"Gaztetxearen obrak amaitzea da gure lehentasuna, ekintzekin hasi ahal izateko"

Erredakzioa 2017ko mar. 6a, 09:12

Ane Arandia Morgaetxebarria eta Olatz Valle Junguitu, gaztetxearen aurrean. Argazkia: Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanblada

Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanbladako kideak dira ANE ARANDIA MORGAETXEBARRIA (Arrankudiaga-Zollo, 1993) eta OLATZ VALLE JUNGUITU (Arrankudiaga-Zollo, 1994). I. Gazte Eguna antolatu du asanbladak larunbaterako.

Gazte Eguna antolatu duzue datorren martxoaren 11rako. Zein helbururekin?
Herriko eta kanpoko gazteak batzea da gure helburua, orain arte egindako lana ikus dezaten eta gure proiektuan parte hartzera animatu daitezen. Horretaz gain, herriak guk egindako lana ikus dezala nahi dugu. Hau da, ikustea Arrankudiagan badagoela mugitzen ari den gazte talde bat, herriarentzat lanean ari dena.  

Asanblada gaztea da Arrankudiaga-Zollokoa.
Duela hiru urte inguru Basakoetxen egindako kanpaldi batean hasi zen dena. Bertan hainbat gazte bildu ginen herriko egoeraz hausnartzeko eta zer egin genezakeen pentsatzeko. Bi egun horiek jendea aktibatzeko balio izan zuten. Jendearengan ilusioa piztu zen herriaren alde lan egiteko. Orduan hasi zen dena.

Ordutik hona herrian antolatutako ekintza guztietan parte hartu dugu, gazteen presentzia ezinbestekoa dela uste dugulako. Duela urte batetik Gizarte Etxea kudeatzen dugu astean zehar, “buzoneoak” egin ditugu herriak zer nahi edo behar duen jakiteko eta ahal dugun neurrian behar horiei erantzuteko. Hitzaldiak, auzolanak eta ekintzak ere antolatu ditugu.



“Duela urtebetetik Gizarte Etxea astean zehar kudeatzen dugu”

 


Hitzaldiak, haurrei begirako ekintzak... ekintza ugari egin dituzue. Zer nolakoa izan da herritarren harrera?
Batzuetan erantzuna ez da guk nahi edo espero genuena izan, baina positiboki baloratzen dugu egindako lana. Izan ere, nahiz eta batzuetan jende gutxi gerturatu, uste dugu pertsona batzuk aktibatzen ari garela. Gaztetxean egindako auzolanetan, esaterako, gutaz aparte jende nahikotxo gerturatu da laguntzera. Halere, uste dugu hausnarketa egin behar dugula, jende gehiagorengana heldu ahal izateko.

Gaztetxea ere hor duzue.
Gaur egun gaztetxea amaitzen ari gara. Teilatua konponduta dago, argindarra eta ura baditugu, komunak ere. Igerilekuaren zuloa hesiz inguratuta daukagu eta gaztetxera sartzeko bi sarrerak prest daude. Bilerak, ikasgela eta beste ekintza batzuk aurrera eramateko gela atontzea falta zaigu. Barra eta boulderra eraikitzeko asmoa ere dugu.


Gure helburua herrian ekintza anitzak aurrera eramateko espazio fisiko bat izatea da. Igerilekuko zuloa hainbat jarduera egin ahal izateko egokituko dugu, adibidez. Gazte Egunean, adibidez, giza futbolin txapelketa egingo dugu bertan. Horretaz gain, espazio horretan kontzertuak, futbito kantxa, euskal dantza ikastaroak etabar egin nahi ditugu. 


“Herriko eta kanpoko gazteak batzea da Gazte Egunaren helburua”

 

Gazte Eguna amaituta, zer asmo dituzue Gazte Asanbladatik?
Gaztetxearen obrak amaitzea da momentu honetako lehentasuna, ekintzekin hasi ahal izateko. Herriko jendeak proposatzen dituen jarduerak aurrera eramateko lekua eskaini nahi dugu, herriarentzat irekia izango den espazio bat sortuaz. Hori horrela, guk antolatutako ekintzak egiteaz gain proposamenak jasotzeko prest ere gaude.

Gure asmoen artean daude umeentzako tailerrak, gazteentzako hitzaldiak edota dokumentalen proiekzioak antolatzea, besteak beste.

Gaztetxean soilik ez, herrian ere ekintzak antolatzen jarraituko dugu. Gizarte Etxean modu aktiboan parte hartuko dugu, asteazkenetako zinemarekin jarraituko dugu eta auzolanaren bidez basoa garbitzen jarraituko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide