"Nire asmakizuna espainiar estatuko iazko 15 onenen artean geratu da"

Erredakzioa 2017ko urt. 15a, 08:30

Alfonso Olabarrietak (Zollo) minda lantzeko modu berria garatu du. Harrera oso ona izan du aurrerapen zientifikoak jorratzen dituzten kazetarien artean.

Hasteko, zer da zehazki purina edo minda?

Minda, animali (txerriena eta behiena gehienbat) gorotza, txiza eta euren azpiegiturak garbitzeko erabiltzen den uraren nahasketa da.

Nahasketa horren emaitza isurkari edo likido lodia da, landak eta zelaiak ongarriztatzeko oso preziatua.

Gaur egungo abeltzaintza eredu modernoek purin kopuru handia sortzen dute. Hori, berez, ez litzateke arazoa izan behar, normalean minda hori eskertuko duen lur eskaintza badagoelako.

Baina, zonalde jakin batzuetan ustiategi asko dago eta horrekin batera animali kopuru handia batzen direnean, ongarri hori hartuko duen lur falta gertatzen da.

Orduan lurrak ezin du mindak dakarren hezetasun hori guztia xurgatu eta isuriak gertatzen dira; mindaren alderdi likidoa lurrazpiko erreketara zein lurrazalekoetara heltzen da. Horrek sortzen dituen kutsadura arazoekin.

Arazo horregatik keztaturik sortu da ideia hau.

Prozedura asmatu duzu mindak edo purinak lantzeko modu ekologikoan, zertan datza?

Azaldu dudan moduan, mindaren alderdi kaltegarria likidoa da. Beraz, prozesuaren lehenengo pausoa alderdi solidoa eta likidoa banatzea da. Lehenengo atal hau erreza da, horretarako propio diseinatutako prentsa batzuk erabiliz.

Hortik ortuetarako oso ona dan alderdi likidoa irteten da.

Behin alderdi likidoa jasota, gaur egungo joerak likido hori garbitu behar dela dio. Hori oso garestia eta zaila den depurazio prozesu baten bitartez lortzen da.

Nik proposatzen dudana oso sinplea da, likidoa garbitu baino, likido horri ura kentzea da. Horrela likido horretan dagoen sustantzia organiko guztiak ximaur bihurtuz.

Eta horretarako zer erabiliko dugu? Eguzkia.

Azaldu duzu ez duzula ezer berririk sortu, baizik eta eredua berritu edo moldatu, horrela da?

Ideiaren funtsa, gatzagetan betidanik erabili den teknika zaharra gure esparrura moldatzea izan da. Hau da, minda banatzetik lortutako likido hori sakonera gutxiko eta azalera handiko putzuetan sikatzea baino ez da.

Zer nolako erabilpen ditu ereduak? Zeintzuk dira bere onurak eta abantailak?

Ereduak ustiaketetan sortzen den purin guztia solido bihurtzen du. Horrek bere abantailak ditu:

-Produktuak irteera gehiago du (landak, ortuak, lorategiak, negutegiak…), mindak ordea makineria berezia behar du berarekin lan egiteko eta estentsiboan hasten diren landetan baino ez da erabiltzen.

-Minda garraiatzean sortzen diren gastuen zati handia aurrezten da, ur galtze horrek bolumena kendu eta bidaia bakoitzean material organiko gehiago eraman ahal baita.

-Prozesu garbia denez, ez du kutsatzen.

-Ingurumena zaintzen dugu, isurketak ekiditen dira, errekak eta lur azpiko urak garbi mantenduz.

Zenbait hedabidetan agertu da zure asmakizuna, interesa sortu du?

Bai, asmakizuna “Promoingenio” plataformaren ustetan, Espainian 2016an izan diren 15 asmakizun onenen artean geratu da.

Horrek asko poztu nau eta hainbat hedabidetan oihartzuna izan du. Ideia ezagutzera ematen lagunduko nauelakoan nago, nahiz eta oraindik goiz izan, deitu nauten bakarrak zuek zarete. Eskerrik asko.

Zenbat denbora izan behar zenuen ideia garatzeko, nola bururatu zitzaizun?

Pertsona ezagun batek esaten zidan moduan, “inspirazioa existitzen da, baina lanean harrapatu behar zaitu”

Ba etxean, lanean nengoelarik, guk mindak maneiatzeko daramagun sistemari buelta bat eman nahian otu zitzaidan.

Lastima hemen hainbeste euri egitea, sistemak euri gutxi eta eguzki asko eskatzen baitu.

Zertan ari zara lanean orain?

Ideia horren garapenak ez dakit nora eramango nauen, baina momentu honetan ezagutzera ematearekin nahiko daukat.

www.balsadeshidratadoradepurin.com

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide