IRITZIA

Bidegorria. Dena dago zegoen moduan

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2022ko aza. 23a, 06:50

Lege edo arauekiko begirune zorrotza sakralizatzetik urrun nago. Izan ere, lege edo arauak, askotan, kolektibo jakin batzuei mesede edo kalte eginez inposatzen dira. Hala ere, arau batzuk ez betetzeak ondorio larriak izan ditzake, hala nola trafiko-arau asko. Zirkulazio-kodea jende gehienak ezagutzen duen lege-kodeetako bat dela esan genezake; guztiek gidabaimena atera ez badute ere, gehienek bai, eta horretarako ezagutu egin behar izan genuen. Baina, benetan ezagutzen al dugu? Nik behintzat ez dut menderatzen.

Behin baino gehiagotan pentsatu dut Laudioko Zumalakarregi etorbide osoa zeharkatzen duen bidegorriak bertatik ibiltzen behartzen ninduela kale hori bizikletaz zeharkatu nahi banuen, nola edo hala, trafikoari traba ez egiteko. Askotan erabili dut, baina bakarrik etorbidea oso goiz zeharkatzen nuenean, kalean ia jenderik ez zegoenean. Erabilgaitz iruditu zait beti espaloietan oinezko ugari dagoenean; beti nahiago izan ditut Karmen eta Nerbioi kaleak Laudiotik irteteko, ez baitzegoen bidegorri erantsirik nondik joan zalantzan jartzen zidanik.

Zumalakarregi kaleko etorbidea erabilgaitz iruditu zait beti espaloietan oinezko ugari dagoenean

Laudioko kaleetan seinaleztatu berri diren bizikleta-erreiek eztabaida eragin dute. Harrigarria izan daiteke egun batetik bestera erdiguneko kaleak marraz beteta ikustea, eta lehen norabide bakoitzerako errei bat zegoen tokian orain gutxienez lau egotea (eta sei iruditu ere). Niri, harritzeaz gain, neurri egokia iruditu zitzaidan, baina bizikleta-erreiak neurriz gaineko marraztuta.

Eztabaidak aurrez aurreko iritziak utzi ditu agerian; batzuk egin denaren kontrakoak, baina arrazoizkoak; beste batzuk erasotzeko helburu bakarrarekin (sare sozialetan oldarkorrak izan dira askotan). Iritzi asko nirearen kontrakoak ziren. Batzuetan zirkulazio-arauak aipatzen ziren. Beraz, kodea irakurtzea erabaki nuen. Eta, araudiaren ikuspegitik, dena zegoen bezala dagoela ondorioztatu dut, ez da ezer aldatu: txirrindulariek ez dugu espaloitik zirkulatu behar; semaforoak errespetatu behar ditugu eta oinezkoei pasatzen utzi behar diegu zebrabideetan; bidearen eskuinetik ahalik eta gertuen zirkulatu behar dugu, eta gomendagarria da, baina ez derrigorrezkoa, bizikleta-erreietatik zirkulatzea...

Bizikleta-erreiak seinaeztatuta egotea egokia dela uste dut

Aldatu den gauza bakarra da orain bizikleta-erreiak markatuta dauzkagula bidean. Izan ere, orain eta lehen zirkulazio-arauek txirrindulariak ahalik eta eskuinetik joaten behartzen dituzte, eta bizikleta-errei erabilgarriak daudenean haietatik joatea gomendatzen diete (gomendatzen, ez behartzen). Dauden bezala markatuak (norabide bakoitzari dagokion galtzadaren zatiaren erdian) gomendatutakoa derrigorrezkoa denarekin kontraesanean dagoela eman dezake, baina kontuan izan behar da txirrindulariak ez duela eskuinera hurbildu behar arriskuan jartzeraino. Bizikletan atera naizen azken bi aldietan, Zumalakarregi etorbideko markatutako errei berrietatik ibili naiz; aparkatutako auto baten atea bat-batean ireki zen nire aurrean bietan; 10 cm eskuinerago joanez gero irentsi egingo nukeen.

Bizikleta-erreiak seinaleztatuta egotea egokia dela uste dut. Uste dut ere beste era batera marka zitezkeela, marra gutxiagorekin, agian ez galtzadaren ardatzeko marrak bezain lodiekin, beste kolore batekin... Aukera horiek ikusteko ez da urrunera joan behar, gertuko adibide asko daude.

Dagoeneko ez dut zalantzarik Zumalakarregi etorbideko espaloian dagoen bidegorriaren erabiltzeko betebeharrei buruz; erabilgarriagoak iruditzen zaizkit galtzadako bizikleta-erraiak. Karmen eta Nerbioi kaleetan ez daude markatuta, momentuz gutxienez. Edonola ere, San Juan errekaren kanalizazio-lanak amaituko direnean eta Nerbioi kale osoa trafikoari irekiko denean, nahiago izango dut kale horretatik eta Karmen kaletik igaro Laudiotik bizikletarekin atera eta sartzeko; zirkulazio gutxiago dago, ez dago semafororik eta zebra-bide gutxiago daude. Karmen kaleko radarrak ez nau kezkatzen, ez dut 30 kilometroko orduko abiadura gaindituko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide