Ilusioz sortutako lasterketa baten kronika: Urduñako Mendi Maratoia

Erabiltzailearen aurpegia Irati Moreno 2017ko aza. 12a, 23:56

Azaroaren 12a. Denok irrikitan itxaroten genuen data izan da gaurkoa. Hilabeteetako lana, urduritasuna, gaizki lo egindako gauak, hiritarren ilusioa… Baina batez ere, poztasuna, alaitasuna, natura, kirola eta lokatza izan dira gaurko protagonistak.

Ezustean, eguraldia oso ondo portatu da gaur gurekin. Izan ere, pasatu dugun astea ikusita, eguraldi nahiko txarra espero genuen eta korrika egiteko, zein boluntarioek burutu dituzten lanak jarrera onez aurre egin ahal izateko, eguraldi ezin hobea egin du; behe-lainorik ez menditik, ez hotzik, ezta berorik ere, euririk ez... Den dena prest zegoen Urduñako Lehen Mendi Maratoiari hasiera emateko.

Goizean goiz hasi da giroa gaur Urduñan. Korrikalarien presentzia nabarmena izan da goizeko 8:00etarako. Puntu puntuan eman diegu irteera 42 eta 25 kilometrotako lasterketei, hain zuzen ere, 9:00etan. Guztira 220 korrikalarik parte hartu dute bi froga hauen artean. Tentsioa eta, batez ere, urduritasuna izan da nabarmentzekoa irteteko momentu horretan, baina korrika egiten hasi eta gozatzea izan da gehienen asmoa.

Ordu erdi beranduago atera dira 12 kilometroko lasterketaren 80 korrikalariak. Hauek azkenak irten bai, baina ondoren helmugaratu diren lehenengoak izan dira.

Lehenengo sailkatua Ander de Luis Cabezon izan da 00:49:14ko denborarekin. Bere atzetik, Urko Ibarrola Albizua amurrioarra heldu da minutu bat eta 6 segundoko diferentziarekin. Hirugarren sailkatua ordea, Iñaki Ormaetxe Eguren arrasatearra izan da eta lehenengoa baino minutu bat eta 16 segundo beranduago heldu da.

Emakumezkoak

Emakumeen artean, nabarmentzekoa izan da, eskualde neskek egin duten lana. Izan ere, Maider Urtaran Laresgoiti laudioarra izan da frogako garailea 01:00:51ko denborarekin.

Ostera, bere atzetik, Oiane Del Valle orozkoarrak gurutzatu du helmuga minutu bateko diferentziarekin. Hirugarren sailkatua, Sopelanatik etorri zaigun Beatriz Lalaguna Palacio izan da, Urtaranetik ia-ia 4 minutura. Urduñako korrikalarien artean Ivon Legarreta Marcaide izan da garailea.

Lasterketa herrikoia

Proba herrikoiko guztiak heldu aurretik, 25 kilometroko lasterketaren lehenengoak jada, heltzen hasi dira.

Berriro ere, orozkoar bat igo da podiumera, kasu honetan, Joseba Urbano izan baita lasterketa horren garailea. Urbanok 02:23:55eko denbora egitea lortu du. 38 segundo igarota heldu da bigarren sailkatua izan den Iñigo Arantzamendi Alkorta ondarruarra eta hortik eta minutu bat eta 9 segundora heldu da hirugarrena, David Vitoria Otxaran gasteiztarra.

Emakumeen artean ordea, Zulima Carrion Flores izan da lehen sailkatua. Carrion Kastrotik etorri da eta 03:05:00eko denbora egitea lortu du. Bigarren sailkatuko postua Izaskun Larrinaga Sainz laudiorrak eskuratu du 15 minutu eta 47 segundoko diferentziarekin. Hirugarren emakumea Ainhoa Elizondo Alzola gasteiztarra izan da eta erlojua 03:31:58ean gelditu du. Urduñako korrikalarien artean, Iñaki Sanchoyerto Ugarte izan da txapelduna.

Distantzia luzeko lasterketa, hau da, gure mendi maratoi kuttuneko korrikalarien zain egon eta bat-batean, 4 ordu oraindik igarota ez zeudela, Foru Plazan agertu zaigu Xabier Zarranz Osinaga. Osora 03:58:22an gurutzatu du helmuga eta horri esker jantzi du txapela.

Handik eta 9 minutu eta 15 segundora agertu da bigarrena, Hondarribitik etorritako Martxel Bereau Baleztena. 04:24:38 igaro direnean Javier Agustin Garcia Burlatako korrikalariak eskuratu du hirugarren postua.

Emakumeen artean ez nuke jakingo garailea zein izan den esatea. Sailkapen ofizialean Arantzazu Perez de Arenaza Elizondo gasteiztarra agertzen baita, baina eskutik helduta Veronica Dominguez Villazalarekin gurutzatu du helmuga.

Elkarrekin egindako lasterketa baten ostean benetako lagunartekotasuna zer den erakutsi digute. Biek 05:00:27 behar izan dituzte helmugaratzeko. Hirugarren sailkatua ordea, Getxotik hurbildu zaigun Amaia Amantegi Escribanoa izan da eta 5 minuturen buruan heldu da helmugara. Aipatzekoa da Urduñako korrikalari ausart bakarra izan dugula lasterketa honetan, Haritz Pinedo Garcia.

Eskerrik asko benetan egun zoragarri hau posible egin duzuen guztioi: boluntario, laguntzaile, kolaboratzaile, korrikalari zein ikusle. Zuek gabe guzti hau ez litzateke posible izango. Bihotzez mila esker eta datorren urtera arte!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide