Aldundiak lantaldea sustatuko du Laudion langabeziaren aurka jarduteko

Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu Zerbitzuarekin (Lanbide) eta Oiongo eta Laudioko udalekin bateraturik, lantalde bana jarriko du martxan bi udalerri horietako langabetuen multzoei eta beraien prestakuntza beharrei buruz baterako diagnostikoa egiteko, ahaleginak koordinatzeko eta langabeziaren aurkako borrokan eraginkorragoak izateko asmoz.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak Oionen eta Laudion sustatuko ditu lantalde hauek, lurralde historikoko langabezia tasarik handienak dituzten bi udalerriak direlako, biztanleria aktiboaren % 24,1 eta % 17,9, hurrenez hurren. Ehuneko hauek % 26raino heltzen dira emakumeen kasuan.
 
Erakundeen arteko talde hauek sakoneko azterketa egingo dute udalerri horietako langabetu multzoei buruz, sexua, adina, langabezian egondako denbora edo prestakuntza maila bezalako aldagaiak kontuan izanik, eta tartean diren erakundeetako bakoitza (Foru Aldundia, Lanbide eta dagokion udala) enplegu eta prestakuntza gaietan gauzatzen ari den politikak partekatuko dituzte.
 
“Langabeziaren arazoa suntsitzeko ez dago konponbide miragarririk, egia da, baina zalantzarik gabe ezinbestekoa da administrazio guztiek beren baliabideak eta politikak jokoan jartzea era koordinatu eta osagarrian, eraginkorragoak izateko. Hori besterik ez da lantalde misto hauen helburua; hala egokituz gero, Arabako beste udalerri batzuetara hedatu ahal izango dira”, azaldu du Cristina González Enplegu Sustapeneko foru diputatuak.
 
Lanbideren enplegu plan lokalak eta Arabako Foru Aldundiaren enplegurako prestakuntzarako laguntzak, bi erakundeok udalerrietan langabeziaren aurka borrokatzeko dituzten tresna nagusiak dira. Deialdi hauek irekiak dira, baina Oiongo eta Laudioko udalekin egindako baterako lanak bidea emango du bi udalerri horien eta bertako enpresen beharrizanak ezagutzeko, eta 2016ko deialdietan kontuan edukitzeko.
 
Lantalde hauek Cristina González Enplegu Sustapeneko foru diputatuak langabeziaren arazoa gehien pairatzen duten Arabako udaletako batzuekin egindako bileren ondoren sortu dira, eta Lanbiderekin izandako kontaktuen ondoren. Azken aste hauetan zehar González Oiongo, Laudioko, Amurrioko, Aguraingo eta Asparreneko korporazioekin bildu da, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide