“Langileon borroka, eraldaketaren indarra” lelopean aiaraldeako langilegoa Laudion manifestatzera deitu du LAB sindikatuak. Eskualde mailako mobilizazioa izango da eguerdiko 12:30etan Lamuza plazatik abiatuko dena.
Langile Abertzaleen Batzarrak deialdiarekin batera adierazi duenez, “aurtengo maiatzaren lehena krisiaren testuinguruak markaturik dator”. Krisi honetatik ateratzeko instituzioek hartu dituzten neurri guztiak “patronalaren eta banketxeen irabazi margenak berreskuratzeko” izan direla salatu dute, “betiere langileen kontura”.
Lan erreformaren mehatxua ere aipatu dute euren prentsa-oharrean. Erreforma horrek “krisiaren aitzakiarekin langileon eskubideak oraindik gehiago murriztuko dituzten neurri estrukturalak” ekarriko dituela nabarmendu du sindikatu abertzaleak,
“Eredu sozial eta ekonomiko berri bat” aldarrikatu nahi du LABek manifestazio berri honekin, bai eta aldaketaren alde borrokatu behar duena langilegoa dela azpimarratu.
“Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalera ateratzea; nazkatuak gaudela plazaratzeko, aldaketak nahi ditugula aldarrikatzeko, eredu berri ezberdin baten alde gaudela adierazteko…”
ELAk Bilbora joateko deialdia egin du
Bestalde, ELA sindikatuak Bilbon manifestatzeko deialdia egin du. Mobilizazioa eguerdiko 11:30ean hasiko da, Jesuen Bihotzaren plazan. Bertan Adolfo Muñoz Txikik, sindikatuaren idazkari nagusiak, hitzaldia eskainiko du, eta ondoren manifestazioa Plaza Biribilirerantz abiatuko da. Eguerdian 5.000 pertsonentzako bazkaria egingo dute BECen