Torturaren aurkako nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Galder Bonilla 2014ko ots. 1a, 00:00

Jada, 33 urte pasa dira 1981ko otsailaren 13an, polizia espainolek Joxe Arregi militante abertzaleari eragindako tortura basatien ondorioz erahil zutela. Kasik urte kopuru berdina Joxean Lasa eta Joxi Zabala militante eta errefuxiatu politikoak bahitu, hilabetez torturatu eta erahil zituztela. Gertakizun horiek inflexio puntua ezarri zuten Euskal Herriko historian, eta orduz geroztik gure herrian bizi izan dugun errealitate gordin hau salatzeko egun seinalatua da gaurkoa. Joxek, beste ehunka euskal herritarrek bezala, ezin izan zion errepresioaren aurpegirik bortitzenari ihes egin. Atxilotua, egun luzez inkomunikatua eta basatiki torturatua izan zen, bere kideei gutun batean idatzi bezala “Oso latza izan da!”.


Gure herriak azalean ezagutu izan du urte luzeetan zehar tortura. Etsaiaren atzaparretan erori eta militante abertzaleoi informazio politikoa ateratzeko baliatua izan da, informazioa zeinarekin ondoren, kideen aurkako sarekada berriak, edota Espainiar zein Frantziar Estatuetako epaitegietan froga gisa torturapean eskuratutako deklarazioak onartzen diren, horren ondotik kartzela zigorrak ezarriaz. Bada ordea beste errealitate bat, non tortura determinantea den: ihesa. Izan ere, atxiloketa eta honekin batera datorren inkomunikazio eta torturak ekiditeko asmoz hamaika euskal herritarrek euren bizitza atzean utzi eta ihesera jo behar izan dute azken hamarkadotan zehar.


Egun, beraz, oso presente dagoen errealitatea dugu torturarena. Ezker Abertzaleko militanteok gertutik ezagutu dugu azken urte luzeetan, eta oraindik ere epaiketa ezberdinen inputazioetarako oinarri edota ihesean ditugun burkideen ihesaldirako eta itzuliezintasunerako pisuzko arrazoia dugu. Gure herriak bizi duen gatazkaren errelatoa idazteko ordua dugula aipatu dugu sarri azken aldian, egiazkoa eta ez etsaiak saldu nahiko duen errelatoa. Zeregin horretan denok dugu zer esan, nondik egin ekarpena, Euskal Herrian gertatutakoaren errelato integrala idazteko ardura ere gu denona da. Eta gazteona ere bada, noski. Gauzak horrela, datorren Otsailaren 13an kalera atera eta ekimen ezberdinen bitartez tortura bai eta torturatzaileak eurak ere gogor salatu beharko ditugu. Izan duen erabilpen politikoa agerian utzi eta herri honek bizi izan duen eta egun ere gure artean dagoen errealitaterik beltzena jendartean zabaldu behar dugu, sekula ahaztua eta hortaz errepikatua izan ez dadin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide