Babestutako edukiak

“Nire institutuko garaia erlatiboki laburra baina oparoa izan da, bai eskuratutako ikasketen eta ezagututako pertsonen aldetik”

Miren Cuesta Huerta (Laudio, 2003) Biokimika eta Biologia Molekularreko Gradua ikasten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Laudio Institutuko ikasle ohia da, eta bertan bizitako esperientziaren inguruan mintzatu da.

Zer ikasi duzu eta zergatik aukeratu zenuen arlo hori?

Oraintxe Biokimika eta Biologia Molekularreko gradua ikasten ari naiz EHUn (Leioa). Nire ustez, txikitatik hasi nintzen zientziarekiko zaletasuna garatzen. Familiatik eta ikastetxetik orientazioa jaso banuen ere, neure kabuz informatzen hasi nintzen. Modu horretara, ikerketa munduak erakartzen ninduela konturatu nintzen. Gradu honek eskaintzen duen ikerketa espektro zabala dela eta, azkenean biokimikari aukera bat ematea erabaki nuen. 

Institutuko garian bizitako esperientzietatik, zein da gehien baloratzen duzuna? Zergatik?

Zaila da aspektu bakarra azpimarratzea, azken batean batxilergoko garaiak bizitzako etapa bat izan delako. Nire institutuko garaia erlatiboki laburra baina oparoa izan da, bai eskuratutako ikasketen eta ezagututako pertsonen aldetik. Etapa honen zati bat oso pertsonala bada ere, kolektiboa den zati inherente bat dauka. Asko antzeko egoeratik igarotzen ari gara baina bakoitzaren ikuspegia oso ezberdina izan daiteke, eta hori oso aberasgarria da. 

Esperientzia edo ikasketa horiek, zure ustez, oinarri egokiak izan dira unibertsitateko ikasketak aurrera eramateko?

Unibertsitateko lehenengo urtean zientziaren adarreko oinarrizko ikasgai ugari eduki nituen, eta institututik jasotako ezagutzak hasieran oso erabilgarriak egin zitzaizkidan. Hala ere, laborategiko praktikak izaten hasi nintzen, eta aurreko esperientzia oso eskasa zela konturatu nintzen. Ikasketez gain, unibertsitatea ingurune berria da, eta graduko lagun berriak egitea eta unibertsitateak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzea ikasketak aurrera eramateko baliogarriak izan zaizkit. 

“Nire ustez oso garrantzitsua da nork bere burua informatzea, Intereseko arloan dauden pertsonengana edo unibertsitate azoketara joz”

Alde handia sumatu zenuen institututik fakultatera pasatzean? Zergatik?

Ikuspegi akademiko batetik, aldaketa nabaritu nuen, bai edukien sakontasunean bai materia kantitatean ere. Azterketa gehienak hilabete batean kontzentratzen da eta momentu horietan presioa nabarmena da. Irakasleekiko tratua ere aldatzen da, gero eta independentzia maila handiagoa lotzen dugu. Hasiera batean kezkagarria dirudien arren, horrelako egoerek norberaren burua beste maila batean ezagutzea ahalbidetzen dute.

Zeintzuk dira zure asmoak lan munduari begira?

Egia da hasierako asmoa mantentzen dudala oraindik; baina denborak aurrera egin eta gehiago ikasi ahala, 'ikerketa' hitza orokorregia dela konturatu naiz. Gero eta arlo gehiago ezagutzen ditudan heinean, “espezializazio” hitza are gazi-gozoagoa egiten zait, arlo ugari erakargarriak egiten zaizkidalako. Hori dela eta, baliteke gradua amaitu ostean master batean sartzea, baina nire ikasketekin jarraitzea ere aukera bideragarri bezala ikusten dut. 

Zein aholku emango zenieke orain batxilergoa ikasten daudenei edo ikasiko dutenei?

Batxilergoan daudenek edo bertan ikasiko dutenek badakite momenturen batean erabaki bat hartu behar izango dutela. Beraz, erabaki hori benetan beraien interes pertsonalekin bat etortzea gomendatzen diet. Normala da idea argirik ez edukitzea edo notak mugarria izan daitezkeela pentsatzea; dena den, azkenengo helburura heltzeko uste diren baino bide eta aukera gehiago daude.  Nire ustez oso garrantzitsua da  nork bere burua informatzea, zure intereseko arloan dauden pertsonengana edo unibertsitate azoketara joz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide