Tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko udal gobernu taldeak bideratutako bono denden zenbatekoa ez dela nahikoa uste du EH Bildu Laudiok

Ander Añibarrok zuzentzen duen gobernu taldeak bono denda ekimenera bideratu dituen 6.000 euroak nahikoak ez direla salatu du alderdi soberanistak.

Aitor Burgoa: “Bizi dugun salbuespenezko egoeraren aurrean, udalaren erantzunak sektoreak hartutako erantzukizunaren araberakoa izan behar du. Ez dugu ulertzen gobernu-taldeak neurri honetan gabonetako kanpainetarako erabiltzen zen zenbateko bera erabiltzea”.

Laudio 2020.04.29 Tokiko merkataritza eta ostalaritza izan ziren COVID19k eragindako osasun-alertaren egoerari erantzukizunez erantzuten lehenak, euren negozioen pertsiana jaitsiz eta gure udalerriko familia askoren diru-sarreren iturria itxiz. Osasun-krisia hasi zenetik 45 egun igaro direnean, tokiko merkataritzak eta ostalaritzak unerik txarrenetako bati egin beharko diote aurre, sektorearen etorkizunaren ziurgabetasunagatik eta jarduera uzteak ekarriko dituen galera ekonomikoengatik.

“Tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreak izan zuen erantzukizun berdinarekin erantzun behar dugu erakundeetatik", adierazi du Aitor Burgoa zinegotziak. EH Bildu Laudiok kritikatu egin du ez direla nahikoak EAJ-PSEren gobernu taldeak aurreirekiera-bono ekimena aurrera eramateko erabiliko dituen 6.000 euroak. "Aurreko urteetan gabonetako kanpainetara bideratu den zenbateko bera, hau da, 6000 euro, bideratzeak tokiko merkataritza bizitzen ari den egoera ez ulertzea suposatzen du" adierazi du Aitor Burgoak. Alderdi soberanistak kritikatu egin du, era berean, EAJ-PSEren gobernu-taldeak tokiko merkatarien elkartearekiko hitzarmenaren gehikuntza neurri berri gisa aurkeztu izana, 2020ko aurrekontuetan jasota zegoenean.

EH Bilduk uste du udal honek egungo egoerak eskatzen dituen ondorio sozial eta ekonomikoei erantzuteko baliabide ekonomiko nahikoak dituela. Zentzu horretan, sektoreari zuzendutako neurri gehiago eta handiagoak eskatuko dizkio Ander Añibarroren gobernu taldeari.

Aitor Burgoaren arabera, "Kontu publikoek jendearen beharrei erantzun behar diete. Orain da hori erakusteko garaia. Merkataritzak eta ostalaritzak konpromiso argia behar dute, neurri zehatz eta baliabideen bidez". EH Bildu Laudio neurri sorta bat lantzen ari da osasun krisiak eragindako ondorio sozial eta ekonomikoak arintzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide