San Joseko Jai Batzordeak egitarau oparoa antolatu du festa-maratoiko lehen jardunaldiaz gozatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko api. 24a, 07:00
Prest dago San Jose auzoa udaberriko jaiei hasiera emateko. / Aiaraldea.eus

Egitarau oparoa prestatu du San Joseko Jai Batzordeak aurtengo  festetaz gozatzeko. Apirilaren 27tik maiatzaren 1era luzatuko da egitaraua, ohiko osagai guztiekin. Auzolanean oinarritutako jaiak dira Amurrioko auzokoak eta batzordetik auzokide guztien inplikazioa eskatu dute, baita errespetuan oinarritutako eta erasorik gabeko jaiak izatea ere.

Apirilaren 27tik maiatzaren 1era luzatuko dira San Joseko jaiak aurten, eta Auzoko Jai Batzordeak dena du prest eskualdeko jaien maratoiaren lehenengo etapa hartzeko.

Apirilaren 27an babarrun janarekin ekingo diete festei, eta bingoarekin lagunduko dute bazkalostea. “Arratsaldean ez dugu aparteko ekintzarik antolatu, Amurrion San Prudentzio eguna ospatzeko egitaraua prestatu dute eta”, azaldu du Enia Hidalgo Jai Batzordeko kideak. Auzotarrek 20:00etan helduko diote berriz egitarauari mariatxien kontzertuarekin; “Ondoren, UT! eta Blessive DJ taldeen kontzertuarekin itxiko dugu eguna”, azaldu du Hidalgok.

“Igandean, apirilak 28, haurraren eguna ospatzen dugu. Txikienentzako jolasak eta dagokien txokolate jana egingo dira. Dantza erakustaldia eta DJ Txusmaketa izango dira eguna ixteko”, nabarmendu du Hidalgok egitarauaren birpasarekin jarraituz.

Atsedenaldi txiki baten ostean apirilaren 30ean helduko diote berriro egitarauari Amurrioko patin eskolaren parte-hartzearekin, eta Rock con Ñ eta DJ Varro taldeen kontzertuarekin. Azkenik, maiatzaren 1ean urteroko txirrindularitza proba izango da protagonista.

“Beti harritzen gaitu jendearen erantzunak, plaza beteta daukagu beti”

Jai-Batzordea

Lan handia egin du Jai Batzordeak egitaraua prestatzeko. “Urtero bezala, otsailetik aurrera, ostiralero, 20:00etan, Amurrioko Gaztetxean biltzen  gara. Urte guztietako dinamikari jarraitzen diogu pixka bat. Buelta asko ematen dizkiegu gauzei, oso jende gutxi gaudelako Jai Batzordean eta lan handia dagoelako aurretik”, azaldu du Enia Hidalgok.

Bide horretan, gogoratu du jai-batzordeko bilerak irekiak direla, eta auzokide guztiei luzatu die bertan parte hartzeko deia: “Ez dugu nahi programazioa txikiagoa izatea, ezta auzoko jaiak desagertzea ere. Horregatik, laguntza eskatzen dugu”.

Bereziak dira San Joseko jaiak bertakoentzat zein kanpokoentzat, udako jaien etorrera iragartzen lehenengoak direlako: “Beti harritzen gaitu jendearen erantzunak. Hotz egin, euria egin, plaza beteta daukagu beti eta eskertzekoa da”.

Jai Batzordetik “errespetuan oinarritutako eta erasorik gabeko jaiak izatea” eskatu dute. “Programazio hau guztiok gozatzeko prestatzen dugu eta hala izatea espero dugu. Jaietan arazoren bat ikusten duen edozein herritar animatzen dugu txosnara hurbiltzera eta lehenbailehen jakinaraztera”, aldarrikatu du Hidalgok lan talde osoaren izenean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide