IRITZIA

Kamararen bisoretik futbolari so

Futbolaren munduan, gero eta gehiago dira konnotazio negatiboak positiboekin alderatuta. Azken denboraldia zeharo bortitza izaten ari da.

Gurasoen arteko borrokak, epaileei oldartzen zaizkien gurasoak, jokalariei txistua botatzen dieten zaleak… edo nire kasua bera, gurasoen eta, harrigarria badirudi ere, arabar epaileen gezurrak jasan dituen kirol-argazkigintzaren zale soila.

Nire esperientzia pertsonala alde batera utzita, azken denboraldi honetan Arabako eta Bizkaiko zelaiak bisitatu ditut kategoria askotan: eskola-futbolean, oinarri-futbolean, eskualdekoan, hirugarren mailan eta baita bigarren maila RFEFn ere. Horietan guztietan, inoiz imajinatuko ez nituzkeen gauzak ikusi eta entzun ditut. Askotan, klubetako kideek bultzatzen dituzte egoera horiek; izan ere, geldiarazi beharrean batu egiten dira; minutu batzuk lehenagoko aurkezpen ofizialean euren klubak balioak dituela adierazi izanagatik ere.

Horrelako ekintzak telebista kateetan ikustera ohitu gara eta tamalgarria da, futbolak irakats ditzakeen balioak zikintzen dituztelako. Egun, futbolaren inguruko errealitatea hori da; lehiatuko diren taldeak ezagutzen ditugunean, ezer gertatuko ez den esperoan geratzen gara, erreguka. Talde batzuek, zorionez edo zoritxarrez, puntu gorria dute. 

Egia da, orain arte ez dudala ikusi edo entzun Amurrioko eta Aguraingo taldeen norgehiagokan gertatutakoaren antzekorik; baina, bai ikusi ditut zaleen arteko ukabilkadak, irainak, arrazakeria eta baita konnotazio matxistadun jarrerak ere. 

Beste adibide bat iazko azaroan Bizkaiko gazteen mailan gertatutakoa da, Portugalete eta Peña Athletic lehiatzen ari zirenean harmailan izandako borroka baten ondorioz bertan behera gertatu zena; edo duela gutxi Padura kirol klubeko zelaian jazotakoa, hirugarren maila RFEFko San Ignazioren aurka. Orduan, harmailetako zaleak jokalari arabarrak iraintzen hasi ziren eta, azkenean, partida amaitzean batzuk zein besteek borrokan amaitu zuten.

Eskola kirolean gurasoak izaten dira egoera hauen protagonista. Antza, beren seme-alabekin gozatu beharrean, borroka da bilatzen dutena, eta aurkarien entrenatzaileak iraintzen dituzte. Gero, ez da harritzekoa haurren ahotik irain homofoboak eta arrazistak entzutea jokalarien, marrazainen edo epaileen aurka.

Partida bakoitzean, 90 minutu ditugu zein ezustekorekin topo egingo dugun pentsatzeko. Futbol ona zaharkituta geratu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide