Arabak beste hiru enplegu anezka izango ditu udazkenean, Gasteizen eta Laudion

Langabezian dauden 60 arabarri lana aurkitzen lagunduko diete. Izena emateko epea azaroaren 11ra arte egongo da irekita. Cristina González: “Gure helburua da enpleguaren susperraldia sendotzea eta aurrera egiten jarraitzea, kolektibo behartsuenei arreta berezia eskainiz”.

Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak beste hiru enplegu anezka jarriko dituzte abian Gasteizen (2) eta Laudion, Arabako 60 langabeturi baliabide eraginkor bat eskaintzeko, lan bat aurkitzeko aukera hobeak izan ditzaten. Izena emateko epea azaroaren 11ra arte egongo da irekita.

Horrela, bi erakundeek langabeziaren aurkako borrokan duten konpromisoa indartu dute, eta beren lankidetza errepikatuko dute, programa honen aurreko sei edizioetan lortutako emaitza onak ikusita. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 307 arabarrek parte hartu dute 2016tik, eta haietatik % 63 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktika eta guzti.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren  Saileko foru diputatuak azaldu duenez, proiektu hau estrategia integral baten barruan sartzen da, enplegua sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea bultzatzeko zuzendua. Estrategia horren ardatzak dira langabezian dauden arabarrak kontratatzeko laguntzak eta prestakuntza eskaintza sendoa ematea, eta Lanbide Heziketa sustatzea. “Estrategia horrek arreta berezia eskaintzen die kolektibo ahulenei, hala nola emakumeei eta 45 urtetik gorakoei”.

“Pandemiaren aurreko enplegu maila berreskuratu ondoren, ahalegin guztiak egin behar ditugu maila hori finkatzeko eta aurrera egiten jarraitzeko, eta enplegu anezkak tresna baliotsuak dira.  Horrez gain, urtero izan dituzte emaitza onak eta, zalantzarik gabe, eta helburu horretarantz urrats gehiago egiten lagunduko dute”, erantsi du.

Arabako hiru enplegu anezka berriak azaroaren bigarren hamabostaldian jarriko dira abian, eta bost hilabeteko iraupena izango dute.  Anezka bakoitzean 20 partaide egongo dira, eta astean zenbait egunetan era birtualean bilduko dira, hainbat aplikazio informatikoren bitartez, bai eta era presentzialean ere, Gasteizko eta Laudioko udalek lagatako instalazioetan.  

Jarduerak

Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskainiko diete partaideei, eta gidatu egingo dituzte haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea indartzeko, tresna digitalak (aplikazioak, sare sozialak …), lan ibilbideak eta enpresetako giza baliabideen arduradunekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lanbide helburua fokalizatuko dute.

Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.

Doako eta borondatezko programa honetan parte hartu nahi duten pertsonek azaroaren 11ra arte eman dezakete izena www.lanzaderasdeempleo.es webgunean, edo aurrez aurre, herri bakoitzean gaitu diren bulegoetan:

GASTEIZ

Ignacio Ellacuria udal ikastegia

(Castro Urdiales kalea, 10-12)

Telefonoa: 945 161 860

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara

 

LAUDIO

Laudioko Udaleko Tokiko Garapen Agentzia

ARZA eraikina (Irukurutzeta kalea)

Telefonoa: 944 034 980

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:30era

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide