TXUTXI ARIZNABARRETA

“Gazteei jaio diren herrian bizitzeko duten eskubidea bermatu nahi izan diegu etxebizitza proiektuekin”

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urt. 19a, 07:00
Txutxi Ariznabarreta, Udaletxearen aurrean. / Aiaraldea.eus

Aurten abiatutako legealdian alkatetza errepikatuko du TXUTXI ARIZNABARRETAk. Herri kohesionatua eta bizia nahi du, eta horretarako proiektu estrategikoak jarri dituzte abian Udaletik.

Legealdia errepikatzea lortu duzue. Nolako balorazioa egiten duzue?

Legealdi baten amaiera eta berri baten hasiera bizi izan dugu aurten, baina gure kasuan aurretik ezarritako egitasmoekin aurrera jarraitu dugu. Emaitza oso onak lortu genituen hauteskundeetan, nolabait sentitu dugu gure jendeak babestu egin duela gure proiektua nolabait, gure planak ulertu dituela.

Alde horretatik pozik; proiektu handiak ditugu esku artean. Ziurtasuna ematen digu jendearen babesa sentitzeak. Herri programan zehaztu genuen esku artean genituen proiektuak amaitzeko konpromisoa, eta aurrera begira markatutako gure lan-ildoak. Jasotako babesarekin gure programarekin aurrera jarraituko dugu.

Zeintzuk dira aurreko legealditik eratorritako proiektu nagusiak?

Alde batetik Oxinburu daukagu. Urtea amaitzearekin batera bukatuko dira lanak, eta urte berriko lehenengo sei hilabeteetan egingo dena izango da guzti hori martxan ipini. Azpiegitura oso inportantea da, bai kultura mailan, baita ere eguneroko elkarbizitza espazio bezala ere. Esperientzia berri bat da guretzako, eta hor jendearen parte-hartzea ezinbestekoa izango da.

Badira aurten bukatu ditugun betse lan batzuk; frontoi atzean dauden eskailerak, esaterako. Horrekin batera bolalekua ere goitik behera berriztatzen ari gara. Horrek guztiak plaza inguruari beste itxura bat emango dio.

Iberlandako kirol-asialdi espazioa atondu nahi genuela ere definitu genuen, eta pump-tracka martxan dago honezkero, baita kalistenia espazioa ere. Azkenik, Zollon, asfaltatu berriak egin ditugu plaza inguruan.

“Beti nahi duzu gehiago egin, baina lanean hasterakoan ohartzen zara gauzek bere denbora behar dutela eta askotan ez doazela nahiko genukeen abiaduran”

Azpiegituretan ez ezik, beste arlo batzuetan ere aritu zarete burubelarri.

Herri-bizitzari buruz egindako lana handia izan da. Herria nahiko bizirik ikusten dugu, elkarbiztza, parte-hartzea eta sentimendu komunitario hori uste dugu indartsu dagoela Arrankudiaga eta Zollon. Hori egunero ikusten da. Udalak antolatutako tailerretan jende pila ibiltzen da.  Guzti horrek herriari bizitza handia ematen dio.

Imaginatzen dut horrek asko lagunduko duela Udalaren egunerokoan.

Bai. Trail lasterketa da horren adibide esaterako. Gero eta ospe handiagoa hartu du. Kriston lana eta apostua da hartu duen mailari urtero erantzutea. Hor ehun boluntario ibiltzen dira lanean. Mila biztanleko herri batean hainbetse jende ibiltzea horretan… horrek erakusten du herria bizirik dagoela. Gazteek eta Gazte Asanbladak Euskal Astea eta kriston euskal ezkontza antolatu zuten. Horrek ere erakusten du nola talde desberdinak Udalarekin elkarlanean gauza politak egin ditzaketen. Lankidetza hitzarmenak ditugu herriko elkarte eta eragile guztiekin, hori ere oso inportantea da. Kimika ona ezinbestekoa da. Horren guztiaren adierazle jaiak ere badira. Bai iaz eta bai aurten jendea oso gogotsu egon da, oso ondo pasatu du. 

Arrankudiaga-Zollo UEMAn sartzea izan da urteko mugarri garrantzitsuenetako bat.

Bai bai, mugarri inportantea izan da. Honezkero landu dugu egitasmo bat UEMArekin eta orain gauza zehatzak egiteari ekin diogu. Eskolarekin, adibidez, egitasmo berezi batzuk prestatu ditugu. Udaleko langileekin ere formakunzta ikastaro batzuk diseinatu ditugu.

Aurrera begira diagnostiko zehatz bat egin nahi dugu euskararen erabileraren harira, herriko eragile guztiekin landuz.

Etxebizitzaren arloan hainbat proiektu abiatu dituzue. Zein da hauen egoera?

Egitasmo luzeak dira etxebizitzaren arloan abiatutakoak. Alde batetik, proiektu kooperatibo bat daukagu martxan. Aurrelanketa guztia egin da, koopertaibistak badaude honezkero eta proiektua ixtear gaude. 2023an kudeaketan egon gara murgilduta. 2024an, aldiz, proiketua zehaztu, itxi eta obrei ekingo diegu. Harrera ona izan du proiektu kooperatiboak. Guk ezarritako helburuetara iritsi gara: herriko jendea sartu da eta jende gaztea sartu da. Ia denak izango dira 35 urtetik berakoak.Antzerako ibilbidean gaude alokairu sozialeko etxebizitzen proiektuarekin. Eusko Jaurlaritzarekin batzar bat egingo dugu urtarrilean proiektua agilizatzeko eta 2024an obrei ekiteko. Aurreko proiektuan bezala, hemen ere hamabi etxebizitzatik hamar herriko jendeak beteko ditu; eta gainerako biak inguruko herrietakoek.

Guzti honen helburua argia zen: herriko jendeari jaio diren herrian bizi ahal izateko eskubidea bermatzea. Gazteria bertan errotzea ezinbetsekoa da herriaren etorkizunari begira. Orain Zollon antzeko proiektu kooperatiboa garatzeko bidea abiatu nahi dugu. Parte-hartze prozesua hasi dugu honezkero. 

Asmoa da modu autonomoan garatzea proiektu hori, tarteko beste erakunderen bitartekaritzarik gabe. Proiektua Zolloko gazteen interesen arabera garatzea da asmoa, hasi besterik ez dugu egin, eta gutxienez urte beteko lana izango da dena martxan jartzea.

Urte emankorra izan da orduan.

Bai, guk positiboki baloratzen dugu. Beti nahi duzu gehiago egin, baina lanean hastean ohartzen zara gauzek bere denbora behar dutela eta askotan ez doazela nahiko genukeen abiaduran.

Zeintzuk dira datorren urteari begira erronka nagusiak?

Lehenik eta behin, hasieran aipatutako Oxinburuko proiektua guztiz amaitzea eta bertako jarduera guztia martxan jartzea. Horrek ekarpen handia egingo dio herri bizitzari.

Uraren gaiari heldu nahi diogu 2024an. Lur-sailak erosi ditugu honezkero eta proiektua aurkeztu diogu partzuergoari; ur-ponpaketa estazio bat eraikiko dugu herriko hornidura bermatzeko. Partzuergoan integratzeko bidean, guk etxekolan guztiak eginda ditugu, baina oraindik saneamenduen gaia airean dago. Partzuergoaren ardura litzateke ur zikinak Galindora ponpatzeko sistema jartzea, baina oraindik aurrekontuetan sartu ez duten proiektua denez stand-byan dago integrazioa. Guk ponpatze sisteman urratsak emango ditugu, integrazio hori bultzatzeko. 

Beste obra batzuk ere baditugu esku artean; Atxetako erabilera anitzeko lokalean adibidez. Zollon ere obra potentea etorriko da. Izan ere, udaletxe zaharra goitik behera berrituko dugu eta espazio kultural berri bat atonduko dugu bertan. Herriko mobiliario urbanoa ere berritzen joango gara legealdi honetan. Gure asmoa ez da bakarrik zaharrak kendu eta berriengatik ordezkatzea, baizik eta berritze prozesu horretan espazio berriak atontzea ere. Azkenik, Arrankudiaga-Zolloko lehenengo HAPOa diseinatuko dugu legealdi honetna.

Aldaketa klimatikoaren kontra ere hainbat lan aurreikusi dituzue.

Aldaketa klimatikoaren aurrean, arlo energetikoan, hainbat lan egingo ditugu. Alde batetik argiteria publikoa guztiz berriztuko dugu, sistema efizientea izan dadin ehuneko ehunean. Bestetik, plaka fotovoltaikoak instalatuko ditugu udaletxean, horrekin batera udal eraikin guztiak energia-berriztagarrien bidez hornitzeko asmoz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide