BABESTUTAKO EDUKIA

“Plan honetan egurraren produkzioak bere tokia dauka, baina baita lurraren eta uraren babesak ere”

Caludia Maldonado Arrankudiaga-Zolloko basoetan lanean. / Aiaraldea.eus

CLAUDIA MALDONADO SEARESek Arrankudiaga eta Zolloko basoen kudeaketarako plan berria osatu eta herritarren aurrean aurkeztu du. Lan horren helburuak azaldu ditu, baita herritarren kezkak ere.

Zein izango da aldaketa nagusiena basoen kudeaketan?

Lehenik eta behin, aldaketa nagusia da plana egongo dela. Izan ere, oso ohikoa da baso kudeaketarako planik ez egotea, prozedura legala baita eta landu beharra dago: erabilerak zehaztu, baso masen diagnosia egin, zenbat okupatzen duten, garapena, adina, espezieak zehaztekoa...

"Ekoizpen eredua aldatuko da, aberastuko da, ez da soilik izango radiata edo pirinioetako pinua, bestelako espezieak ere sartuko dira"

Orain arte, soilik egiten ziren beharrezkotzat jotzen ziren esku-hartzeak; masa oso zaharrak zeudelako edo azkenaldian bezala, euren egoera ez zelako egokia. Plan honekin diagnosia burutu dugu, egoera fisikoa, ur estres handiena edo isurketa gehien izan ditzaketen eremuak zehaztu, landaketak produktiboak diren tokiak markatu, nola hazten ari diren definitu... Finean, lursail bakoitzean zer dagoen.  Emaitzak laburbiltzeko, Arrankudiaga-Zolloko Udalak 500 hektarea baino gehiago dauzka eta %53 koniferoen landaketak dira. Horien artean, %20 baino gehiago moztu zituzten duela 20 urte eta ez dira berriro landatu. Modu naturalean hazi dira, ez dute kudeaketarik izan eta hazkundea ez da egokia izan. Hortaz, %53 horretatik %30 mantenduko dugu eta beste %20an konifero berriak jarri eta landaketa mistoak egingo ditugu. Helburu horrekin bitartekoak optimizatu nahi ditugu eta errentagarri egin landaketak. Ekoizpen eredua aldatuko da, aberastuko da, ez da soilik izango radiata edo Quercus pyrenaica, bestelako espezieak ere sartuko dira. Esaterako, ziklo luzeetako koniferak egongo dira eta areagotuko dira tokiko espezieen landaketak, helburu produktiboekin ere.

Horretaz gain, egongo dira berritzeko eta kontserbaziorako lursailak. Adibidez, jadanik udalaren jabeagoan badaude beste %20 gurbitzekin, aritzekin eta arteekin landatuta.   Dena den, produkziorako eremua murriztuko da, ahalik eta gehien optimizatzeko. Berez, Arrankudiagan eta Zollon badaude toki asko "euri itzalarekin". Hau da, zuhaitz masek ur karga handia dute eta haranera bidaltzen dute ura. Ondorioz, magal askotan, bereziki hegoaldekoetan, umeltasun gabezia dago eta udan lehorte eta ur estres arriskua dute landaketek. Hori dela eta, helburu produktiboen lursailak mugatuko dira, soilik onenak hautatuta eta, gainera, tokiko espezieak ere txertatuko dira, xede produktiboekin, kalitatezko egurra sortzeko.

Erabateko aldaketa ekarriko du planak?

Ez. Mantenduko dira landaketa batzuk, koniferoenak, adibidez, baina beste batzuk eraldatuko dira eta koniferoak izan ez ezik, urkiak ere egongo dira, laguntzen dutelako lur higadura prebenitzen, osto geruza txikiagoa delako.   Tokiko espezieak; aritza, gaztainondoa, gereziondoa, adibidez, toki argitsuetan, baina itzalarekin landatuko dituzte, ura duten eremu batean eta azalera ez oso handia okupatuta. Beste espezie produktibo batzuekin egongo dira landaketa mistoetan, batzuek egurra ekoizteko egokiak direlako eta besteak lurra babesteko. Ingurumen portaera hobea nahi dugu, txanda amaitzean egurra sortzeko, baina bestelako zerbitzuak ere eskaintzeko; lur eta uraren babesa, akuiferoen errekarga erraztea ziklo luzeagoekin -ez eukaliptoa bezala-, elikadura bitartekoak ere ematea ingurumenari -haziak, loreak...-. Helburua da landaketak eginkizun anitzak izatea eta egokitzea datorren klima aldaketara. Horregatik baliatuko dira espezie gehiago. Hori guztia gehituko da udalak orain arte egindakora. Esaterako, Pagobakarran pinuak kendu dira eta lursailak berritu dira. 

Nolako harrera izan du planak herritarren artean?

Interesgarria izan da herritarrak entzutea. Askok uste dute orain arte ez dela egon planik eta ideia argia izatea aurrerapausu handia dela, plan osoa gauzatzen ez bada ere. Horretaz gain, auzokide batzuek interes gehiago dute kontserbazioan eta beste batzuek ekoizpenean. Horrela, ibarrak eta ur-bazterrak bideratuko dira kontserbaziora eta berritzera. Oro har, interes handia erakutsi dute eta zenbait ideia ekarri dituzte. Batzuk keztatuta zeuden azalera handia delako eta ez zekitelako nork egikarituko duen plana. Guk azaldu genuen planaren alderik onena dela irizpide tekniko guztiak ematen dituela, udalak talde teknikoa izan gabe jakin dezan zer egin; zein urtean abiatu behar den ekintza bakoitza, zein lursailean, irizpide teknikoak... Modu horretan, tokiko erakundeak kontratatu ditzake lanak, informazio guztia daukalako. Plana ez da ideia bilduma, informazio teknikoa ere badauka. Jabeak kudeatu behar du dena mendi zerbitzuarekin batera. Gainera, jarduera ororen aurreikuspen eta xehetasun ekonomikoa dago, zenbat balioko duen eta zenbat diru sartuko den zuhaitz mozketekin. Jario ekonomikoa izango du eta ekonomikoki bere jarduera bakarrik finantzatuko da. Urteren batean galerak egongo dira landaketa zabalak egin beharko direlako, baina urte gehienetan mozkinak egongo dira, lursail askotan mozketa txanda gainditu baita aspaldi; batzuk 35 edota 40 urte dituzte. Horiek guztiak bat-batean moztea ez da egokia lurraren babeserako eta higaduraren kontrolerako.

Mozketek aurrera egin ahala, beste espezie batzuk landatuko dira, radiata pinua barne, baldin eta lurra egokia bada horretarako eta landaketek erakutsi badute sendo eta osasuntsu hazteko gaitasuna dutela. 

Azken urteotan baso uztiaketen eztabaidetan eukaliptoa egon da erdigunean, zein izango da bere tokia plan honetan?

Eukaliptoa ez dago presente plan honetan. Landaketa batzuk daude udalerrian, beheko lursailetan, baina Arrankudiagan eta Zollon lursail gehienak gorago daude. Toki hotzak dira eta ez dira egokiak espezie horretarako. Edonola ere, Udalaren planteamenduaren barruan ez zegoen eukaliptoa. Ez zegoen interesik espezie horretan. Alegia, helburua da produktiboak izatea, baina baita gai izatea aldaketa klimatikoari edo bioaniztasun galerari aurre egitea. Gai horiek oso presente daude ere eta, ondorioz, eukaliptoak ez du tokirik etorkizunean. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide