Nik Olentzero ezagutzen dut

 

Bai, badakit oso originala ez naizela, mundu guztiak ezagutzen baitu Olentzero nor den, baina ez nabil txantxetan, nik benetako Olentzero ezagutzen dut. Txoro eginda nagoela pentsatuko duzue, baina duela urte batzuk postal bat bidali zidan. Bai, horixe, Olentzerok berak niri. Ez aldrebes, mundu guztiak egiten duen bezala. Nik txikitan sekulan ez nion Olentzerori idatzi, ezagutzen ez nuen eta! Nik errege magoei idazten nien.

Bai, bada, orain bai, orain Olentzero ezagutzen dut...postalean ondoko argazki itsatsita bidali zidan, eta nahi nuena eskatzeko esaten ez zidan ba! Benetan, ez da txantxa, ez nago ez jota ez mozkor. Ez dut gogoratzen zer edo zer eskatu nion, duela hamar urte baino gehiago izan zelako, baina bai ilusio handia egin zidala bere postalak... pentsa zelakoa... Olentzeroren postala jasotzea nahi nuena eskatzeko esanez...!!

Esan bezala, benetako Olentzero zen, basoan bizi eta aziendak gobernatzen zituen, eskuzabala eta bihotz handi-handikoa, bakean bizi eta ongi izatea nahi zuena mundu guztiarentzat. Mari Domingirekin (benetako Mari Domingi, bai horixe, oso emakume xaloa, beti edonor laguntzeko prest ) ezkondu zen eta familia bat osatu zuten, seme-alabak izan eta gero bilobak...Gure Herriko jende andanari lagunduko zion familia.

Antza, agintari ankerrek ez zuten gogoko Olentzeroren eta bere familiaren eskuzabaltasuna eta preso hartu zuten, urruneko espetxe batera eramanik, ez basorik ez aziendarik ez zegoen lurralde mortu batetara. Hori duela hainbat urte izan zen eta preso jarraitzen du Olentzerok... Urte luze horietan guztietan asko sufritu dute bai berak, urruneko ziega zikin batean giltzapetuta , bai bere familiak, bidaia luze eta gogorrak egin behar izan ditu ikusi ahal izateko. Mari Domingik berak, emakume indartsua izanagatik ere, ez zuen jasaterik izan eta hil egin zen. Olentzero oso triste egon zen bolada baten, baina oso pertsona maitatua denez , seme-alaben, biloben, kideen eta mundu osoko lagunen maitasunari esker, bere irribarrea eta bizipoza berreskuratu zituen.

Gaurkoan, kristauen Kixmiren jaiotzea ospatzen den honetan, beste behin ere, benetako Olentzerok ez du etortzerik izango, urruneko ziega ilun eta zikin horretan preso mantentzen baitute oraindik orain... baina entzun dut laster, oso laster, udaberriaren atarian, etorriko omen dela... Horra, Horra ...

Hator, Hator etxera bihotz handiko bizardun irribarretsua....

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide