"Brontzezko bi domina lortu ditugu nire hirugarren mundialean"

UNAI GOROSTIZAGA ARBIDE (1972, Arrankudiaga) Arrigorriagako Sokarri Herri Kirol Taldeko kidea da. Goma gaineko sokatira modalitatean tiratzen dute eta Volendameko Munduko txapelketan Klub bezala parte hartu dute.

UNAI GOROSTIZAGA ARBIDE (1972, Arrankudiaga) Arrigorriagako Sokarri Herri Kirol Taldeko kidea da. Goma gaineko sokatira modalitatean tiratzen dute eta Volendameko Munduko txapelketan Klub bezala parte hartu dute.

Zer da Volendameko Munduko Sokatiran Txapelketan lortu duzuena?

Brontzezko 2 domina lortu ditugu pisu aldetik bi kategoria txikienetan, hotz; 560 kg eta 600 kgtan. Gainera, 600 kg tan Basque Country bezala tiratzeko aukera izan dut, brontzezko domina lortuz Irlandaren kontra.

Parte hartu dudan hirugarren mundiala izan da, Italia 2010 eta Eskozia 2012 izan dira aurreko biak. Baina, aurtengoa berezia izan da, izan ere, hego Euskal Herriko txapeldunek Basque Country ordezkatzeko aukera izan dute historian lehendabiziko aldiz.

Guk ohore hori izan dugu 600 kg-ko kategorian eta Ibarrako bi kideen errefortzuarekin errendimendu bikaina lortu genuen. Saria sekulakoa izan zen 3. Postua lortuz.

Zelakoa izan da txapelketa?

Txapelketa ostegunean hasi zen eta lehenengo bi egunetan Kluben arteko txapelketa jokatu zen. Bertan, Euskal Herriko taldeez gain,Irlanda, Ipar Irlanda, Ingalaterra, Eskozia, Txina Taipei, Japonia, Belgika, Macao, Italia eta Holandako taldeak aritu ziren nor baino nor. 20 talde 560 kg-tan eta 15 bat 600kgtan. Sokarri bi kategorietan final erditara heldu zen eta irlandarrekin galdu ostean, 3 eta 4. postuko tiraldian garaile atera ginen Ipar Irlandako Country Club taldearen kontra 560 kg-tan eta Lagerweij Holandarren kontra 600 kg-tan. Country Club txapeldunak izan ziren 2014ko mundialean.

Asteburuan, berriz, nazio arteko txapelketa ospatu zen eta Basque Countryk senior kategorian 600 kg-tan soilik lortu zuen domina, Irlandarren kontra. Pisu honetan 11 nazio aritu ginen.

Postua lortu eta gero zer sentitu zenuen/zenuten?

Poza izugarria izan zen, izan ere, guretzat final erditara heltzea ametsa baino ez zen. Euskal Herriko txapelketan oso ondo ibili eta gero pisu txikiko txapela ez ateratzea izugarrizko paloa izan zen, baina, egia esan, Volendamen pena guztiak gainditu genituen.

Zein kategoriatan aritzen zara?

Gu Senior kategorian aritu ginen eta esan bezala 560 eta 600 kgko kategoriatan. Hauek baino beste bi kategoria pisutsuagoak daude; 640kg eta 680kg hain zuzen ere, baina, zoritzarrez, pisu horietara hurbiltzeko beste pisuko tiratzailerik ez daukagu taldean. Europako talde ahaltsuenek, berriz, arazo gutxi dituzte 1,90-2 metroko gizon taldeak osatzeko.

Zelako esperientzia da munduko txapelketa batean parte hartzea?

Esperientzia paregabea da. Gu bezalako “sokatirako friki” asko batzen gara munduko bazter guztietatik eta giroa berezia izaten da, hurbila. Tiratzeko moduari dagokionez, Euskal herrian tiratzeko antzeko estiloa dugu talde gehienok, baina, mundialetan hori aldatzen da.

Europarrek erasora jokatzen dute jende izugarri handia sartuz taldeetan, Txinoak talde sinkronian perfekzioa lortzen dute nahiz eta hain handiak ez izan. Baliteke gu bi estilo horien erdian egotea.

Tiraldi bakoitza erronka bihurtzen da mundialetan eta irabazterakoan poza itzela.

Zelako giroa duzue taldean?

Taldeko giroa oso ona izan da urtean zehar. 15 pertsonako talde sendoa osatu dugu aurten eta egia esan Gernika ingurutik etorri zaizkigun errefortzuek tamaina eta konpetentzia ekarri digute, errendimendurako ezinbestekoak. Aurten, nahiko era profesionalean jokatu dugu bai entrenamenduekin eta baita kirol honetan oso garrantzitsua den dietarekin ere. Honen harira, aipatu detaile honek asko baldintzatzen duela kirola.

Gure kasuan, dietista batekin ibili gara eta denboraldi hasieratik hona 10 kg baino gehiago galdu ditugu kirolari bakoitzak. Ezinbestekoa izaten da talde “handiagoak” pisuan sartzeko.

Zer sentitzen duzu goma gainean jarri baino lehen horrelako txapelketa garrantzitsu batean?

Denboraldia mundialarekin batera amaitzen da, beraz, etxerako lanak eginda egoten dira ordurako. Emozio sentimendu asko izaten dira lehiaketa hastear dagoenean, baina, behin hasita gozatzea izaten da helburua eta nik, behintzat, aurten lortu egin dut.

Nazio arteko txapelketan ezberdina izan da, izan ere, gozatzeaz gain, bazegoen beste sentimendu sakonago bat nagusitzen zena, Basque Country-ko kamiseta gainean neramala.

Podiuma ere oso hunkigarria izan zen, gu hirugarren tiraderan, Txinatarrak bigarrenean eta Eskoziarrak lehenengoan, azken hauek, denak ahots batez euren ereserkia abesten hiru ikurrinak igotzen ziren bitartean, ufffaaa!

Zelakoa da presioa?

Bakoitzak berea dauka buruan, baldintzak zeharo ezberdinak dira, baina, esan bezala, gu oso momentu onean heldu eta gero konfiantza izan da nagusi eta hori igarri egin da. Lehenengo domina irabazi ostean hori biderkatu zen eta nik uste presio maila minimotara jaitsi egin zela. Esfortzuan murgilduta, benetan, gozatu genuela!!

Noiz hasi zinen Sokatiran jokatzen? Zergatik?

Duela 15 urte hasi nintzen sokatiran, une gorabeheratsua izan zen nire bizitzan eta gorputzak zerbait ezberdina eskatzen zidan. Garai artan Arrankudiagan bizi zen lagun batek asko hitz egiten zidan sokatiraz eta probatzeko konbentzitu ninduen. Geroztik asko konpartitu dugun kordelen artean. Gainera, Basque Countryko taldean 5 eta 6 postuetan aritu ginen elkarrekin eta hori ere handia izan zen.

Etorkizunari begira zer esango zenuke?

Goma gainean azken urteetan talde berriak atera dira eta nahiz eta instituzioetatik laguntza gehiegi ez egon badirudi, apurka, jende gazte gehiago animatzen ari dela. Txapelketa internazionalak oso garrantzitsuak dira afera honetan, izan ere, bestelako oihartzun bat izaten dute eta TB eta komunikabideek gehiago inplikatzen dira. Hori erronka da, baina, ni baikorra naiz.

Bestalde, Asian dagoen zaletasuna ikaragarria da eta mundu mailan urte gutxiren barruan onenak izango dira zalantza barik, nesketan badira jada. Bitxikeri bezala esan Txina Taipeik 6000 fitxa baino gehiago dituela, EHn 500era heltzen ez garen bitartean.

Sokatira gehienetan telebistan agertzen ez den kirol horietakoa dela esan dezakegu. Zer esango zenuke horren inguruan?

Ba kirol interesgarri hau saltzeko ezinbestekoa dela. Komunikabide barik, TB barik, zaila da benetan sokatira indartzea. Baina, ez hori bakarrik, adituak behar dira TBko irudiak ganoraz komentatzeko, azaltzeko zertan datzan kirola, tiraldiko momentuak azaltzeko eta ikusleak ulertzeko. “Astoen” kirola denaren topikotik urruntzea izango litzateke. Indarra soilik ez da; erresistentzia, teknika, sinkronia, estrategia eta azken finean talde lana bultzatzen duen aparteko kirol bat baizik.

Hurrengo mundiala 2018 . urtean Txinan ezta?

Bai hala da eta Nazio modura edota Klub bezala joan ahal izateko esfortzua itzela izango da . Aurten, Euskal Herriko klubek 8 domina lortu ditugu eta naziotan, Basque Countryk 13 guztira. Maila altu hau Txinan berriro ikusteko ezinbestekoa izango da bestelako laguntza-politika bat eta bai instituzioen eta nola ez komunikabideen laguntza ere. Kirol hau maite dugunok ezin dugu gure poltsikoetatik hainbeste jarri behin eta berriz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide