Arabako Foru Aldundiak, Egibiderekin eta Har Eman elkartearekin batera, etxeko hondakinen kudeaketari buruzko ‘Ikusten duzuna baino askoz gehiago’ sentsibilizazio kanpaina hasi du gaur Laudion. Ekimena Ingurumen Sailak sustatu du, eta Gizarte Politiken Sailak eta Indesa 2010 sozietateak ere parte hartzen dute.
Ekimenaren helburua da egoera kezkagarria lehengoratzeko beharrezkoa den ohitura aldaketa bultzatzea, oraindik ere hondakinen % 35 gaika jasotzen baita lurraldean. Hori lortzeko, proiektu pilotu batean lan egin da azken urte honetan, non protagonista nagusiak adimen desgaitasuna duten pertsonak baitira, sentiberatasun berezia izateaz gain benekotasuna dutelako oinarri kontzientziazio mezuak gainerako herritarrei transmititzeko.
Hartara, pertsona horiek, hainbat erakundetako ingurumen teknikariekin, Egibideko ikasleekin eta Har Eman taldeko kideekin batera, eraiki dituzte modu partekatuan kanpaina honen estrategia eta mezu nagusiak, "Ikusten duzuna baino askoz gehiago" lelopean, eta erakutsi nahi du hondakinak bizitza asko izan ditzakeen baliabide bat direla, ondo kudeatzen bada.
Kanpaina Laudioko Herriko Plazan hasi da gaur, ostegunetako azokarekin batera, eta informazio stand bat izango du azaroan zehar Arabako zazpi kuadrilletan zehar, eta abenduaren 2an amaituko da Gasteizen. Adimen desgaitasuna duten bost pertsona, Egibideko ikasleek koordinatuta, arduratuko dira Arabako herritarrei beren hondakinek izan ditzaketen aukera askotarikoak erakusteaz, baldin eta behar bezala tratatzen badira, eta informazio liburuxka bat banatuko dute, lurralde bakoitzak hondakin horiek behar bezala tratatzeko dituen baliabideak eta instalazioak jasotzen dituena.
“Oso garrantzitsua da pertsona guztiok jakitea zer aukera ditugun gure ingurunean gure hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko; izan ere, oraindik bide luzea dugu egiteko Araban, Europak eskatzen duen hondakin birziklatuen % 50eko ratiora iritsi arte. Bestalde, gure hondakinak murrizten baditugu eta gure kudeaketa hobetzen badugu, negutegi efektuko gasen isuriak ere arintzen ari gara, eta, beraz, klima aldaketaren eraginak ere murriztu egiten ditugu” esan du Nati López de Munain Ingurumeneko foru zuzendariak.
Datozen egunetan, Guardian, Rivabellosan, Agurainen, Murgian, Kanpezun eta Gasteizen egingo den kanpaina ibiltariak bi ekintza nagusi izango ditu: zona bakoitzeko herritarrak sentsibilizatzeko balioko duen informazio standa, eta herritar guztiei irekitako birziklatze lantegia, non informatzaileek gure hondakinak berrerabiltzeko aukera handiak erakutsiko baitituzte. “Erakutsi nahi dugu gure etxeetan zaborretara botatzen dugunaren zati handi batek bigarren bizitza bat izan dezakeela, eta adimen desgaitasuna duten pertsonen laguntzarekin adibide zehatzak egingo ditugu; izan ere, pertsona horiek, aurten, irudimenerako gaitasuna erakutsi digute, bai eta hondakinak behar bezala kudeatzeko duten sen ona eta argitasuna ere”.
Komunikazio kanpaina hori osatzeko, irrati iragarkiak emango dira, adimen desgaitasuna duten pertsonek grabatuak, eta haiek sentsibilizazio bideo baten protagonistak ere izango dira, zeina azaroaren amaieran estreinatuko baita, bat etorriz Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen ospakizunarekin (azaroaren 20-28).
Azkenik, abenduaren erdialdean kanpaina ixteko ekintza berezi bat egingo da Gasteizen.
Kanpaina ibiltaria
“Ikusten duzuna baino askoz gehiago” kanpaina ibiltariak egutegi hau izango du:
-Laudio:
-Informazio kanpaina: osteguna, azaroak 4
-Birziklatze lantegia: asteazkena, azaroak 24
-Guardia:
-Informazio kanpaina: ostirala, azaroak 5
-Birziklatze lantegia: asteazkena, azaroak 10
-Murgia:
-Informazio kanpaina: astelehena, azaroak 8
-Birziklatze lantegia: asteazkena, azaroak 17
-Santikurutze Kanpezu:
-Informazio kanpaina: asteartea, azaroak 9
-Birziklatze lantegia: osteguna, azaroak 11
-Rivabellosa:
-Informazio kanpaina: ostirala, azaroak 12
-Birziklatze lantegia: osteguna, azaroak 18
-Agurain:
-Informazio kanpaina: asteartea, azaroak 16
-Birziklatze lantegia: ostirala, azaroak 19
-Gasteiz:
-Informazio kanpaina: azaroak 22 (Salburu eta Zabalganako gizarte etxeak), azaroak 23 (Judimendiko gizarte etxea) eta abenduak 2 (Abastos Merkatua).
-Birziklatze lantegia: azaroak 25 (Zabalganako gizarte etxea), azaroak 26 (Salburuko gizarte etxea), azaroak 29 (Judimendiko gizarte etxea), azaroak 30 (El Pilar gizarte etxea).