Babestutako edukiak

Yandiola hortz klinika: 75 urte, hiru belaunaldi, proiektu bera

Juan Antonio eta Juan Mari aita-semeak klinikan, aitonaren erretratuarekin. Behean, Juan Maria Yandiola, kartzelako klinikan. / Yandiola sendia

Hiru belaunaldi igaro dira Yandiola hortz klinika zabaldu zenetik. Juan Maria Yandiolak eman zituen lehen pausoak 1945. urtean, Guda Zibilean borrokatzeagatik heriotzara kondenatuta egon ostean. Bere seme Juan Antoniok hartu zuen lekukoa 1970. hamarkadan, eta mende berriaren hasieran sartu zen Juan Mari iloba lanera, gaur egun arte.

75 urte bete ditu Yandiola hortz klinikak. Ibilbide luze bezain gorabeheratsua egin du, familia bereko hiru belaunalditan zehar.Juan Maria Yandiolak eman zituen lehen pausoak 1945. urtean, kartzelatik atera ostean. Guda Zibila hasi baino lehen Valladoliden zegoen medikuntza ikasten gazte bilbotarra.

Bertan, Jose Antonio Giron de Velascoren lagun egin zen, boxeoarekiko zaletasuna konpartitzen baitzuten biek. Giron de Velasco Francoren ministro bilakatuko zen urte batzuk beranduago, eta bera izan zen Yandiolari etxera itzultzeko esan ziona, altxamendu frankista gertatu baino bi egun lehenago. Ikasle Euskaldunen Elkarteko presidentea zen Yandiola, eta altxamenduak Valladoliden harrapatu izan balu arriskuan egongo zen seguru asko.

Heriotzara kondenatua

Arrankudiagara itzuli ostean Padura batailoian eman zuen izena gazteak, eta kapitaina izatera iritsi zen. Santoñako Hitzarmenaren ostean epaitu eta heriotza zigorra ezarri zioten, baina zigorra ordezkatu zioten gero, eta sei urteren buruan atera zen kalera. Bere ematzeak, Estefania Uribe-echebarriak, aldiz, lau urte igaro zituen Frantzian, erbestean.

Kartzelan eman zituen urteak latzak izan ziren, baina espetxeko klinikan laguntzeko aukera izan zuen Yandiolak. Askatasuna berreskuratu zuenean Madrilera jo zuen odontologian espezializatzera, eta Aiaraldera itzuli zen gero.

Laudioko jaietan artatu zuen Yandiolak bere lehen pazientea. Bera eta Uribe-echebarria etxeko balkoian zeuden, ez zutelako zezenketak ikustera joateko dirurik. Halako batean, pertsona bat ikusi zuten Markesaren iturriaren alboko zubitik ibiltzen, eskua masailean zuela. Pertsona horrengana jo zuten eta hagina kendu zioten, eta zezenketetara joateko aukera eman zien horrek.

Aitzindaria Aiaraldean

Garai hartan Laudion ez zegoen horrenbeste lanik. Gauzak hala, Orozkon beste kontsulta bat jarri zuen Yandiolak. Aitzindaria izan zen: 1950ko hamarkadan bera zen Urduñatik Basaurira arteko zatian zegoen hanginlari bakarra, eta lan-kopurua nabarmen handitzea ekarri zuen horrek.

Bigarren belaunaldia

1976ra arte lanean aritu zen Yandiola etengabe. Urte horretan zendu zen, eta bere semeak, Juan Antoniok, hartu zuen bere lekukoa, klinikako bigarren belaunaldiari bide emanez. Zerbitzu militarra egiten 14 hilabete eman ostean ekin zion lanari, eta berehala egin zuen lehen aldaketa nabarmena, 1979. urtean: Carmen kaleko 13. zenbakira mugitu zuen kontsulta, espazio zabalagoa izateko. Orduz geroztik hori izan da klinika entzutetsuaren kokalekua.

Hirugarren belaunaldia

Juan Mari Yandiolak 2002. urtean amaitu zuen karrera, eta 2004. urtean ekin zion klinikan lan egiteari, bere aitonak eta aitak aurreko bi belaunaldietan jorratutako bideari jarraitzeko asmoz.

Urte hauetan guztietan odontologia “erabat” aldatu dela nabarmendu du Yandiolak: “Lehen haginak kendu eta protesiak jartzera mugatzen zen gure jarduna. Orain dena dago digitalizatua, teknologia zeharo aldatu da. Jendearen kontzientzia ere aldatu da zeharo, eta azken hogei urteetan gorakada egon da inplanteen eskaeran”.

Eskerrak pazienteei

Urte hauetan guztietan eurengan konfiatu duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkiete Yandiola sendiko kideek. “Klinikako paziente zaharrenak hiruron eskuetatik igaro dira: aitonarekin hasi ziren eta hona etortzen jarraitzen dute”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide