27 arma labur eta 9 luze zituen Lezamako polizia nazional jubilatuak etxean gordeta

Erredakzioa 2019ko ots. 11a, 11:39

Cetme baten argazkia. / Wikipedia

Topatutako arma eta gailuak ikertzen ari da Ertzaintza, erabilgarri zeuden ikusteko.

Informazio gehiago plazaratu dute hedabideek Lezamako Ezker Abertzaleko familia baten baserriaren aurka tiro egiteagatik atxilotutako polizia nazional jubilatuaren inguruan. Naiz atariaren arabera, atxilotuak -L.A.M.A- 27 arma labur eta 9 luze zituen etxean gordeta.

Hedabide horrek nabarmendu du polizia nazional ohiak tiroketa gertatu eta lau egunera jakinarazi zuela arma horiek zituela.

Ertzaintza bere etxera bertaratu zen lehen aldian -tiroketaren egunean bertan- gizonezkoak adierazi zuen arma bakarra zuela etxean: ehiza eskopeta bat, lizentziarekin. Munizioa ere erakutsi zien etxera bertaratu ziren agenteei.

Hiru kutxa gotorretan gordeta
Lau egun beranduago, baina, beste armen berri eman zuen. Gehienak hiru kutxa gotorretan gordeta zituen. Kutxa horietako batean Astra eta Star markako 11 pistola topatu zituzten. Hainbat pieza, 17 kargatzaile, hainbat motatako kartutxoak eta atzerapen-detonagailuak.

Zortzi errebolber eta beste lau pistola topatu zituen Ertzaintzak beste kutxa gotor batean. Hirugarren kutxa gotorrean, aldiz, hiru errebolber eta pistola bat zeuden. Star eta Cetme marketako lau subfusil ere topatu zituzten etxean barreiaturik, bi errifle, karabina bat, bi eskopeta eta 17 baioneta.

Horrez gain, 26  elementu militar ere atxiki zituen Ertzaintzak, obusak diruditenak. Laudioko komisariara eraman zituzten elementu guztiak, elementu militarrak, bolbora boteak eta detonagailuak salbu. Gailu horiek Lehergailuen Desaktibaziorako Unitatera eraman zituzten. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide