IRITZIA

Trantsizio energetiko “jasangarria” eskualdean?

Mendiak Aske taldeko irudiak alderatzen du Gorbeiako Gurutzea eraiki nahi dituzten errotekin./ Mendiak Aske

Eredu energetikoaren aldaketa (mugikortasun jasangarria, etxebizitzen birgaitzea, energia berriztagarrien hedapena edo autokontsumoa) errealitate bat da gaur egun, eta hurrengo urtetako erronka garrantzitsuenetarako bat izango da nahitaez. Europatik, Espainiatik edo Eusko Jaurlaritzatik bertatik, legeak egin edo egiten ari dira, eta planak aurkeztu dira berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, energia berriztagarriak eta energia-eraginkortasuna sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, 305 milioi euro bideratuko ditu klima-neutraltasunaren bidean aurrera egiteko 2050erako; lurraldea hobeto egokitzea klima-aldaketaren ondorioetara; eta klima-ekintzaren eta trantsizio energetikoaren zeharkakotasuna politika guztietan bultzatzea finantzatzera.

Gure eskualdeari dagokionez, urte batzuk lehenago bezala, gaur egun ere proiektu energetikoen proposamenak ditugu, kasu honetan industriagune eolikoak berriro ere, sentsibilitate ekologiko handiko eremuetan ezarri nahi direnak, eta horrek gaitzespena eta aurkakotasun-mugimenduak sortu ditu azken hamarkadetan.

1996an borroka bera

1996 eta 1997 urteetan, Salbada Mendilerroaren Aldeko Plataformak, eskualdean garai hartan Araba, Burgos eta Bizkaia arteko mendi mugakidean planteatzen zen makroproiektu eolikoari buruzko eztabaida piztu zuen. 2009 eta 2011 urteen artean, Zanpazun, Jesurin eta Ganekogortan eraiki nahi zituzten zentral eolikoei buruzko sentsibilizazio-plataforma berriak gai honi buruzko eztabaida gizarteratu zuten eskualdean. Proiektu horiek zuzeneko eta zeharkako eragina zuten Amurrio, Zuia, Urduña, Orozko, Laudio, Okondo eta Arrankuadiaga-Zolloko udalerrietan.

Garai hartan, herri plataforma hauen helburuak guztiz bete ziren. Alde batetik, lehentasunezkoa izan zen planteatzen ziren industrializazio berriek zekartzaten kalteez eta inpaktuez gizartea informatzea eta kontzientziatzea. Eztabaida gizarteratu egin zen, kalera aterata. Gizartea mobilizatu zen, proiektuengatik eragina zeukaten udalek landu behar izan zuten enpresak pribatuek, zein Aldundiak edo Eusko Jaurlaritzak eman zizkieten dokumentazioa eta izapideak. Administrazio-izapideen dokumentazioa xehetasunez aztertu zen, unibertsitatearekin, aholkularitzekin edo ingurumen-arloko elkarteekin lotutako hainbat teknikariren, irakasle eta ikasleren altruismoari esker. Proiektuen alegazioak, alternatibak eta konponbideak aurkeztu ziren. 

Frackinga

Enpresek ez zuten jarraitu. Zergatik? Ez dut uste soilik eskualdeko oposizioagatik izan zenik. Trantsizio energetikoaren estrategia gauetik goizera aldatu zen. Gero, urte batzuetan, energia berdeen lehentasuna alde batera geratu zen, eta administrazioak, haustura hidraulikoaren edo fracking-aren aldeko apustua egiten saiatu zen, eskisto-gasa deritzon ateratzeko aukera ematen duen teknika proposatuta. Planteamendu hori burbuila bat izan zen, herritarren kontrako erantzun handia jaso zuen, eta espero ziren erreserborioen errentagarritasunak eta ustiapen-kostu handiengatik, ez zuten aurrera egin.

Geroztik, urte hauetan guztietan gauza asko aldatu dira, baina beste batzuk berdin jarraitzen dute. Alde batetik, errota eolikoen eraginkortasuna hobetu egin da. Adibidez, Jesurin-Larragorrin, gaur egun, lehengoekin alderatuz potentzia bikoitza baino gehiago duten errotak planteatzen dira. Era berean, eremu geografiko askotan, non duela bi hamarkada lehen errotak instalatu ziren, belaunaldi berrikoengatik aldatzen ari dira. Repowering moduan ezagutzen da operazio hau eta natura ingurune berriak ez antropizatzeko alternatiba bikaina izan daiteke, MW potentziaren gehikuntza nabarmena lortzen delako eta lehendik eraikitako instalazio gehienak erabili daitezkelako.

Eolikoak, nuklearra, auto elektrikoa...

Deigarria da bi hamarkadatan Energia Eolikoaren Lurralde Plana ez dela berritu. Antza denez, 2023ko udaberritik aurrera, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (EBLPS) barruan egingo dela eguneraketa, eta gogora ekarri behar da tresna hori nahitaezko dela zentral eolikoen eta solarren planifikazioan, modu ordenatuan non jarriko diren arautzeko.

Gai hau, datu guztiekin aztertzea beharrezkoa da eta  jakin beharko genuke ea oraintxe bertan parke eoliko edo eguzki parke gehiago eraikitzea benetan beharrezkoa den. Gaur egun, estatuan instalatutako potentzia elektrikoa erabiltzen duguna baino handiagoa da. Sinetsarazi nahi digute energia berriztagarrien sistema gehiago instalatzea dela konponbidea, baina kontua da guk elektrikoak ez diren energia-iturriak behar ditugula.

Ikusi beharko da noiz iristen den azkenean Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala berria, eta zer gertatzen den erregulazio berri honen aurretik ezarri nahi diren zentralekin. 

Oso kontuz ibili behar da promesa teknologiko faltsuen tranpetan ez erortzeko. 

Ibilgailu elektrikorako trantsizioa ez da marka industrialek edo politikoek planteatzen diguten bezain idilikoa. Ilusioz betetzen gaituzte pentsatzearekin automobil-parkea elektrifikatu ahal izango dugula, baina muga asko daude baterietako beharrezko azpiegituran, kargan eta materialetan. Hidrogenoak oraindik dituen mugak ere ezagutzen ditugu, nahiz eta konponbide bezala saltzeko interes handiak egon dira. Energia nuklearrak arazo asko ditu ingurumenaren ikuspegitik, eta Europar Batasunak etiketa berdearen sailkapena ez da oso baikorra, uranioa ere amaituko dela kontuan hartuta.

Zaila da jakitea zer izango den hurrengo hamarkadan aurkituko duguna, argi daukagu krisi energetikoak baldintzatuko dituela hurrengo urteak eta beharrezkoak direla zientzian ete teknologia berrietan oinarritutako irtenbide errealen alde egitea, interes ekonomikoak alde batera utzita. Bien bitartean, denboran irauteko, gizarte ereduaren aldaketa erradikala beharrezkoa da, baina momentuz ez dago eta ez da espero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide