"Oso lasterketa gogorra izan da Marathon Des Sables, maila psikologikoan zein fisikoan asko eskatu du"

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Zalbide 2014ko mai. 15a, 10:16

CARLOS GUTIERREZ (Artziniega 1961) duela gutxi itzuli da Marokotik, Marathon des Sables lasterketa hirugarren aldiz amaitu ondoren. Askoren ustez munduko lasterketarik gogorrenetako bat da, eta aurten gainera ohi baino bero latzagoa izan dute lagun. Basamortuan izandako esperientziaz, bere kirol ibilbideaz eta mendian egiten diren “astakeriez” aritu gara hizketan kafe bat hartu bitartean.

CARLOS GUTIERREZ (Artziniega 1961) duela gutxi itzuli da Marokotik, Marathon des Sables lasterketa hirugarren aldiz amaitu ondoren. Askoren ustez munduko lasterketarik gogorrenetako bat da, eta aurten gainera ohi baino bero latzagoa izan dute lagun. Basamortuan izandako esperientziaz, bere kirol ibilbideaz eta mendian egiten diren “astakeriez” aritu gara hizketan kafe bat hartu bitartean.

Nola doa errekuperazioa, galdutako kiloak hartu dituzu berriz?
Bai, baten bat hartu dut. Ouarzazatera heldu nintzenean, azken etapan, hasieran baino 10 kilo gutxiago nituen. Egun horretan bertan 3 kilotxo hartu nituen eta orain lehen nengoen pisu daukat. Lehenengo kiloak oso arin berreskuratzen dira. Joan nintzenean 65 kilo inguru pisatzen nituen eta orain gutxi gorabehera horretan nago.

Dagoeneko Marathon des Sables-eko 3 ediziotan parte hartu duzu. Aurtengoaz zer esango zenuke?
Edizio berezia izan da, apur bat ezberdina. 2011, 2012 eta 2014koak egin ditut eta beharbada aurrekoa galdu izanagatik sentsazioak ahaztuta neuzkan neurri batean. Oso lasterketa gogorra izan da, maila psikologikoan zein fisikoan asko eskatu du, batez ere tenperaturak oso muturrekoak izan direlako. 47 graduko batez besteko tenperaturak izan ditugu, eta 50 gradutik gorako maximoak.

Jende askok lasterketa utzi behar izan du; antolakuntzak denbora-mugekin malgutasunez jokatu izan ez balu, 400 pertsona baino gehiago kanpoan geratuko ziren, guztira 1000 parte-hartzaile izan gara, atera kontuak beraz.

Aurten zure lagun Fernando Novalesekin joan zara probara. Zer moduz bikote-bizitza?
Oso ondo. Fernando, lagun handia izateaz gain, oso pertsona positiboa da, benetan erraza da berarekin korrika egitea, beti duelako irribarrea ahoan eta beti dagoelako laguntzeko prest. Niretzat atsegin handia izan da harekin korrika egitea. Berarentzat beharbada ez hainbeste, zeren nik badut berezitasun bat, eta da lasterketan orduak eta orduak ematen ditugun arren, nik ez dudala berbarik egiten, oso zentratuta noa, monosilaboekin erantzuten dut. Fernandok beti du hitz atsegin bat lagunentzat.

Nola moldatu zara gainontzeko korrikalariekin? Nolakoa da basamortuko elkarbizitza?                                                                                 Pentsa ezazu. Gainera aurten haima guztiz maskulinoa izan da… han barruan zaudela konparatzeko ez daukazunez ez dirudi hain usain txarra dagoenik, baina oso usain txarra dago.

Eta zaratei buruz zer esan; aurten Alemaniako mutil bat egon da gurekin eta gustua ematen zuen bera lotan ikusteak, berak baino ez zuelako lorik egiten! Gainera mutila tronpeta-jolea zen (hau benetan diot) eta solo ikaragarriak eskaintzen zizkigun, kar kar kar.

Hizkuntzen kontuan ez ei zara oso trebea, moldatu zara?
Tira, Ingelesa ikasi nuen lanbide-heziketan eta zerbait gogoratzen dut, baina bai, ez naiz asko moldatzen. Dena dela korrikalarien artean erraza da elkar ulertzea. Eta bestela beti dago mimikaz baliatzea, adibidez zure beharrizan fisiologikoak egiteko, imajina ezazu… kar kar kar. Marathon des Sables-en dena egiten da frantsesez eta ingelesez eta beti dago norbait jarraibideak eta azalpenak ulertzen laguntzen dizuna.

Gaiaz aldatuta, zu nahiko heldua zinela hasi zinen mendi-lasterketen mundu honetan, nolatan bada? 
Ni futboletik nator. Zortzi urtez aritu nintzen futbol federatuan, baina beti aritu izan naiz kiroletan. Gaztetan, adibidez, krosean aritzen nintzen; eta gero hasi nintzen futbolean. Eta praktikatu izan dudan beste kirol bat borroka-arteak dira (karatea, taewkondoa, boxeoa…), jende askok ez dakien arren.

Korrika egitearena apur bat kasualitatez hasi zen: Artziniegako futbol-taldean jokatzeko aukera eman zidatenean, lehenengo korrikaldian ez nuen nire burua ezagutu. Beraz, korrika egiten hasi nintzen, futbola egitearekin batera, eta futbola utzi nuenean korrika egiten segitu nuen. Eta ordutik aurrera gero eta gehiago: mundu honetan sartzen zoaz, probaren batean hartzen duzu parte, jendea ezagutzen duzu… nik Zallako Ubietamendi taldeko jendea ezagutzeko zortea izan nuen, eta haiek animatu ninduten mendi-lasterketetan parte hartzera, eta gaur arte.

Zuk barrutik bizi izan duzu mendi-lasterketen booma eta baduzu perspektiba zabala, zer gertatzen ari da, zoratu al gara?
Nik gogoan dut Avilan egin nuen 50 km-ko lehenengo lasterketa, duela urte batzuk dagoeneko, eta orduan distantzia hori ikaragarria zen. Ondoren, mendi-lasterketen boom bat egon da eta uste dut ahalik eta zailena egiteko asmoa dagoela, gizakiaren mugetatik gertu dauden distantziekin. Horren ondorioz geroz eta lasterketa gehiago dago, eta baliteke egutegia apur bat saturatuta egotea.

Nik uste dut jatorrira itzuli behar izango dela, lasterketa laburragoetara, eta denboran ere tartekatuagoak, jendeak benetan gozatu ahal izan ditzan. Egutegia berrantolatu behar da, lehen adibidez planteatzen zenuen euskal kopako egutegia egitea eta herrialde bakoitzean proba bat egiten zenuen, eta gero besteren bat hemendik hurbil, edo beste bat Madrilen, askoz gehiagorik ez. Gaur egun ordea ehunka lasterketa dago, eta uste dut hori antolatu beharra dagoela. Gozatu nahi baldin baduzu, ezin duzu hainbeste probatan parte hartu.

Uste duzu beraz gehiegi lehiatzen dela?
Kontua da ea zenbat kilometroko lasterketez ari garen? Iaz ez nintzen Sablesera joan eta gure inguruko ultratrailetan hartu nuen parte: Zallako Bira egin nuen entrenamendu modura, Soplaoko 120 kilometroak, Leitzako EH Mendi Erronak, Ehun Milak… azkenean kilometroak batzen dituzu eta esaten duzu: “ai ama”. Uste dut gai hau agian birplanteatu beharko genukeela eta ikuspegia apur bat aldatu.

Datorren urterako zein asmo duzu, MDS berriz egingo duzu ala ahalegin ekonomiko handiegia da beste urte baterako?                            Egia da ekonomikoki ahalegin handia dela. Nik zortea izan dut urte guzti-guztietan babesleak izan ditudalako, eta hori ez da erraza atleta ezezagun eta xume batentzat, zeren nik ez dut marka handirik egiten, baina badut probak amaitzeko konpromiso sendoa.

Datorren urtera begira alde batetik gustatuko litzaidake MDS berriz egitea, baina ez dut egingo. Badut buruan Lau Basamortuak izeneko proba bat, zeinean lau lasterketa egiten diren, bat Saharan, beste bat Gobin, beste bat Atacaman eta azkena Antartidan, baina hori egin ahal izateko enpresa baten laguntza beharrezkoa izango da, 20.000 euroko aurrekontua behar delako.

Badira oso erakargarria egiten zaizkidan beste lasterketa batzuk, adibidez Himalaiako 100 milak, baina horrek ere ahalegin ekonomikoa handia ekarriko luke, material asko erosi beharko nukeelako, alturan entrenatu… proiektuak badaude, baina aurrea ez badoaz bertoko probetan parte hartuko dut, hemen ere oso lasterketa ederrak daudelako.

53 urte dituzu. Nola ikusten zara hemendik 10 urtera? Oraindik korrika?
Bai, korrika egiten ikusten dut nire burua, belaunek kontrakoa esan arte behintzat. Urterik urtera zailagoa da mailari eustea, baina mendiak asfaltoaren aldean duen abantaila da luzaroago uzten dizula jardueraz disfrutatzen. Aurten adibidez 72 urteko gizon batek egin du Marathon des Sables. Beraz, dituzun mugak aintzat hartuta, mendiak gozatzen jarraitzen uzten dizu. Nik maila fisikoan zortea izan dut eta lesioek errespetatu egin naute, eta hori oinarrizkoa da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide