Iñaki, zurekin 31!!

Laudio Ikastolako ikasleak izandako asko igo gara gaur Motxotekalen dugun bigarren etxera, urtero lez. Kide izandakoak agurtu ditugu, irakasleak egunean jarri ere bai, egungo ikasleak zein diren ikusi dugu eta gure adinaz kexatu gara. Batxilergo bigarren mailakoek, ohitura bihurtu den bezala, ekitaldi berezi bat prestatu dute, irakasleei burla egiteko. Ikuskizun bereziena, baina, irakasleena izan da, Iñaki Olalderi eskaini baitiote. LIBRE kamiseta laranja soinean zutela, kopla sorta bat bota diote ezustean Areto Nagusira iritsi berria zegoen kimikako irakasleari.

Zera da, ba, kontua: 2009ko urtarrilean atxilotu zuten gure FiKi-ko irakaslea. Orduan jakin genuen Teruel benetan existitzen zela, bertan egoteagatik etxean zituen azterketak bere emazteak ekarri zizkigunean. Ordutik, baldintzapeko askatasunean igaro ditu egunak, Madrilgo deia noiz jaso zain. Eta deia heldu da; Baltasar Garzónek abiatutako 4/08 sumarioaren baitan epaitua izaten ari da Iñaki.

Egun berezia izan da gaurkoa, beraz; besarkada eta animoak emateko aprobetxatu duguna.

DBH 4. mailan geundela, Fisika-Kimika klaseko 30 nerabeoi esaten zenigun bezala: "zuek 30 zarete, nirekin 31". Zurekin 31 garelako, Iñaki, LIBRE ETA ETXEAN NAHI ZAITUGU!! KLASEAN NAHI ZAITUGU!!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide