Zaila zen hamarkadako bortizkeria politikoari arrazoizko bukaera ematea. Aldatu behar zen urteetan elikatu den espirala, infinitora generamatzana. Mentalitate berria behar zen horri aurre egiteko. Eta paperak aldatu dira. Urteetan, ustez ETAren estrategiaren alde lerrokatu direnek, lorpen bezala hartu dute borondatezko armagabetzea.
Eta ustez momentu hau gehien aldarrikatu dutenak ez dira asebete agertu, ez dira batere poztu, ordea. Horregatik eskakizun maila igo behar izan dute: disolbatu, damutu, krimenak argitu… Horregatik, beti ukatu duten gatazka klabeetan agertu dira: “ETA garaitua izan da”, “irabazle eta galtzaileak daude”. Horregatik armagabetzeari buruzko zalantzak haizatu dituzte “tranpa”, “parodia” eta zulo gehiago ote dauden espekulatuz. Paradoxa honen aurrean etorri zitzaizkidan burura The Clash taldearen hitzak. “All the peacemaker, turn war officer”. Ustez bakegileak ziren horiek, gerra ofizial bezala jardun dute.
Ordea, “bakearen artisauak” deitu diren horiek beste gauza bat frogatu dute: batzen dituena ez zen ETArekiko jarrera, baizik eta ETA amaitzeko bide arrazoitsua, elkarrizketatua eta logikoa behar zela eskatzea. Eta horren faltan, kreatibitatearekin bide hori asmatzeko lanean jarri dira. Bakerantz urrats sendoak eman badira ere, ez da bake osoa lortu. Gaixo dauden presoen egoerarekin eta dispertsioarekin amaitu behar da. The Clash gogoraraziz, gerrarako ofizial gutxiago eta bakegile gehiago behar ditugu.