Laudioko Udalak antolatuta, guraso eskolei hasiera emango diete hilaren 19an, astelehena. “Positiboki hezi” leloaren azpian, Osadi osasunezko zerbitzu psikologikoen zentroak hiru eskola eskainiko ditu, seme-alaben ikasketen arabera: Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, eta DBH ondorengoak –Lanbide Heziketa edo Batxilergoa-.
Eskolen helburua gurasoen prestakuntza eta esperientzia trukea ahalbidetzea izango da, betiere seme-alaben hezkuntzarekin zerikusia duten gaietan, prebentzio agente gisa duten zeregina gara dezaten. Horretaz gain, seme-alaben ongizatearekin eta hezkuntzarekin erlazionatutako zenbait gairi buruzko berariazko prestakuntza eskaintzea izango dute xede. Esate baterako, osasuna zaintzea, drogen prebentzioa, gizarte eta familia harremanak, ikasteko teknikak… izango dituzte hizpide.
Hiru eskolen lehenengo saioa urrian eskainiko da. LH eta DBH ondorengo ikasketak egiten ari diren seme-alaben gurasoen eskolari astelehenean emango zaio hasiera. LHri dagokiona Herriko Plazako erabilera anitzetarako gelan izango da, 15:05etan hasita 16:20ra, “Nola garatu mental eta fisiko ongizatea familia aldetik. Babesa faktoreak” gaiarekin. DBH ondorengo ikasleen gurasoen saioa, berriz, Kultur Etxeko 17garren gelan eskainiko dute, 18:15etik 19:30era, “Nola prebenitu familia aldetik droga arazoak eta beste adikzioa. Babesa faktoreak” izango dutela hizpide. DBHn seme-alabak dituzten gurasoek, bestalde, urriaren 26an jasoko dute lehenengo saioa, erabilera anitzetarako gelan, 15:05-16:20 bitarte. Kasu horretan gaia Lehen Hezkuntzan eskainitako berdina izango da.