KRONIKA

Urduñako Lapiko Domeka

Aurtengo Lapiko Domekako edizioaren argazkia. / Aiaraldea.eus

Zezeilaren (otsailaren) 26an, Getxa Goi txistu taldeak dagoeneko tradizional bihurtu dan Lapiko Domeka kontzertua eskaini eben. Lapiko Domeka aratusteen osteko domeka dogu, behinola Orduñan bere ospatuten zana, eta aratusteetako jai “ofizialetan” behar egiten eudienek hartzean eudien parte (bereziki otsein eta neskameek). 2020an izan genduen kontzertuaren azken edizinoa; ondoren etorririko pandemiak eta osasun egoereak beharturik, urte bitan ezin izan genduen betiko formatuan ekarri: 2021ean geure sare sozialetan zabalduriko bideo bategaz ospatu genduen eta 2022an, oraingino osasun egoera gainditurik ez egoala, kalejireagaz gogoratu genduen antzinako jai hau. 

Aurten bai, atzenik, betiko formatuan itzulteko aukerea izan dogu, errepertorio nabar eta erakargarri bategaz, txistuak edozein musika mota joteko gai dala erakustearren. Getxa goi txistu taldeagaz batera, Amurrioko txistulariak izan doguz oholtzan, bai eta musika-konbo baten laguntzea bere: bateria-, kontrabaxu-, piano- eta gitarra-jole bana izan genduzan gure ondoan kontzertuan. Eskerrik beroenak guztioi, kontzertuko obrak prestetako harturiko denboreagaitik.

Atzengo urteetako dinamikea mantenduaz, aurten bere urte honeitako urteurrenak gogoratu doguz, bai eta Orduñako abestiak taularatu bere. Halantxe emon geuntson hasierea kontzertuari, “Recuerdos de Orduña” deituriko Schottisch-aren txistu talderako moldaketa bategaz: Sebastian P. Clavijok konposaturiko pianorako obra honen jatorrizkoa 1915ean dataturik dago eta Romulo Ibañez orduñar musikariaren papereen artean gordeten da. Ostean, Leonard Cohenen Hallelujah eskaini geuntsien entzuleai, pandemia urte latz honeitan utzi gaituezan pertsona guztien omenez, baina bereziki Angel Agirretxe tronpetari orduñarra akorduan, urtetan Lapiko Domeka kontzertuetan gugaz batera joten ibili zan musikaria berriki zendu jaku eta. Ganera, erakutsi genduen abesti honek euskal bertsinoa badaukola, eta euskara bera txistua lakoa dala aldarrikatu gura izan dogu: edozein lekutan eta abestigaz erabil daitekeen hizkuntza da euskierea, askotan euskaldunok extralurtar itxura dogun arren. Ideia haregaz etorriko da ondoko abestia, Englishman in New York (“extralurtarra naz, extralurtar legala, ingeles bat New Yorken” diño errepikeak). Ostean, Hawaii Five-0 telebista saio famatuaren soinu banda entzuteko aukerea izan eudien entzuleek.

Musika moderno honeik amaiturik, txistuaren betiko errepertoriora itzuli ginean, fandango, arin-arin eta biribilketa bana joten. Honegaz 2021an bete zan mendeurrena gogoratu dogu: 1921ean Epafrodito Landaluzek hiriko txistulari (tanbolinteru) plaza eskuratu eben, Orduñako atzengo udal txistularia izan zanak. Urteurren hau gogorarazoteko, “Epa”-ren lengusuak ziren Bilboko Udal txistulariak izan zirean Landaluzetarren errepertorioko “El lunes del Zapatero” eta “Porrusalda nº2” jo genduzan, honeik obrok Epak berak hurian jotakoak. Biribilketea, Oskorrik eginiko “Violetaren martxa” dogu, oraingo honetan egungo Bilboko Udal txistularia dan Sabin Bikandik txisturako ekarririk. Horretaz ganera, ikusterik izan dogu nola, jatorriz Violeta Parra abeslariaren obra bat euskarara ekarteko aukera ekosi ebela Oskorri taldeak.

Azkenik, musika unibertsala ekarriko genduen barriz bere, konbo guztiagaz batera, txisturako moldatua: Oihaneko liburua Disney-ren pelikularen soinu banda izango genduen batetik, itzuliriko abestien adibide paradigmatikoenetakoa izan leitekeana (baina oraingiño euskal bertsiorik ez ei dabena), eta azkenik Rock musikara egingo genduen salto Smoke on the Water abesti ezagunaren bertsio bategaz. Kontzertua musika mota horregaz amaituko zan, Orduñako Tick talde mitikoaren abesti bategaz, Pa’Orduña abestiagaz. Hasieran legez huriari eskainiriko abesti bat dogu, eta oraingo honetan abeslari originalagaz, Peri Ibañez musikari orduñarrak abestu eben eta obra hau, Tick taldearen bokalistea. Ibañez familiako kideekaz hasi eta amaitu genduen kontzertua; izan bere, Orduñan izandako eta oraingiño direan musikariak ekarri gura izan dogu akorduan, honein ogibidea beste bat izanik bere, eurek izan zirealako Orduña Bizkaiko Memphis goitizena jasoteko beharra egin eudienak.

Onaino kontzertuaren kronikea dozue, Getxa Goi txistu taldearen izenean, eskerrak emon behar doguz partehartzaile guztiai, bai gugaz batera joten hurretu zinean txistularioi eta baita bere konboan parte hartu zenduezan ganontzeko musikarioi, zeuron beharra barik ezingo genduen honelako kontzertua eskaini. Esker honeik luzatuten dira aurreko urtetan egon zirean musikarientzat bere, euron esfortzuen emaitza bere bada kontzertuak daukon harrerea. Atzenik, eskerrik beroenak kontzertua entzuten egon zinien entzule guztioi, zeurok zarie gure helburu nagusia eta zurok barik honelakoak egitea ez leuke zentzurik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide