Txanponaren bi aldeak

Koppenberg eta Carrefour de l’Arbre-ko harbideak, Murrayfield eta Millennium estadioak,
olinpiadetako atletismo finalak, txapeldunen ligako ereserkia edota buruz buruko pilota txapelketako
finala, beste askoren artean, eliteko kirola maite dugunontzat zirrara sortzen duten sinboloak dira;
pasioa eta zirrara, oilo ipurdia. Telebistaren aurrean begiek dir-dir egiten dute hauen presentzian, eta zer esan bertatik bertara haien kontaktuan egoteko pribilegioa dutenen kasuan.


Eliteko kirolaren txanponaren beste aldean EPO, AMA, Ben Johnson, Puerto auzia, Maria Sharapova,
Lance Armstrong, Marion Jones, xiringa edota Femke Van den Driessche bezalako izenak ageri dira,
eta zoritxarrez, kirolak eskeintzen duen espektakuluak baino dimentsio handiago hartzen dute; goi
mailako kirolari guztiak, bereziki erresistentzia maila oso handia eskatzen duten kirola praktikatzen
dutenak, hots txirrindulariak, atletak edota igerilariak, politoxikomano hutsak direla denok entzun
dugun esaldia da. Haien errendimendu fisikoa, kanpotik hartutako sustantzia edo “laguntza” batek
sortua da soilik.


Jarri gaitezen une batez goi mailako kirolari baten azalean. Denetarik dago, baina orokorrean
pertsona burugogor bat izaten da, egiten duenarekin sufritzen duena baina aldi berean ezeren
gainetik maite duena, haurra denetik buruan kirola egitea beste ametsik izan ez duena (edo hori
sinestarazio diotena) eta askotan bizitako momentu garrantzitsu asko (lagunekin parranda egitea
edota seme-alabak hazten ikustea) galdu edota galduko dituena. Egia esan, asko eta asko gizajo
batzuk direla iruditzen zait. Batzuk dirutza irabazten dute, guztiz lotsagarria dena, baina gehienek guk uste duguna baino gutxiago, eta iruditzen zait diruak baino gehiago amets batek gidatzen dituela bere bidean.


Printzipioz, goi mailako kirolaria izateko baldintzak, berezko ezaugarri fisiologiko eta fisiko apartak
zein zorte apur bat izateaz gain ondokoak dira: burua, entrenamendua, elikadura egoki bat izatea eta punta puntako materialak erabiltzea. Printzipioz, lehena eta bigarrena landu egiten dira (doping-ak hauek hobetzeko balio du), eta azken biak erosi. Izan ere, kirolaren industria munduan diru gehien mugitzen duenetakoa da. Ikustea besterik ez dago kalean zenbat jendek praktikatzen duen kirol bat edo bat baino gehiago, horrek dakartzan gehigarri guztiekin. Esan nahi dut, pentsa korrika egiteko zapatilla arruntak edota edari isotonikoak saltzen dituzten enpresen etekin ekonomikoak zenbatekoak izan behar diren! Ba pentsa orduan gorputzaren muga fisikoetatik hurbil dagoen pertsona batek kilometroko segundu bat hobetzeko lanean ari denaren lanaren dimentsioa zein izango den! Goi mailako ikerketa taldeak jo eta su ari dira raketarik (zurruntasun eta pisua bezalako parametroak aztertzen) edota bainujantzirik (urarekiko marruskadura edota aerodinamika aztertzen) onenak diseinatzen, horretarako urtero milaka milioi xahutzen.


Goi mailako kirolari askok haurrak izan direnetik sekulako presioa jasan dute inguruarengandik; guztiz babestuak eta mimatuak egon dira, maíz errealitatetik baztertuak, gurasoen ametsak eta interesak betearazteko misioa izan da haien bizia. Punta puntako materialak eta kirol instalakuntzak izan dituzte eskura, eta fisioterapeutarik, fisiologorik eta dietetistarik onenek zaindu dituzte haien
gorputzak errendimendurik handiena eman dezan. Umeak zein nerabeak direnean, txapelketa
guztiak irabazi dituzte. Nire ustez, hau da kirolaria eta dopinga hurbiltzen dituen lehen arrisku
faktorea. Beti dena irabazteko beharra sentitu duenak, dena irabazteko baldintza egokienak eta
erreztasun guztiak izan dituenak, ez du beharbada frustrazioei aurre egiteko beharrezko arma
psikologikorik garatu, eta horrela, irabazten hasten ez denean ezin dio inguruko presioari aurre egin
(familia, fama, sponsorrak), eta bere buruarekin arazo larriak izan ditzake; honek, dopinga hartzera
edota depresiora eraman ditzake. Adibide bat Martin Hingisena izan daiteke. Amak Martina izena
Navratilovarengaitik jarri zion alabari, tenislaririk onena izango zelako egun batez! Izan, izan zen,
baina heldua bilakatzean drogekin arazo larriak izan zituen, haurtzarotik jasandako presio
ikaragarriari ezin eutsiz ziurrenik. Antzeko kasu bat Ian Thorpe igerilariarena izan zen, ia bere buruaz
beste egin zuena, eta hirugarren bat, oso tristea, Marco Pantanirena: honek, giroa irabaztear zela
ustez positibo eman eta ezin izan zion bere buruari buelta eman: handik denbora gutxira droga
gaindosi batek hil zuen.


Bigarren arrisku faktore nagusia nire ustez lehen aipatu ekonomiarena da. Goi mailako kirola
multinazionalekin, denarekin lotu da gaur egun. Kirolariak modaren ikono berriak dira, denek haiek
bezalakoak izan beharra daukagu, haiek erabiltzen dituzten kremak jarri, zapata berdinak eraman.
Jainko bilakatu dituzte markek, haien produktu fetitxeak bilakatu dira, eta mantendu egin behar
dituzte. Horrela, Hollywood-eko aktoreek gazte mantentzeko botoxa erabiltzen duten gisan, goi
mailako kirolariek haien errendimendu fisikoa mantendu behar dute punta-puntan mantentzeko,
irabazten jarraitzeko, “modaz pasata” ez geratzeko bederen. Oso konplikatua iruditzen zait afera hau, eta egia esan, ez dakit zein puntutaraino kirolari batzuk badakiten dopatuak diren edo ez, edota
oraindik okerragoa dena, dopatzera behartzen dituzten edo ez. Argi dena kirolariei esker milaka
milioiko irabaziak eskuratzen dituzten markek kirolari horiek goi-mailan behar dituztela, eta
hortarako edozer egiteko prest daudela. Ez dut frogarik esateko marka hauek dopingaren atzean
daudela, baina ez nintzateke batere harrituko batzuk bederen egongo balira.


Argi da goi mailako kirola sekulako koktela dela, lehia, grina, sakrifizioa eta ikuskizuna elkartzen
dituena, baina baita dirua, fama, interesa eta handi nahikeria ere; txanponaren bi aldeak. Kirolaren
berezko balioa zapuzteko inolako konplexurik ez daukan txanponarenak, kirolariak aldi berean heroi
eta esklabu bilakatu dituenak. Dopinga honen islada hutsa da, dopatzen diren kirolariak besteen
interesen menpe haien bizitza arriskuan jartzen duten biktimak dira. Dopingik gabe kirolak ez du
ikusgarritasunik galtzen, egitekotan irabazi egiten du. Dopingik gabe ordea zailagoa da idoloak
sortzea, eta kirolaren industriak (eta oraindik haratago, politikariek, begira bestela zer gertatzen ari
den ustezko Rafa Nadal-en dopingaren aferagatik) idoloak, irabazleak, jainkoak behar ditu, ikuskizuna baino. Jainkoek gehiago saltzen baitute ondo dauden gauzek baino.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide