Txinako sitsa, ezpelaren mehatxu larria

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Blanco 2018ko eka. 28a, 11:29
Txinako sitsa.

Joxe Blancok sarrera berria idatzi du Koldo Oleagaren laguntzaz. Lamuza Parkean arriskuan dagoen ondarea landu dute.

Lorezaintzaren historian ezpela oso espezie erabilia izan da lorategiak, hesiak eta egitura apaingarriak egiteko bere ezaugarriak direla eta: hosto iraunkor eta finak, inausketak ondo jasaten dituen zuhaixka erresistentea.

Oso espezie  erabilia izanagatik ere, landare aloktonoak nagusi diren ingurutako lorezaintza jokamoldeetan salbuespena da ezpela, bertoko landarea baita: Euskal Herriko Mediterraneoko isurialdean berez hasten da, Gorbeia eta Gorobeletik hegoaldera alegia, baita Piniriotan ere. Jauregi aristokraten lorategietan ezinbesteko osagaia izan da ezpela, Versalles ezagunetik Kanboko Arnagaraino, gure Lamuza parketik pasatuta; parkeko sarreran ditugu ezpelarekin egindako hesiak, lore talde ezberdinak barnebilduz irudi apaingarriak osatzen dituzten egitura tipikoak. Baina badira ezpelezko hesi gehiago parkean, San Rokerako eskaileretara joateko pasabidean, kasino aurrean eta Frontoiko sarreran, esaterako.



Duela urtebete ingurutik hona, hesi hauei erreparatu badiegu, kalteak antzeman ahal izan ditugu: hesi osoaren lehortzea, udal lorezainek egindako inausketa zorrotzak, hostoak janda, amaraun antzeko zera batzuk… Kalte horiek azalpena daukate eta  azken hamarkadan Europa osoan zehar ezpelari (lorategikoari zein naturalari) eragindako izurrite batean dago: Cydalima perspectalis, Txinako sitsa edo ezpelaren beldarra.

Duela 4 urte iberiar penintsulan detektatu zen lehenbizikoz, Galizian, non parke batzuk itxi behar izan ziren, artatu bitartean.

Sitsa honen beldarra hostojale aseezina da, eta batzuetan zurtoinak ere jan egiten ditu, landarearen heriotza azkartuz. Gainera, ziklo biologiko bizkorra eta emankorra du oso, urtebetean 5 belaunaldi emateko gai da eta.

Beraz, izurrite honen ahalmenak mehatxu larria suposatzen du, bai lorategietako hesietarako (aipatu bezala, asko ondare historiko-arkitektoniko garrantzitsuen parte), bai ezpelaren populazio naturalei, ondorio ekologiko larri eta neurtu ezinekin. Horrela gertatu da, Europan, Suitza eta Frantziako mendigunetako basoetan. Adituen ustetan, garai batean Txinatik inportatutako landareetan egon daiteke izurritearen zabalpena.

Gurean ere, sitsa honen kontrola zaila da, arerio naturalik ez du eta ezagutzen den bakarra Asiako liztorra da, hots, beste espezie inbaditzailea. Artatze eraginkor baten lehen pausua berehalako detektatzean omen datza eta horretako feromona tranpak erabiltzen dira (emeek arrak erakartzeko duten gai usaintsuak dira feromonak,) lehen bai lehen detektatzeko.

Ondoren hainbat zaintza erabiltzen dira, gai biologikoekin (bakteriak, parafina olioa, azadiraktina…)  gai kimikoekin (piretroideak) zein saneatze inausketekin.

Laudioko udal lorezainek  saio ezberdinak  egiten ari dira  gai horiekin guztiekin, eta emaitzak ezberdinak izaten ari dira: hil diren landareak egon badaude eta berpizten ari direnak ere. Erakundeen arreta eskatzen duen mehatxu larria zalantza barik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide