BABESTUTAKO EDUKIA

Haur Hezkuntzan begirada fisiopediatrikoa txertatzeari ekin diote Laudio Ikastolan

Julen Castill Laudio Ikastolako gurasoa, Haur Hezkuntzako espazioan. / Aiaraldea.eus

Hainbat urte daramatzate Laudio Ikastolako Haur Hezkuntzan mugimendu askea lantzen. Orain ezagutza maila berri bat txertatu dute 0-3 geletan: "Begirada fisiopediatrikoa".

Laudio Ikastolako Haur Hezkuntzan urteak daramatzate mugimendu askearen bidea jorratzen. Haurrari mugimen garapen prozesua bere kabuz egiten uztean datza proposamen hori; horretarako, azpiegitura eta espazio egokiak atonduta. “Zuk inguru egokia ahalbidetzen badiozu umeari, berak bere kabuz egingo du garapen prozesua”, ziurtatu du Izaskun Burdain irakasleak. 

Orain “ezagutza maila berri bat” txertatzeari ekin diote 0-3 urteko geletan: “Begirada fisiopediatrikoa”. Formazioa jaso dute horretarako, Urduñako Esti Ginea fisiopediatraren eskutik. Modu horretan, orain arte topatutako hainbat arazo eta oztopori egin ahalko diete aurre. “Ikusten genuen garapen motore horretan ume batzuk zailtasun edo blokeo batzuk zituztela”, azaldu du Burdainek. “Guk denbora ematen genien, pentsatzen denbora kontua zela. Baina, Estirekin hitz eginda, jakin dugu topatutako zailtasun askok zerikusi handia dutela haurdunaldian, erditzean edota bizitzaren lehen egunetan gertatutako kontuekin. Izan ere, erditze konplikatu batek kontrakturak sortu ahal ditu umean”. 

Zailtasun horiek “ahalik eta lasterren” konpontzea funtsezkoa dela uste dute Haur Hezkuntzako irakasleek, bestela ondorioak izan ditzaketelako hurrengo ikasketa faseetan. “Badirudi katuka egiterakoan zailtasunak izatea edo bi aldeetara buelta ez ematea bezalako arazoak desagertu egiten direla haurra hurrengo fasera igarotzean, baina atentzio gabezia edota hiperaktibitatea bezalako fenomenoak sortu ditzakete etorkizunean. Gauza txikiak dira, ez dira larriak, baina larriagotu daitezke urteen poderioz. Gero eta beranduago egin, orduan eta zailagoa izango da bideratzea”. Horregatik, fisiopediatren funtzioa goraipatu du Burdainek: “Haurrak fisiopediatretatik igaro beharko lirateke pediatretatik igarotzen diren bezala, jaio eta hurrengo hilabeteetan, dena ondo dagoela detektatzeko”.  “Adi egoten gara, eta umea garapen prozesuaren punturen batean trabatzen dela ikusten badugu, gurasoekin lantzen dugu gaia”. 

Gurasoen iritzia

Guraso ugarik egin dute bat Laudio Ikastolak haurrentzat planteatzen duen hezkuntza eredu berritzailearekin. Julen Castillok, adibidez, mugimendu askearen onurak nabarmendu ditu: “Badirudi horri esker umeak ikasi duela egunerokotasunak jartzen dizkion erronkak kudeatzen. Bere garapen prozesuaren protagonista bilakatu da”. 

Naiara Pikazak ere lehen unetik izan zuen argi mugimendu askea zela bere alabarentzako nahi zuen hezkuntza mota. "Haurrei espazio egokiak eskainiz gero, beren ingurua esploratzeko aukera ematen zaie, eta dituzten gaitasunak garatzeko".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide