40 plazetatik 28 beteta daude dagoeneko, eta obrak hasi
zirenean lekuz aldatu ziren lau egoiliar itzuli dira
Foru aldundiak errehabilitazio zerbitzua gehitu dio zentroa
eraberritzeko hasierako proiektuari, eta aurreikusitakoaren
arabera urteko azken hiruhilekoan izango da abian
Guztira 28 adinekori ematen diete arreta Armuruko San Anton egoitzan, Amurrion, Arabako Foru Aldundia abenduaz geroztik zentroan egiten aritu den hobekuntza lanak amaitu ondoren.
Eraberritze lanak presazkotzat jo zituzten, 1990. urtean eraikitako zentro horretan aurkitutako segurtasun gabeziak konpondu beharra zegoelako. Orobat, hobekuntzak egin dira geletan, bainugeletan eta irisgarritasunean, besteak beste.
Pixkanaka, gero eta jende gehiago artatuko dute zentroan, eskariaren
arabera, guztira dauden plaza kopurua bete arte: 39 plaza, gehi bat lurraldeko
gizarte larrialdietarako, eta beste lau eguneko arretarako.
Hortaz, egoitzak obrak hasi aurretik zuen edukierari eutsi dio. Aldundiaren titulartasuneko zentro horren zati bat eraberritu bitartean, 18 egoiliarrek aukera izan zuten bertan egoteko, baina lanak egiteko lekua libre utzi beharraren ondorioz erabiltzaileetatik 14 beste egoitza batzuetara eraman behar izan zituzten aldi baterako.
Beatriz Artolazabal Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak adierazi
duenez, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak Amurrioko egoitzan gauzatu
dituen eraberritze lanen helburua izan da “azpiegitura horren kalitatea hobetzea,
dela eraikineko segurtasunaren ikuspegitik, dela irisgarritasunarenetik, bai eta
instalazioak zein bertan artatzen dituztenei eskaintzen dieten zerbitzua eta
profesionalen lan baldintzak hobetzea ere, besteak beste adinekoak artatzean
ahalegin fisiko txikiagoa egin behar izateko”.
Amurrioko egoitzan ebakuaziorako kanpoko eskailera bat ere jarri da, eta
suteetarako sektorizazioa egin da bi solairuetan. Hainbat eraberritze lan egin dira:
geletarako sarbideak hobetu dira, geletako bainugelen zoruan ura bideratzeko
maldak zuzendu dira, konketen posizioa aldatu da eta geletako irisgarritasuna
hobetu da oheburukoen posizioan aldaketak eginda; eta, horiez gain, konponketak
egin dira argindar instalazioetan, pinturan, iturgintzan eta suteen arloan, eta zoruak
ordeztu dira. Beheko solairuan, suteen kontrako ateak jarri dira sukaldean,
garbitegian eta aldageletan.
Errehabilitazio zerbitzua abian jartzea
Hasieran abenduan aurreikusitako plan horretan beste hobekuntza bat ere
sartuko da, obrak egin bitartean baieztatu baitzen aukera zegoela zentroan
errehabilitazio zerbitzua abian jartzeko, zentroak ez zeukan-eta halako
ekipamendurik. Azkenean, zerbitzu hori urteko azken hiruhilekoan jarriko da
martxan, eta fisioterapeuta batek eta Laudioko adinekoen egoitzako errehabilitazio
zerbitzuko laguntzaileak emango dute arreta.
Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak garrantzitsutzat jo du,
errehabilitazio zerbitzua abian jartzen denean, zainketa horiek jasotzeko Armuruko
San Anton egoitzan daudenek ez dutela aldian-aldian joan behar izango Laudioko
egoitzara, orain arte hala ibili baitira.
Lanek 278.000 euroko kostua izan dute, eta maiatz erdialdean bukatu
zituzten, aurreikusi baino lehenago. Hilabete horren azken astean zentrora itzuli
ziren obren hasieran lekualdatu zituzten eta Gasteizko eta Oiongo bi egoitzetan
zeuden lau adineko. Ekainaren hasieratik hona, beste sei lagun sartu dira eta, beraz,
dagoeneko 28 adinekok jasotzen dute arreta egoitzan. Gainera, iragan astean
egoiliar berrientzako plazak esleitu ziren.
Egoitzako 40 plazetarako plantilla honako hauek osatzen dute:
zuzendaritzako arduradun batek, gizarte laneko profesional batek, sukaldariak,
sukaldeko bi laguntzailek, erizaintzako lau profesionalek eta 19 erizaintzako
laguntzailek. Amurrioko egoitzan eraberritze lanak egin aurretik zuten langile ratio
bera da. Langile horiek zentroko lanpostuetara sartzen joango dira egoitzako
okupazioak eskatu ahala.