Puntako adituak elkartuko dituzte Aresketa Ikastolaren Hezkuntza Jardunaldien edizio berrian

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 17a, 15:19
Astebetez luzatuko dira jardunaldiak, hainbat adituren parte hartzearekin. / Aiaraldea.eus

Urtarrilaren 22tik 26ra luzatuko dira Aresketa Ikastolaren Hezkuntza Jardunaldiak. Guztira bost hitzaldi eskainiko dituzte hainbat adituren eskutik. Amurrioko Katekesi Aretoan izango dira solasaldi guztiak, 19:00etatik aurrera.

Urtero bezala, Hezkuntza Jardunaldien edizio berri bat antolatu du Aresketa Ikastolak. Aurtengoa ekimenaren XIII. edizioa izango da, eta urtarrilaren 22tik 26ra luzatuko dira jarduerak, hainbat adituren parte-hartzearekin. Hitzaldi guztiak Amurrioko Katekesi Aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera.

Astelehenean Aresketa Foro Pedagogikoak irekiko ditu jardunaldiak. Haurren emozioak izango ditu hizpide Amurrioko Ikastolako profesional taldeak. "Kudeaketa emozionalean aurrerapausoak" emateko etxean landu beharreko tresnak aztertuko dituzte, "oreka eta ongizatearen ardatzak sendotzea helburu".

Urtarrilaren 23an Lorena Benito egongo da Katekesi Aretoan. Osasun psikologoa da Benito, eta familia-terapian aditua. Hain zuzen ere, familia harreman osasuntsu baten ardatzak  zeintzuk diren aletuko ditu bere hitzartzean. Nerabezarora iristean sortzen diren aldaketen inguruan hausnartuko du bereziki.

Hurrengo egunean —urtarrilak 24— Alvaro Beñaran pedagogo teraupetikoak eta psikomotrizitate hezitzaileak haurrak osasuntsu eta autonomo hazteko gakoak eskainiko ditu.

Urtarrilaren 25ean Autismoaren Espektro Nahasmenduei buruz hausnartuko dute. Horretarako, Alberto Lasa psikiatra eta psikoanalista gonbidatu dute Aresketa Ikastolaren jardunaldietara. Lasa EHUko irakaslea da eta haur eta nerabeen osasuna izan du aztergai.

Azkenik, jardunaldiei amaiera emateko, Begoña Ibarrola psikologo eta idazleak "irakurketaren magia" aldarrikatuko du. Irakurketak emozioen gainean kontzientzia hartzeko duen balioa izango du hizpide urtarrilaren 26ko hitzaldian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide