Artziniegako Udalak salatu du Correoseko zerbitzuan erretiratu zen langilearen ordezkoaren zain daudela oraindik

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 24a, 11:00
Joseba Vivanco alkatea, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Alkatetzak gutun bana bidali die Correoseko Arabako Banaketa arduradunari eta Iparraldeko Eremuko Posta Banaketako koordinatzaileari, azalpenak eskatuz.

Joseba Vivanco Retes alkateak gutunak bidali dizkie Correoseko arduradunei exijitzeko erretiratu zen langilearen hutsunea behingoz betetzea. Izan ere, udal buruak martxoaren 18an gauza bera egin zuen Amurrioko Correoseko bulegoan eta oraindik ez du erantzunik jaso.

Vivancok gogoratu du zerbitzu hori funtsezkoa dela udalerrian: "Gogoratu behar da erretiroa hartu zuen eta oraindik ordezkatu ez den postari hori izan zela 2022an Araban etxez etxe banaketa gehien egin zituena. Ez gaude kalte txiki baten aurrean. Bere garaian herrian genuen banku-bulego bakarrarekin gertatu zen, eta horren alde borrokatu zen Artziniega, zerbitzua mantendu zedin. Gauzak hala, ezin dugu onartu Correosekoa bezalako oinarrizko zerbitzu batek egungo eraginkortasun eta gogobetetze-maila galtzea".

Gauzak horrela, Artziniegako alkateak exijitu dio Correos enpresa publikoari ahalik eta lasterren argitzea egoera, gabezia hori lan gainkarga eragiten ari baita herriko bulegoko langileen artean.

Halaber, Vivancok aipatu du borroka horretan sindikatuak ere sartuta daudela eta aurrekariak dituela beste herri batzuetan, hala nola Urizaharran, Zanbranan, Bastidan edo Luiaondon.

Azkenik, arazoa konpontzen ez bada, alkatetzak deia zabalduko du herritarren artean, kexak jar ditzaten Correoseko bulegoan.

Gogoratu beharra dago Artziniegako Correoseko zerbitzuan gertatzen ari dena ez dela salbuespena. Zerbitzu publiko gehiagotan pizten ari dira antzeko kezkak, Renfen zein osasun sisteman kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide