Hasi dira Laudion Etxebarri baserriko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Laudioko Udala 2023ko mai. 19a, 13:58
Etxebarri baserria./ Laudioko Udala

Lan horien bidez, Baserriaren hondakinen narriadura eta balio-galera kontrolatu nahi da, bere egonkortasuna bermatzeko eta gozamenerako gune gisa irekitzeko, segurtasun-baldintzetan.

Etxebarri baserrian aurreikusitako lanak astelehen honetan hasiko dira. Proiektua prestatzen eta obra kontratatzen hainbat hilabete eman ondoren, Laudioko Udalak Arquirest enpresari esleitu dizkio Etxebarri baserriaren aurrien egitura finkatzeko lanak. Enpresa hori da, besteak beste, Gasteizko Santa Maria Katedraleko lanen arduraduna.

Oraindik kontserbatzen diren hondakinen degradazioa dela eta planteatu da Baserriaren aurriak finkatzeko lanen lehen fase hau, hondamena kontrolatu, zutik geratzen diren fabriken egonkortasuna bermatu eta bertara hurbildu daitezkeen pertsonen segurtasuna areagotzeko. “Esku-hartzea egituran eta oraindik zutik dirauten kanpoko itxituretan oinarrituko da batez ere, Goikoplazako urbanizazioa Etxebarri baserria parte izango duen lorategi ireki handi batekin amaitzeko”, aurreratu du Ander Larrinaga Hiri Garapeneko zinegotziak.

Obrak 220.000 euroko aurrekontua du, eta datozen sei hilabeteetan luzatuko da. “Lan horiekin distira itzuliko diogu gure Etxebarri Baserri historiko eta enblematikoari, eta balioan jarriko dugu, herritarrek bisitatu eta ezagutu dezaten” amaitu du zinegotziak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide