Bejondeizuela!!

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2018ko mai. 17a, 14:00
“Sherpa anonimoa” izeneko margolana.

 

1980ko maiatzaren 14an, euskal espedizio batek Chomologma-Sagarmatha mendiko gailurra zapaldu zuen lehenbiziko aldiz (mendebaldean Everest izenez ezagutzen dugun mendiaren jatorrizko izenak dira Tibeten eta Nepalen hurrenez hurren). Mendizale sokada hura Martin Zabaleta gipuzkoarrak eta Pasan Temba sherpak osatu zuten, espedizio osoaren lan eskerga bururaino eramanez eta borobilduz. Gailurrean, ikurriña eta Nepalgo banderaz gain, herri mungimenduko ikurrak eta aldarrikapenak utzi zituzten, argazki gogoangarrietan betiko islatuta geratu ziren moduan.


80. urteko espedizioaren arrakasta, hamabi urte lehenago hasitako lanaren fruitua izan zen, Andeetan aurrena eta 1974an Chomologma berean egindako saioen segida izan bait zen. Garaiko euskal mendizalerik indartsuenetakoak batu ziren goi mailako erronka bati ekiteko, planteamendu tradizionaleko espedizio astuna antolatuaz. Alegia, 15-20 mendizalez osatutako taldea, tona askoko material eta elikagaiak Himalaiaraino garraiatu itsasuntziz, ehundaka zamaketari, bertako mendizale sherpen laguntza, bi hilabete mendiaren magalean, kanpaleku ezberdinak… finean, aurrekontu potoloa eta logistika zaila eskatzen zituen enpresa-erronka handia , mendi eta eskalada zailtasunez askozaz haratago. Alde horretatik, euskal espedizio hark, meritua itzela izanagatik ere, ez zion ekarpen handigierik egin alpetar estilo arina ezagutzen hasi zen garaiko himalaiarismoari. Espedizio aitzindari nazionalen estilo astuna izan zuten eredu euskal mendizaleek, non herrialdearen izena eta bandera mendi puntan kokatzeak zuen garrantzia, nola igo baino.

Halarik ere, jokamolde berria ekarri zuen euskal espedizioak, estaturik gabeko herri baten nazio espedizioa izan baitzen. Gailurrean, ez zen estatu moderno baten bandera ezarri (gerra eta zapalkuntza ugarietan jaioak), baizik eta legeztatu berri zen ikurriña eta askatasun aldarikapen ikur gehiago. Antolakuntza oso herrikoia izan zuen, udal, erakunde eta herri eragile askok diruz lagundu bait zuten eta kirol helburuaren lorpena, munduan bere lekua nahi zuen Euskal Herri osoarena izan zen.


Espedizioaren kontakizuna egiten duen liburua argitaratu zen handik gutxira, “Buru Ilhun lurruntsua” izenburuz eta Felipe Uriarteren eskutik. Bi zatitan bereiz daiteke liburua: mendi jardunaren egunerokoa eta logistika kontuak batzen dituena bata; alderdi grafikoa osatzen duten argazki ikusgarriak laguntzeko F. Uriarte-ek idatzi testu ederrak bestea. Testuok, olerkigintzatik hurbil, gogoeta sakon eta zorrotzak dira, mendia, paisaia eta naturaren inguruan, bertoko kultura eta herritarrekiko begirunez beteta. Idatzi batere ez-ohikoak edonola ere, mendizaletasunaren garaipen-porroten epika nagusi izaten den testutetatik urrun. Zalantza barik, euskarazko mendi literaturaren harribitxia da liburua.


Felipe Uriarte gizpuzkoarak hasiera-hasieratik parte hartu zuen espedizioetan, modu nabarmenean egin ere eta liburuan berak idatziriko pasartei darien xamurtasunak euskal espedizio haren “estiloa” ondo laburtzen du.

Garai haietan, mendira biltzen hasiak ziren ume koxkor batzuk besterik ez ginen eta liluratuta geunden euskaldun haiek Nepal aldean egindakoarekin. Idealizatuta, heroitzat hartzen genituen espediziokideen izenak buruz genizkikien: Zabaleta, Temba, Hernando, Ang Rita, Garaioa, De Pablo…; eskalada bidearean mugarriak buruan iltzatuta: Khumbu, Nuptse, “arroka horiak”, “hego lepoa”, “Hillary koxka”; buruz errezitatzen genituen liburuaren pasarteak eta negarraraino hunkitu ginen “Agur Everest” filma ikustean.

Egunen batean Everest-era joatea zen gure ametsa. Gaztetxo ameslari talde haren parte Julen Reketa zen. Pertsona xamurra eta maitekorra da Julen eta bera izan zen talde hartan ametsa bete zuen bakarra, 2003. urtean Everesteko gailurra joaz. Oraindik dut gogoan, “Egunkaria”-ren egun hartako azala, batera tontorra lortu zuten bost euskaldunen argazkiekin. Hunkitu nintzen hura ikustean, neurri batean ni ere lorpenaren parte sentituz , Julen ameskide izan nuen heinean. Gaur egun Everest igotzeak xarma galdu omen du eta mendizale sentikorrari kontraesan handiak sortzen omen dizkio bere magaletatik ibiltzeak. Halaxe mintzatu zitzaidan Julen, berarekin horretaz hitz egiteko aukera izan nuenean: “Badakit Everest ez dela lehengoa, baina gure ametsa zen”.

Julenen mendi ibilbidea “Mendiak eta Herriak” Felipe Uriartek sortu zuen mendi gidari elkarteari guztiz lotuta egon da. Mendi garaienak (Andeak, Pamir, Tian Shan, Himalaia..), euren esku ezagutu zituen eta Felipe-ren “estiloa” ondo mamitu du hortaz. Bera bezala, Zortzimilakoetan eskarmentu ezberdinak izan ostean, mendi gida bihurtzen zentratu zen Julen eta badira urte batzuk, batera eta bestera dabiltzala, jendeari mendiaren eta mendi ametsen mundua bere ikuspegietatik erakusten.

Julenek eta Uriartek hunkitu naute atzera ere. Euren azken erronka itzela baita, euren estilodun peto-petoa alajaina! : “Oxigeno euskarari” egistasmoaren barruan, Euskal Herri osoko gazte talde batekin Himalaiako xerpha herri aldera ez dute joko ba, hango kultura, hizkuntza eta mendiak ezagutzeko helburuarekin. Proiektuak bigarren partea izango du, sherpa herriko gazte taldea hona etortzean. Julen, Felipe, Fonbe, Iker eta gainerako partaideak, biba zuek! Chomologmako galtzagorriak lagun izan ditzazuen! Zuen “estiloak” luze jo dezala!

Idazkia laguntzen duen “Sherpa anonimoa” izeneko margolana, Joseba Arregi Erostarbe “Azpilleta” Oñatiko artista eta gudariak eginikoa da, euskal mendizaleak lagundu dituzten sherpen gorazarrez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide