Europar Batasunaren Eramus+ egiaztagiria jasota, Amaurre Ikastetxeak bere hezkuntza proiektuaren nazioarteko alderdia indartu du

Amaurre Ikastetxeko arduradunak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Amaurre Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako nahiz DBHko irakasleek eta ikasleek diruz erabat lagundutako mugikortasun jarduerak garatuko dituzte. Gaurdaino, Euskadiko 8 ikastetxek bakarrik lortu dute Erasmus+ egiaztagiria.

Amaurre Ikastetxeak badu aurretiko esperientzia europar proiektuetan. 2019an, Maltako eta Irlandako ikastetxeekin lankidetzan, bere lehen proiektua lortu zuen, Save Our Second Languages, Europako hizkuntza gutxituen ikaskuntza eta erabilera sustatzera bideratua.  Azken bi urteetan, eta pandemia gorabehera, europar proiektuan parte hartzeak onura ugari ekarri dizkio ikastetxearen hezkuntza proiektuari, baita irakasle eta ikasle parte hartzaileei ere.

Hezkuntza komunitateak sare profesionalak eratu ditu herrialde desberdinetako irakasleekin; Lehen Hezkuntzako ikasleek hizkuntza gutxituak ikasi eta erabiltzeko jardunbide onak identifikatu ditu; irakasleen eta ikasleen ingelesezko hizkuntza konpetentziak hobetu ditu, eta begirada mundura zabaldu du, beste kultura eta errealitate batzuk ezagututa eta inklusioari, aniztasunari eta tolerantziari lotutako balioak sustatuta. Gainera, parte hartu duten familiek ez dute ezer ordaindu behar izan. Hortaz, aukera bikaina izan da, baliabide ekonomiko urriak dituzten familientzat, batik bat. 

Hona hemen Amaia Aldama ikastetxeko zuzendari pedagogikoaren hitzak: “Egungo mundua eta gure ikasleak haziko diren gizartea kontuan hartuta, beharrezkoa da hezkuntzari ikuspegi orokorrago batetik heltzea, eleaniztasunarekin, digitalizazioarekin, ingurumenarekin eta justizia sozialeko balioekin konprometituta dagoen ikuspegi batetik.

Horretarako, beharrezkotzat jotzen dugu gure irakasleek beste errealitate batzuk ezagutzea, jardunbide onak trukatzea, beste elkarte eta irakasle batzuekin elkarlanean aritzea eta nazioarteko proiektuak garatu eta kudeatzeko gai izatea".  

Erasmus+ egiaztagiria lortu izana urrats ikaragarria da helburu hori lortzeko bidean, eta, horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak bost urterako nazioartekotze proiektu estrategiko bat aurkeztu du, bost helburu nagusi biltzen dituena: 

  1. Inklusioa sustatzea, egingo diren mugikortasun ekintzetan erakutsiko diren errealitate desberdinak ulertuz. 
  2. Jardunbide jasangarriak bultzatzea, ikasleak egungo krisi klimatikoaren gainean sentsibilizatzeko beharrezko ezagutzak barneratuta. 
  3. Eraldaketa digital eraginkorra gauzatzea, erabilgarri dauden baliabideak erabiliz, begirada kritiko eta arduratsu batetik eta metodo tradizionalekin konbinatuta.  
  4. Hizkuntza konpetentzia hobetzea, ikasleena zein irakasleena. 
  5. Ikastetxearen hezkuntza proiektua nazioartekotzea, irakasleak Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetan lan egiteko gaitzeko.

2022-2027 aldirako jarduera planak bi mugikortasun une aurreikusten ditu: Lehen Hezkuntzan eta DBHn. 

Honela azaldu du Aldamak: “Gure ustez, askoz eraginkorragoa da bi mugikortasun ezartzea, ikasleen eskola ibilbideko bi une desberdinetan, bereziki iraupen luzeko mugikortasunen kasuan. Irakasleei dagokienez, atzerriko egonaldien fluxu egonkorra izatea gustatuko litzaiguke, ikastetxearen nazioarteko izaera instituzionalizatzeko, proiektu partekatu bat sortzeko eta Europako beste ikastetxe batzuekiko ezagutza fluxua eta lankidetza indartzeko. Mugikortasun horien konbinazioak ikastetxeari bultzada garrantzitsua emango liokeela uste dugu, eta oso mesedegarria izango litzatekeela hezkuntza proiektua hobetzeko, baita gure ikasleen hezkuntza esperientziarako ere”. 

2019an esperientzia pilotu gisa hasi zena, alderdi estrategiko bihurtu da ikastetxean, eta oso erakunde garrantzitsu batek ziurtatzen du, hots, Europar Batasunak. 

Amaitzeko, honako hau adierazi du Aldamak: “Ahalik eta gehien aprobetxatuko ditugu bost urteak, ikasteko, partekatzeko eta Europak eskaintzen dizkigun aniztasunaz eta aberastasunaz gozatzeko”. 

Amurriotik mundura eta mundutik Amurriora.

Zer da Erasmus+ egiaztagiria?

Erasmus+ (2021-2027) programa berriaren berritasun nagusia. 7 urtez finantzazio iraunkorra eskaintzen du, irakasleen edo/eta ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko. 

Lehentasunak
• Hezkuntza komunitate osoaren garapen profesionala sustatzea.
• IKTen eta metodologia berritzaileen erabilera sustatzea.
• Hizkuntzen irakaskuntza eta hizkuntza aniztasuna hobetzea.
• Jardunbide onen trukean laguntzea.

Onurak
• Ikastetxearen nazioarteko alderdia indartzea.
• Lankidetza sareak sortzea.
• Finantzazioa urtero bermatuta izatea.
• Mugikortasunak kudeatzeko malgutasuna izatea.
• Burokrazia gutxiago.
• Beste proiektu eta dirulaguntza batzuekin konbinatu ahal izatea.

Amaurre Ikastetxea

Amaurre Ikastetxea lerro bakarreko ikastetxea da, eta Haur Hezkuntzatik DBH4ra bitarteko irakaskuntza eskaintzen du (0-16 urte). Amurrion dago, eta Kristau Eskolako ikastetxea da. Helburu nagusitzat du ikasleari hezkuntza integrala eskaintzea eta balioetan nahiz maila akademikoan konpetenteak diren ikasleak prestatzea, gizartearekiko eta ingurumenarekiko konprometituak. Horretarako, honako hauek sustatzen ditu:• Tresna digitalen erabilera kritikoa (Sare Hezkuntza Gelan).

  • D eredua, ingeles indartuarekin eta Erasmus+ proiektuekin.
  • Partaidetza aktiboa Agenda 2030 programan, zeinaren helburua baita hezkuntza komunitatea jasangarritasunaren gainean sentsibilizatzea.
  • Inklusioa, tolerantzia, errespetua, duintasuna eta antzeko beste balio batzuk. 

Zenbakitan: 

  • 336 ikasle
  • 31 irakasle

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide