41 pertsona lan merkatura irteteko prestatzen ari dira Arabako enplegu anezketan

Laudioko Enplegu Anezkako kideak, Garapen Agentziaren aurrean. / Arabak Foru Aldundia

Oraindik badago tokia langabezian dauden arabarrentzat. Programaren batez besteko laneratze tasa % 60koa da.

Gasteizko enplegu anezkak (2) eta Laudiokoa abian jarri dira langabezian dauden 41 arabarren parte hartzearekin. Hain zuzen, teknikari espezializatu baten laguntzarekin, datozen hilabeteetan berriz ekingo diete lana bilatzeari, lan orientazioko teknika berriekin eta gaur egungo lan merkatura egokitutako tresna digital berriekin.  
 
Hiru anezketan badago tokia oraindik. Proiektu horren batez besteko laneratze tasa % 60koa da, eta bertan parte hartu nahi duten langabetuek izena eman dezakete linean, www.lanzaderasdeempleo.es web atariaren bidez, edo aurrez aurre, horretarako prestatutako toki hauetan: Gasteizko Ignacio Ellacuría udal ikastegia eta Laudioko Tokiko Garapen Agentzia (Arza eraikina). 
 
Cristina  González  Enplegu,  Merkataritza  eta  Turismo  Sustapenaren  Saileko  foru  diputatuaren arabera,  programa  horren  bost  edizioetako  emaitzek  erakusten  dute  anezkek  funtzionatzen  dutela,  eta enplegurako beste politika aktibo batzuek baino laneratze tasa handiagoak eskaintzen dituzte. “Arabako langabetuek tresna honetatik etekina ateratzea nahi dugu, ikusgarritasuna izan dezaten, harreman sareak sor ditzaten, enpresetara bisitak egin ditzaten eta lan bilaketan laguntza dutela senti dezaten”. 
 
Arabako  enplegu  anezkak  Arabako  Foru  Aldundiak  eta  Santa  Maria  la  Real  Fundazioak  egin duten ekimena da, Lanbiderekin eta Gasteizko eta Laudioko udalekin lankidetzan.  
 
Gasteizko  eta  Laudioko  enplegu  anezkak  abian  jarri  dira  41  parte  hartzailerekin:  langabezian dauden 27 emakume eta 14 gizon dira partaideak; 24 eta 60 urte bitartekoak dira denak, eta prestakuntza maila desberdinekoak (DBH, lanbide heziketa, batxilergoa eta unibertsitate ikasketak). Haietako batzuk lehen lanaren bila ari dira; beste batzuk, ordea, beste lan aukera bat lortu nahi dute, hainbat sektoretan urteetako esperientzia pilatu ondoren. 
 
Enplegu anezkek formatu mistoa dute, hau da, bateratu egiten dira saio birtualak, zeinak zenbait aplikazio  eta  programa  informatikoren  bitartez  egiten baitira,  eta  aurrez  aurreko  saioak.  Aurrez aurrekoak Gasteizko eta  Laudioko udalek lagatako lokaletan egiten dira, talde txikietan, pandemiaren ondorioz ezarritako segurtasun, higiene eta distantzia sozialeko neurri guztiak betez. 
 
Lan  arloan  espezializatutako  teknikariek  orientazioa  eskaintzen  diete  parte  hartzaileei,  eta bideratu egingo dituzte, haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea bultzatzeko, tresna digitalak, gailu digitalak, lan ibilbideak eta enpresetako giza baliabideen arduradunekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lan helburua fokalizatuko dute. 
 
Lan  bilaketa  aktiborako  talde  horiek  beste  jarduera  hauek  ere  egingo  dituzte:  curriculumak eguneratu  eta  lan  elkarrizketen  simulazioak  egin,  enplegagarritasun  mapak  egin  eta  enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.  
 
“Parte  hartzaileetako  askok  orientazio  prozesuak  edo  ikastaroak  egin  dituzte,  baina  ez  hain trinkoak  eta  luzeak.  Tresnak  eskatzen  dituzte  lana  bilatzeko  eta  enpresekin  harremanetan  jartzeko, laneko elkarrizketetarako konfiantza hartzeko, curriculuma hobetzeko eta beren lan ibilbidea birbideratzeko”, azaldu dute Anabela Runa eta Itsaso Bikandi Gasteizko bi anezken arduradunek.  
 
“Gehienek lana beste modu batean bilatzen ikasi nahi dute, orain arte egindakoak ez dietelako emaitza positiborik eman. Era berean, lan merkatua ezagutu eta lan arloan duten helburua betetzen lagun diezaieketen prestakuntza baliabideak aztertu nahi dituzte”, erantsi du Mikel García Laudioko enplegu anezkaren arduradunak.  

Plaza libreak  

Oraindik plaza libreak daude hiru anezketan. Programa guztiz borondatezkoa eta doakoa da, eta aurreko edizioetan  batez  beste  %  60ko  izen  ematea  lortu  da.  Bertan  parte  hartu  nahi duten  langabetuek  izena eman  dezakete  linean,  www.lanzaderasdeempleo.es    web  atariaren  bidez,  edo  aurrez  aurre,  hiri bakoitzean horretarako prestatutako toki hauetan:  
 
GASTEIZ  
Ignacio Ellacuria Udal Ikastegia 
(Castro Urdiales kalea, 10-12) 
Telefonoa: 945 161 860 
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.  
 
LAUDIO  
Laudioko Udaleko Tokiko Garapen Agentzia 
ARZA eraikina (Irukurutzeta kalea)  
Telefonoa: 944 034 980 
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide