Txema Urkijori erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Zabala Atxa 2017ko ots. 22a, 20:05

Daturik eta inolako funtsik gabeko baieztapenek sarritan aurreiritziak dituzte oinarri. Eta oraingoan, Txema, hala dela esango nuke. Esaten duzunean herri honetako udal-gobernuek -EAJk eta Ezker abertzaleak- sistematikoki sustatu dutela itunpeko hezkuntza pribatua, zertan oinarritzen zara hori esateko?

Lehenik eta behin, kontzeptu bat argitu nahiko nuke: 2011tik 2015era Bildu egon zen udal gobernuan eta 2015etik aurrera EHBildu koalizoa. Beraz, Ezker Abertzalea terminoa erabiltzea ez da batere egokia, eta hori zeuk ere badakizula ez dut zalantzarik.

Hori argituta, harira; “modu lotsagabe eta bidegabe batean” itunpeko hezkuntza pribatua sustatu dela diozu. Argi dago, ez duzula sare publikoko Laudioko eskolen aldetik izan diren eskarien eta egindako inbertsioen berri izan. 2011tik hona apustu sendoa egin da gure herriko ikastetxeen egoera hobetzeko. Lamuzan, Aretan, Latiorron eta Helduen ikastetxean urtero-urtero egin dira inbertsioak, obrak, hezkuntza programa ezberdinak... Horren berri izateko egin ezazu, jarri harremanetan hezkuntza komunitateko eragileekin (irakasleak, gurasoak…).

Lamuzako eskola komunitate osoarekin udal arduradunak elkarlanean dabiltza aspalditik. Horren lekuko dira abian jarritako zenbait ekimen.

Bestalde hurbiletik ezagutzen dut Lamuza Ikastetxean Guraso elkartea zein irakasleak egiten ari diren lana; eta zalantza barik, txalogarria da.

Edozelan ere, ezin ahaztu norena den sare publikoko ikastetxeetako ardura (eta hori irakaskuntzako sare publikoko langile batek diotsu): Eusko Jaurlaritzarena. Udalak baliabide askoz gutxiago izan arren, konpromiso askoz handiagoa erakutsi du. Irakaskuntzako langileok ederto ezagutzen ditugu hezkuntza (zein hizkuntza) politikek dakartzaten ondorioak (curriculuma, lan baldintzak, ratioak, ordezkapenak, formakuntza, eskola mapa…) eta hori ez dagokio, ez Laudioko Udalari ez Irungo Udalari. Beraz, bakoitzari berea.

Nire ustez, bideoklipa, iritzi artikulurako aitzakia baino ez zaizu izan, Ezker Subiranista egurtzeko, Espainiako esaera batek dioen moduan: “Komenturako, dena baliagarria”.

2011tik 2017ko urtarrilera, buru belarri aritu da Ezker Subiranista Udal Lanbide Heziketa Ikastetxea sare publikoan sartzeko, sasoi batean fraileen ikastetxea izan zena, gerora udal ikastetxea, eta egun sare publikoko ikastetxea.

Lamuzako Gurasoen Elkarteak sustatutako “Koloretako txoriak” laburmetraian, batek zioen moduan: “nondik gatozen ez dugu ahaztu behar” , txikitatik institutura joan arte Lamuzako ikasle izandako honek argi du iragana ahaztu barik, aurrera begiratu behar dugula, eta Eskola inklusiboa izan behar dugu helburu (sare batekoa edo bestekoa izan), denontzako eskola lehen urratsa izango baita guztiontzako Euskal Herria egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide