Larunbatean hasiko dira jaiak. Jai batzordeko kideok, hainbat egin beharren aurrean, mugikorra eta burua zoro daukagu, baina poz-pozik gaude aurten ere jaiak aurrekoen modu berean antolatu ditugulako, edo hori uste dugu...
Auzoan, giroa hainbat modutan nabarmentzen da. Batzuek urduritasuna, poza, gogoa... adierazten dute. Beste batzuek ordea, adineko jende asko dagoenez eta gauetan zarata handia sortzen denez, lasaitasuna nahiago dutela adierazten dute.
Dena den, ondo moldatzen dira eta jai-giro bikaina sortzen da ikurrinak auzoko kaleetan jartzen diren momentutik.
Zenbat lagun aritzen zarete jaiak antolatzen eta zein lanetan?
San Joseko Jai Batzordean hamabost pertsona inguru gaude. Otsailetik aurrera gutxi gora-behera, ostiralero elkartzen gara mahai baten inguruan programazioari bizitza emateko.
Ideia berriak eta hobetu beharreko gauzak mahai gainean ipintzen dira eta denon artean konponbidea aurkitzen saiatzen gara. Bakoitzak bere funtzioa izan ohi du, esperientziak laguntzen du noski, kontaktuak eta nola egin behar diren gauzak ondo dakigu hainbat urtez errepikatu ditugulako (edariak, bazkariak, musika,...), baina denon artean laguntzen dugu edozein ustekabe sortzen bada.
Nola lortzen duzue auzo txiki batek horren apustu handia egitea? Laguntza jasotzen duzue?
Konpromisoa da osagai garrantzitsuena. Denok gure betebeharra ondo betetzen badugu eta eguraldiak laguntzen badu, jaiak ondo aterako dira. Era askotan jasotzen dugu laguntza jaiak aurrera atera ahal izateko.
"Konpromisoa da San Jose Jaietako osagai garrantzitsuena"
Amurrioko Udalak diru-laguntza ematen du, San Joseko auzokideek bezala. Amurrioko Gazte Asanbladako gazteek beraien laguntza eskaintzen digute (gaztetxea San Josen bertan dagoelako) eta hainbat ekitalditan parte hartzen dute.
Beste ekitaldi batzuetarako, dantzaldietarako eta futbolerako ere, hainbat elkarte eskaintzen da eta tradizio bihurtu dira programazioan.
Aurten Def Con Dos izango da jaien kartelburua eta urtero talde oso garrantzitsuak ekartzen dituzue. Nola lortzen duzue eta nola erabakitzen duzue zein kontratatzea? Aspaldi egiten duzue, batzordeko erabaki estrategikoa izan zen?
Ez daukagu estrategia konkreturik, jendea erakartzea da gure ideia bakarra. Batzordeko baten batek musikaz, momentuan pil-pilean eta jendetza mugitzen duten taldeez kontrolatzen du eta horrek asko errazten ditu gauzak.
Batzuetan musika taldea hautatzea konplikatzen da, gehienak Viña Rock festibalean daudelako, baina beti lortzen dugu talderen bat libre aurkitzea.
Hala ere, San Joseko Jaiek badituzte beste ekintza batzuk historia handikoak, Futbol Areto Txapelketa kasu.
Lehen esan dudan bezala, ekitaldi batzuk tradizio handia daukate jaien programazioan. Futbol Areto Txapelketa adibidez, ni jaio baino lehenago egiten zen eta gaur egun beste elkarte batek egiten du, baina egiten jarraitzen da.
Aipatuko ditudan ekitaldiak tradizionalak dira gure programazioan:
-San Jose futbol areto txapelketa (finalaurrekoak), apirilak 29, 18:30ean.
-Auzoko nagusientzako bazkaria, apirilak 30, 14:00eta.
-Areto dantzak, Sevillanak, apirilak 30, 18;00etan.
-Kadeteen txirrindularitza lasterketa, maiatzak 1, 11:00tan.
-Jaunartze meza, 12:00etan
-San Jose Futbol Areto txapelketa (finala), 19;00etan.
Zein da zuk gogoko duzun jarduera, bereziki?
Jarduera guztiak ditut gogoko, denek daukate bere alde polita edo berezia. Ekitaldi batzuetan txikitxoak dira protagonistak, beste batzuetan auzoko zaharrenak, txirrindulariak, dantzariak... eta denetan ikusten da jendea alai, eta horrek zu alaitzen zaitu.
Ekintza guztiak errespetuz ikusten badira, programazio osoaz disfrutatu daiteke eta hori egitera animatuko dut jendea. Prestatu astebururako! Denok San Josera!