Amets eta Aimar, pilota eta bertso. Omenaldi txiki bat

Aspalditxo idatzia da hau. Eta hain aspaldi ere ezen, berriz idatziko banu, guztiz bestela idatziko bainuke.

Asteburu ederra joan zaigu oraintsu pasatakoa. Edo ederra izan zait niri behintzat, pilota eta bertso. Eta pilotan zein bertsotan, bi txapeldun handi ikusi baititugu.

Epeltxoago dut nik, gauzak diren bezala, bertsotarako zaletasuna pilotarakoa baino, baina  biak gogoan nituela  gertatu zitzaidan aspaldian hau idaztea. Omenaldi txiki gisa hartua izan dadila: Amets Arzallus eta Aimar Olaizola.

 

XENPELARREN” BERTSO BATZUK DIRELA-ETA

Los unos jugamos a la pelota muy bien; los otros hacemos versos en vascuence bastante mal”

(Baroja, La Leyenda de Jaun de Alzate)

 

Liburuxka bat eskuratu zitzaidan aspaldi: Chansons Basques (Hendaia, 1967). Pilotari buruzko kantu batzuk ageri dira bertan, eta aipamen berezia merezi du, nire ustez, horietako batek. Ez, nahi bada, kantuaren beraren garrantziagatik (aski arina eta gehiagoko traszendentziarik gabea baita, egia esateko…), baina bai han-hemen agertzen zaizkigun beste bertso-sorta batzurekin ditugun -edo izan genitzakeen- gorabeheren adibide on egiten duelako, baita bere txikian ere.

Nolabait esan, finkatutzat ematen ditugun kantu nahiz bestelako testu askoren aurrean, beharrezko izaten baita batzutan galdera ere egitea; hau da: hitz, arrazoi edo esaldiren bat auskalo nondik erantsia ote duten horiek, hain nabarmen deslai eta lekuz kanpo ematen baitute horiek hor

Oraingoan bai, makur eta nahasbideei atzematea suertatu zait, kasualidadez kasik, baina argi erakusten du horrek nolakoak izan litezkeen tartikak eta zokomokoak beste askotan ere. Ez baita inola ere pentsatzeko oraingo hau kasu bakarra dugunik, noski… Zenbat horrelako gehiago bazterretan, alegia.

Pilotaren historiarako, historigintzarako, oinarrizko baldintza baita (gehiegitan ahazten bazaigu ere) jakiniturrien eztabaidatze kritikoa. Miletan ikusi dugu batere onartzeko moduko ez diren iturri, albiste eta “argitasunetatik” ondorioztatu dizkigutela gero inola ere gainetik kentzerik ez dagoen hainbat ixtorio oker, makur eta zentzugabe.

________________

Baina asko da “hitzaurrerik”, eta gatozen harira.

Esan dudan liburuxkako kanta jakin batek axola dit oraingoan: Zu zira pilotari izenekoak, hain zuzen ere.

Canción en dialecto zuberoano bezala aipatzen zuen hori Bozas-Urrutiak bere bibliografian… Euskalkien nahasketa bitxia da kantua, ordea, berdin “degu” nahiz “zira” adizkiak ematen baitzaizkigu, nahitara, nahasian. Eta horretxek, hau da, adizkerak nahasian agertzeak, eman zidan begietan lehen… “harrigarria”. Hortik gora gainerakoak, tarraka…

Hasieratik hartu nion kantuari ezagun-airea, baina nire buru txarragatik denbora puska pasata baizik ez nintzen ohartu zer gertatzen zen. Eta ohartzea, gainera, arazoarekin batere zerikusirik gabea emango lukeen zerbaitetatik iritsi zitzaidan: Domingo Agirre ondarrutarraren Garoa-ren 1935eko bigarren agerraldi obetu-ko ale batetik, alegia.

Eta bertatik azpimarratu nahi dut hori oraintxe: ez Garoa irakurtzetik [1912koa, jatorriz], eta bai zehazki 1935ean egin zen agerraldi obetu hartako ale bat irakurtzetik, Agirreren jatorrizko testuaren aldean“agerraldi obetuak” eragin zuen aldaketa batean baitago oraingo giltzetako bat…

Urkiolan, San Antoniotan, bertso berriak aldarrika saltzen zituen gizon bat aurkezten zuen Agirrek. Xenpelarrenak omen ziren bertsoakzeren Agirrek berak zioenez –eta ez ironiarik gabe, aidanez- Xenpelarrenak baitziren orduan bertso guztiak saltzeko garaian. Ondoena saltzen zuen, dirudienez,,errenderiarraren izenak.

Prantziako pelotariai ateratako bersoak dira, bertan aurkezten zaizkigun bezalaxe:

Amalau españoletan

 Mateo prantzesa aaa.

Partidu onentantxe

izan da trabesa aaa. 

Lau lautara

Ziran asi.

Altzuenak

Irabasi.

 

 

 

Bai neurri eta bai arrazoi, aski arraro dira horiek, noski, bestelakoetan sartu gabe ere… Baina, batez ere –eta hauxe da oraingo “kontu” gehiena–: bertso bietako bat bera ere ez da Xenpelarrena, bestela esan bazaigu ere.

Lehenengo bertsoa (h.d. Amalau españoletan…), Bautista Eizagirre, Azpeitiko Txikito, "partidetako buru" izanik, Donostian 1862an jokatu zen partida batez Alkain Udarregik jarritako bertsoetarik dugu.

Eta bigarrena, berriz (Lau lautara…), Ramon Artolak Donostiako Euskal-Erria aldizkarian 1888an kaleratu zuen PillotariyakDonostiako muralla kontra luzean jokatutako partiduba hartatik heldua zaigu, trikili-trakala heldu ere, zatika eta itxuragabetuxea.

Artolaren jatorrizko bertso hauetxetatik dugu, halaber, gorago esana dudan Zu zira pilotari hura ere. Hortik aditzen nion, beraz,ezagun kutsu hura… Eta ni harrituta, haserre ere bai kasik, bat-batean hain “begien bistako” iruditu zitzaidan zerbaiti nola hain luze ohartu gabe egona ote nintzen galdez…

Zeozer esan dezagun bertso horietaz, bigarrenetik hasita, hau da, Ramon Artolaren Pillotariyak… hartaz lehenik:

A) Jose Zapirain Txapillok, donostiar idazle, bertso-jartzaile eta pilotan ere gogotik saiatutakoak azaldu zuen urte batzuk geroago partida hura zer eta nola izan zen, bai eta Artolak bertsoak nola boteak zituen ere (Luzian... moch!”Euskal-Erria aldizkaria, 1911). Ikaragarrizko partida xelebre eta kalamidadea egiten ari zirela  galtzaileak, are-eta irabazleek, zirika, tranpian ari ote ziren galdetzerainokoan ere. Artolak besoa hautsi zuela eta Petrikillo famatuarengana eraman behar izan zutela... Eta nola ohatilan zeramatela kantatu zituen Artolak bertso horiek… Oraintsu ikusia dut Koldo Mitxelena Kulturunean dagoela bertso horiek jatorrizko idazketa, Artolaren beraren eskutik idatzia, eta 1862koak dira bertso hauek ere. Hortik nola edo hala nahasmendua?

B) Alkain Udarregik ondutako bertsoetaz, bestalde, esan dezagun hiru partidara izan zela bertsoetarako gaia eman zuen desafioa (partida / kitora / ahuntza; partie / revanche/ le tout), bi Donostian eta beste bat Irunen jokatzekotanMatieuren taldeak irabazi zuen Irungo partida, eta Bautistarenak, berriz, Donostiako biak. Donostian jokatu bi partidetako zeinek eragin zituen zehazki Udarregiren bertsoak, ordea, ez dakit.

Esan gabe ere badoa, noski, Matieu Borotra ahetzarra baizik ez dela Udarregik kantatutako "Mateo prantzesa" hura, eta oraingo kontu ez bada ere, aipa dezagun oraino Matieuk Irunen irabazitako partidaren oihartzuna ematen duela urte hartan berean, 1862anAntoine d’Abbadieren Koplarien Gudura aurkeztu zen kantu batek, “hutski pilotari” bainohainbat frantses abertzaleagoa.

[Post (2011-12-02): Oraintsu berrikitan aurkitua dut Frantziako Bibliothèque Nationale-tik “afixa” bat, 1862koa hain zuzen, Matieuk bere senitarteko batzurekin batera, “espagnolen” kontra Parisen jokatutako partida bat goratik iragartzen zuena. Handia izan zen bolada hartan ahetzarraren sona... Eta, besteak beste, Matieuren eraginari esker eta inguruan gogoratzen zuen 1924an Saint-Jaymek bereAu Pays Basque liburuxkan errebotean errefera ez gehiago boleaz baina beti-beti, nahitaez, punparen ondotik egin behar izatea. Bada horretan ikuspuntu historiko eta teknikotik zer eztabaidatu, egiaz, baina Matieuren famaren lekuko gisa ekartzen dut orain donapalautarraren esana, besteak gorabehera... Hurrengo baterako utziko dut hori orain, Gaskoinaz aurkitua dudan 1853ko aipamen batek nahitaez ekarriko bainau kontu honetara berriro ere. Eta Irungo partidara ere bai... Tiburzio Arraztoaren segurtasunak berriz ere dardaraztekotan, nahitaez.

Gero, gainbehera hasita, Ameriketarako bidea hartu zuen Matieuk... Eta ez, hain zuzen ere, Ameriketara pilotari joatekotan, eta bai bere herrian goseak hilko ez bazen, pilotari izan edo gabe... Esateko ere, Pierre Lotiren Ramuntcho-k, Borda Otharre azkaindar pilotari garaikideaz harago ere, esango nuke badituela bestelako inspirazio iturriak ere: Matieu bera, esate baterako, edo Matieuri bezala gertatua zitzaienak. Cfr. adibidez, Ainhoako Jean Duvoisin kapitainak,  Le jeu de paume artikuluan ematen zuen Oyhanto koplariaren konposizioa... Espainiar kostunbrismo errazaren harian dugu toreadorea eta tonadilleraren topikoa, eta irudi luke izanak ditugula guk ere “pilotaria” eta “etxeko alaba” [=prima ejerra] nolabaiteko maitasunezko topiko tradizional… Zenbat eta ezinago, hainbat eta gustagarriago, jakina.]

Horra, beraz, zer nolako ogia eman zigun Agirrek Udarregiren eta Ramon Artolaren bi kanturen zati muturrak nola edo hala “oratuta”: bi bertso, ez neurriz, ez zentzuz, eta ez beste inondik ere kasik, ganorarik ageri ez dutenak, “bertso sorta” eginak zaizkigu… Eta emaitza ongi nahaspila izateaz gainera ere, aitaorde okerra ere eman zitzaien haiei oraino, biribiltzekotan: Xenpelar

Kontua ez da horrenbestez amaitzen, halere

Agirreren Garoa-ren laburpen luze bat argitaratu zuen Jean Etcheparek Gure Herria aldizkarian, 1922an, eta honela zioen lekondarrak bertso horien aipamenera helduta: neurtitz batzu, arras ere pullitak, dioanez, senpertar batenak, Frantziako pilotarien gainean emanak". 

Esateko ere, horretxegatik azpimarratzen nuen gorago 1935ko argitaraldiak ematen zuela ixtorio horretan “argia”: Agirrek ez zuen jatorriz Xenpelar idatzi, eta bai Senpelar… 1935eko bigarren agerraldi obetuak aldatu zuen Agirrek 1912an idatzitako Senpelar hura eta gaur egun gu guztiona litzatekeen Xenpelar forma eman (Manuel Lekuonak?). Hortaz, bistan da, 1922rako, Etcheparek Senpelar baizik ezin zuen besterik irakurria izan... Guztiz gauza misteriosoa berarentzat, inondik ereeta berarentzat ezagunagoa zen senpertar hori eman zion begi-kolpeak, senpelar ezezagun haren aurrean.

Bertso berriak, Xenpelarrek jarriak” eta “Oyen madria zein dan, Xenpelarrek daki”… Dena aldi berean, gainera. Nork ematen du gehiago?

Azken oharra: Tiraka zerbait egin behar dugu horretan oraino, Udarregik ez baitzuen berez Amalau españoletan kantatubaizik-eta Zazpi españoletan

Udarregirenak, “jatorrizkoak” alegia, horrela esatekotanbadu “zentzurik" pilota aldetik. Hau da: partida errebotean izaniklauk laurizazpi genituzke horrenbestezeta Matieu zortzigarrena.  Baina “Amalau” horri ez diot nondik heldu ikusten, non beste nonbaitetik ez zaigun horra eroria. Beste bertso batzurekin nahastetik-edo…

Ni luzez bezalaPatziku Perurena ere gutxi konturatu zen Euskarak sorgindutako numeroak (1999) liburu ederrean bertso “bera” direla bai Domingo Agirrek Garoa-n emandakoa eta bai Udarregirena ere, eta elkarren berez eta bana bezala aipatu zituen bertso sortak, “Hamalau” nahiz “Zazpi”-etaz jardutean, hurrenez hurren

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide