Artadia, gure basoa

Inguruotako baso naturaletan artadia dugu ezezagunena. Edonorrek emango dizu pagadi edota hariztiren baten berri baina artadirik… Egiari zor, gure Laudio humanizatu eta industrializatu honetan, basoetan erreferentzia nagusia pinu intsignis eta eukalipto landaketak diren honetan, orban txiki eta ale solte batzuk izan ezik berezko basoa ia desagertua dagoela esan dezakegu. Horrexegatik are harrigarriagoa da artadiaren gainean dagoen ezezagutza, batez ere gure inguruko berezko basoetan hurbilena eta zabalduena denean.

Lehenik eta behin, esan dezagun, artadia artez osatutako basoa dela. Artea, haritzen familiako (Quercus) eta hosto iraunkorreko zuhaitza dugu, hau da, bere fruitua ezkurra da eta hostoak urte osoan mantentzen ditu. Egur onekoa izanik, oso erabilia izan zen ikazkintzan eta hori medio, desagertzeko zorian egon zen; soilik zuhaitz honek lurzoru pobre eta harkaitzez beterik duen zaletasunak erabateko desagerpena ekidin zuen , giza jardunetarako egokiak ez diren eremu horietan zabaltzean.

Artadia gurean, bizi dugun giro atlantikoan (Laudio eta kantaurialde osoko klima) harribitxi botanikoa dugu, izan ere, baldintza klimatologikoen arabera, mediterranear eremuko landare komunitatea litzateke. Izoztaroetan du jatorri fenomeno honek, arteak itsasoaren epelaren bila desplazatu zirenekoetan. Geroztik, klima atlantikoaren eraginpeko landaretzan irla baten moduan geratu ziren, artadi kantauriarra izeneko landare komunitatea osatuz. Grafikoki esateko, Laudion, Busturian zein Liendon topa dezakegun artea eta Espejon, Lizarran zein Huelvan topa dezakeguna ez dira igual-igualak. Aipatu bitxikeria bioklimatiko haren ondorioz, Quercus ilex (artearen izen zientifikoa) espezie bakarra zena, bi subespezietan banatu zen iberiar penintsulan: Quercus ilex ilex (“iparraldeko artea”) eta Quercus ilex rotundifolioa (“carrasca”). Jakina, azpiespezie bakoitzak antzekoak bai baina igualak ez diren bi baso mota ezberdin garatu zituzten eta kokapenaz gain, baso horien osaketak esango digu zertaz ari garen gehienbat, arte mota biak bereiztea ia ezinezkoa delako.

Laudioko herrigunean, gure etxeetan sartuta kasik, artadi kantauriarraren orbanak egon badaude, Kukullu mendian, Larran eta Bitorikako kanteran besteak beste; orbana baino gehiago, baso entitate hartuta, nabarmentzen dira Lamuza-Arrañokoa eta Ermualdean zabaltzen den zuhaiztia, Arabako artadi kantauriarrik azpimarragarrienetakoa dena.

Lamuza-Arraño eremuan, Parkearen goiko aldean, mendi magaletik gora egin ahala, lorategi-zuhaitz bilduma hutsa izateari utzi eta baso itxura hartzen hasiko da. Azken hamarkadetan aldatu diren zuhaitz espeziez osatutako baso zabala izango da hasieran, berezko oihanpe aberatsarekin. Oihanpe horrek Arraño mendian berez hasten den jatorrizko basoarekin du zerikusia, artadi kantauriarrarekin hain zuzen ere.

Arrañoko harkaitzez beteriko lurzoruan, artadia ez dago oso garatua eta soilik oso eremu murritzetan osatzen du baso trinkoa. Hauetan , artearekin batera, hosto iraunkorreko zuhaixkak agertzen dira, erramua, burbuxea, txorbeltza eta gartxua esaterako. Endalar igokariak ehundutako oihanpe ilun eta zeharkaezinak nekez utziko du tarterik landare espezie gehiagorako. Erratza eta otxar basatia dira bakarrenetakoak.

Baina landare multzo gotor horretatik kanpo, larre zabal eta argitsuetan, ipurua da (mediterraneo aldeko espezie tipikoa) jaun eta jabe, Arrañoko paisaia ezaugarritzeraino. Ondoan izango ditu hurritza, elorri zuria eta basarana bezalako zuhaixkak eta  Arrañoalde izeneko inguruan, ipuruekin batera gorosti ale zenbaiten agerpen ikusgarriak berez anitza den eremua aberastuko du. Laster batean hamarnaka lore espeziekin gozatzeko aukera izango dugu  eta bertako orkideen ederrak aho bete hortz utziko gaitu beste behin ere.


LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide